GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Korrika 16-ren bukaera

«Sentitu, pentsatu eta ekin euskaraz!» oihukatuz, hurren arte esan du Korrikak

Korrikari ongi etorri esan zion Tuterak martxoaren 26an, eta hurren arte esan zion Gasteizek atzo. Jende uholdea bildu zen Arabako hiriburuko Andra Mari Zuriaren plazan eguerdi partean, eta beste hainbeste ibili zen goiz osoan lekukoari laguntzen. Pirritx eta Porrotxek irakurri zuten amaieran egurrezko lekukoan gordeta egon den idazkia. Zabaldutako mezua, kontuan hartzekoa: «Bihotza, burua, eskuak! Sentitu, pentsatu, ekin!», betiere, euskaraz.

p002_f01_148x232.jpg

Amaia ZURUTUZA | GASTEIZ

Amaitu du bere ibilbidea. Korrikak, noski; ez euskarak. Atzo, 13.00 aldera, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza milaka eta milaka euskaldun eta euskaltzalez beteta zegoen Korrika bertara iritsi zenean. Txalo zaparrada eta gure herriko hizkuntzaren aldeko oihu artean, «Euskal Herrian euskaraz!» aldarrikatuz, egin zion harrera jendeak.

Edurne Brouardek AEKren ordezkari gisa hartu zuen lekukoa Kontseiluko Xabier Mendigurenen eskutik, Korrikaren azken txanpari ekiteko, 2.503. kilometroan. Korrika antolatu, eta are gehiago, euskararen alde egunero-egunero jarduten duen helduen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundearentzat izan ziren azken uneko milaka eta milaka txaloak.

Ez ziren handik urrun Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak. Euren jantzi koloretsu eta alaiekin, lekukoa hartu eta plazaren goialderaino egin zuten korrika. Izan ere, atzo azkenean jakin genuen eurak, gure herriko hainbeste umek eta ez hain umek biziki maitatu, eta euren abestiekin kantu kantari aritzera bultzatzen duten pailazoak izan direla aurten, pasa den martxoaren 26an Tuteran abiatu eta gure herriko hamaika txoko zeharkatu dituen Korrikaren lekukoak zeraman mezu sekretuaren idazleak.

Maitasun gutuna izan liteke atzo Pirritx eta Porrotxek milaka pertsonen aurrean irakurri zutena, euskararekiko maitasunaren adierazle.

Eskerrak AEKren izenean

Asier Arrondok ere hartu zuen hitza plazaren goialdetik, AEKren izenean. Lehenik eta behin, eskerrak eman zizkieten «lasterketa erraldoi eta arrakastatsuan», lagundu duten guztiei: euskalgintzan dabiltzanei, euskaltzaleei, euskaldun eta euskaldundu nahi duten guztiei, bertakoei zein kanpokoei. Arrondoren hitzetan, lehen Korrika 1980. urtean egin zenetik, euskararen aurkako jarrerak samurtu egin dira, eta bidean egindako lana handia izan da. «Baina, oraindik ere, egiteko asko dugu», esan zuen. Gogora ekarri zuen, UNESCOren azken iritzien arabera, euskara oraindik ere galzorian dagoen hizkuntza gutxitua dela, eta hori ez dela ahaztu behar. Gutxi batzuk «konfrontazio linguistikoa areagotzeko» egin dituzten deien aurrean, berriz, mezu argia du AEK-k: «Gurea ofizialtasunaz harago doan aldarrikapena da. Euskal Herria Euskalduna aldarrikatzen dugu, bizitzaren arlo guztietan: familian, lagunartean, lanean, harremanetan».

Hitz edo asmoetatik harantzago joateko, «hau guztia benetan gauza dadin», denon parte-hartzea beharrezkoa dela eta herri-erakunde eta instituzioen eguneroko lana ere behar-beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

«Guk, hemen bildu garen guztiok, hamar egunetan zehar, gau eta egun, euripean eta eguzkitan, geure esku eta oinen indarra erabilita lekukoa honaino ekarri dugun guztiok, argi erakutsi dugu euskara berreskuratu nahi dugula», aipatu zuen. Nahi izatea, baina, askotan ez da nahikoa izaten. Izan ere, Arrondok argi adierazi zuen «Euskal Herriko instituzio, alderdi politiko, jendarte eragile, merkatari, enpresa eta abarrak ere», konpromisoak hartu behar dituztela, «behingoz, herritarroi euskara ikasteko eta erabiltzeko dugun eskubidea berma diezaguten». Horretarako, «hizkuntza politika instituzioetan bultzatu, administrazioa euskalduntzeko neurri eraginkorrak erabili, umeen hezkuntza eta helduen euskalduntzea eta alfabetatzea indarberritu, lan munduaren euskalduntzea bizkortu, komunikabideak eta euskal kultur jarduna sustatu, dirulaguntza politika aztertu eta diru baliabideak handitzea» beharrezkoa dela adierazi zuen.

Azken kilometroak

Ederrak izan dira zinez Korrikaren egun hauek, baina Arrondok esan bezala, «euskarak, Korrikak bezala, pausoa arin eta gelditu gabe egin behar du aurrera», eta denon parte-hartzea ezinbestekoa da horretarako.

Bestalde, Gasteizeko Andra Mari Zuriaren plazara iritsi aurretik kilometro mordoa burutu zituen. Azken tartean, eragile asko izan ziren lekukoa eraman zutenak, besteren artean, Kontseilua, Ikastolen Konfederazioa, sindikatuetako ordezkariak, Udalbiltza, EHIGE, amnistiaren aldeko mugimendua, gazte independentistak, txosnen batzordea, Blusen elkartea, Ahaztuak, Emakunde, EAJ, EA, Aralar, Gasteizko Udala, UEMA, Lakuako Gobernua eta Arabako Aldundia. Ezker abertzaleak ere eraman zuen lekukoa Gasteizen, eta oso une hunkigarria izan zen, besteren artean, Amparo Lasheras, Iñaki Olalde eta Arantza Urkaregi, duela egun gutxi libre geratu diren militante abertzaleak, izan baitziren lekukoari laguntzen, beren kide Tasio Erkizia, Ino Galparsoro, Marian Beitialarrangoitia eta Aitor Bezaresekin batera.

Goiz samar sartu zen Korrika Gasteizen, eta bertako herritarrak gogotsu egin zuten salto kalera Korrikaren azken egunean, euren auzoetako kaleetan korrika egitera. Auzoz auzo jendetza batu zen kale bazterretan eta lekuko eramaile asko ikusi genituen, besteak beste: Zaramagako suhiltzaileak, kamioi eta guzti; Apaiz koordinakundea; Abetxukoko Txalamako txalaparta eskolakoak; Bretainiako lagun talde bat: Mercedes, Aernovako, Vital Kutxa nahiz Elektrako langileak; Bartzelonako Euskal Etxeko Aitor Arruti; ikastola eta eskola ugari; Eztanda Norteko lagunak, Alaveseko jokalariak, Baskoniako kideak...

Goizaldean, Gasteizera heldu aurretik, Gipuzkoan ibili ziren korrikalariak, Bergara, Antzuola, Urretxu, Zumarraga, Legazpi, Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzan. Eta herri hauetan ere jende mordoa izan zen. Leintz Gatzagarako igoeran Hiru sindikatuak kamioi eta guzti egin zuen bat euskararekin.

Amaitu da, bada, Korrika; 2.504 kilometro gelditu gabe bete dituen euskararen aldeko martxa erraldoia, herriari ahotsa ematen dion ekimena. Eta herriak hitz egin du, esan du, ozen asko, Euskal Herrian euskaraz bizi nahi duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo