GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Emakumezkoen futbola oso indartsu agertu da Zarauzko hondartzan

Zarauzko hondartzako futboleko torneoak beti izan du ospe handia. Kirol honek aldakuntza dezente izan ditu eta zaila egiten da lehen zuen ospea mantentzea. Hala ere, azkeneko bost bat urteetan emakumeak agertu dira, eta beren lehiaketa, gainera, indartsu dator.

p038_f02.jpg

Jon LEUNDA

Kontxako eta Zarauzko hondartzako lehiaketak izan dira ospe eta izen handikoak hondartzako futbolaren barruan. Bi lehiaketa hauek Gipuzkoako futbolaren harrobitzat hartu izan dira. Futbolak, ordea, aldaketa asko izan ditu azken urte hauetan, eta bi lehiaketa hauek beherantz egin dute, eta ez dute orain dela urte batzuk zuten indarra. Hala ere, biek aurrera egiten dute, eta Zarauzko hondartzan, emakumezkoen torneoa sekulako indarra hartzen ari da.

«Orain dela bost bat urte hasi ginen jokatzen. Hasieran zortzi talde izan ziren, baina urtetik urtera gora doa, eta uste dut horrela jarraituko duela», dio Aitziber Garmendiak, Arazi Txangurro taldeko jokalaria da bera, eta lehiaketa honen bultzatzaileetako bat. Izan ere, Zarauzko txapelketa honetan, lehen zelai handian edota areto futbolean ibilitzako jokalari ugarik egin dute topo. Bertan, Añorgan, Oiartzunen edota Hegoalde taldeetan jokatutako hainbat lagun ikus daitezke, eta ez hiru horietakoak bakarrik, baita beste hainbat taldetan ibilitakoak ere.

«Hasiera batean honen antolatzaileek ez zuten uste guzti hau lortuko genuenik», dio Aitziberrek. «Badakizu, emakumeok askotan temati samarrak izaten gara, eta egin behar genuen horrekin aurrera egin genuen. Zortzi bat talde izatea beharrezkoa zela esan ziguten. Talde bakoitzak hamabost bat fitxa behar ditu. Azkenean, dena lortu genuen, zortzi talde osatu genituen, eta hortxe abiatu zen lehiaketa», eransten du.

Izan ere, hasiera hura oraindik gertu badago ere, gauzak aldatuz doaz, eta hobera, gainera. Torneoak indar handia hartu du, talde kopurua gehitzen ari da, eta joko maila ere bai. «Argi dago mailak gora egin duela. Lehen futbolean edo areto futbolean ibilitako jende asko dago. Hasiera batean helburua ongi pasatzea zen. Helburu horrek orain ere bere horretan jarraitzen du, baina horri irabaztea gehitu zaio. Lehiakortasun handia dago, eta talde bat osatzerakoan ez da edonorengana joaten. Baldin badakizu norbait futbolean edo areto futbolean aritu dela, eta utzi egin duela, haren bila zoaz. Taldeak ere gero eta indartsuago datoz», dio Aitziber Garmendiak.

Futbolean bertan ere gauzak nabarmen aldatu dira. Orain dela urte batzuk, lokatza ohikoa izaten zen zelaietan, eta are gehiago aurtengo moduko negua eginez gero. Orain, ordea, belar artifiziala duten zelaiak dira gehienak, eta han ez dago lokatzik. Hondartzako futbolean, ordea, askoz gehiago zikindu behar da, eta gogorragoa da. Gaur egun, bai mutilek, bai neskek, zelai moderno horietan jokatzea nahiago izanda, hondartzako lehiaketak duen xarmaz hitz egiten du Garmendiak.

«Oso giro berezia da. Egia da, zelai arruntean edo kiroldegi batean jokatzea baino askoz ere zailagoa dela hau. Hemen jokatuz, askoz ere gehiago nekatzen zara. Hondarraren arabera ere izan ohi da, baina izaten dira egunak, gogor-gogor eginda zaudenak. Futbolean aritu eta hurrengo egun batzuetan mugitzea nekeza egiten den astelehenik ere izaten da, baina honek xarma berezia du. Behin hasi, eta gero uztea zaila izaten da», dio zarauztarrak.

Giro bikaina

Izan ere, torneo honen inguruan sekulako giroa sortzen dela onartzen du Aitziberrek: «Eguraldi ona eginez gero, partiden garaian jende asko batzen da partidak ikustera, eta giro berezia izaten da, han hondarretan. Finalen egunekoa ere zirraragarria izaten da. Dena amaitutakoan bazkari bat izaten da, eta egun osoa ematen dugu elkarrekin. Jende askok hurrengo eguna jai hartzen du, finalen egun horretaz nahi adina gozatzeko», diosku Arazi taldeko jokalariak.

Partidak jokatu aurretik, ordea, lana ere egitea egokitzen da, izan ere, hondartza ez da zelai arrunt bat, eta aurretik dena prestatu behar izaten da, eta amaitutakoan lehen bezala utzi: «Aurretik zelaia markatu behar da. Dagokion moduan jarri behar da, gero futbolean aritzeko. Gero ateak ekarri, jarri, dena egin behar izaten da. Amaitutakoan, atzera ateak hartu, eta txukun-txukun gorde behar dira. Egin beharra dago, baina pozik egiten dugu», esaten du Aitziberrek.

Zelaia atontzeak ematen duen lanaz gain, dirua ere batu behar izaten da. Parte hartzeko ordaindu egin behar izaten baita. Baloiak erosi behar izaten dira, eta epaileak ere ordaindu behar dira. Jantziak ere lortu behar dira, beraz kostu batzuk izaten dira, eta horri aurre egiteko babesleak ere bilatu behar izaten dira.

«Hemen lehiatzeko dirua behar da. Izena emateko ordaindu behar da, baloiak ere guk jartzen ditugu, eta epaileak ere bai. Nahiz eta partidak beti Zarauzko hondartzan jokatu, beti talde bat izaten da `etxekoa', eta bestea `kanpokoa'. Etxeko bezala aritzea egokitzen zaionak egin behar ditu lan horiek. Jantziak ere behar ditugu, baina normalean denok topatzen ditugu babesleak. Hemen parte-hartzeak izena ematen du, komunikabideetan ateratzen zaituzte, jende asko doa ikustera, eta enpresen izen hori asko erabiltzen da, beraz, ez da arazorik izan, orain arte, behintzat, babesle horiek topatzeko, eta aurrerantzean ere ez izatea espero dut», dio Garmendiak.

Aitziber bera ere lehen futbolean ibilitakoa da, eta bera bezala zelai handian edo txikian jokatutako ugari dabiltza, eta horrek maila asko hobetu duela onartzen du: «Lehen futbolean ibilitakoak gara gehienak, eta hori nabaritzen da. Lehiakortasun hori zainetan daramagu, eta hori ikusten da. Añorgan, Oiartzunen, Anaitasunan edo Lagun Onak taldeetan ibilitako ugari dago, baita beste talde batzuetakoak ere. Ligan lehen postuan Rovellik amaitu du, Tolosako taldeak. Jokalari gehienak Hegoaldean aritutakoak dira, areto futboleko Ohorezko Mailan. Gero, Kupela taldea dago. Hor eskubaloian jokatutako jendea dago, eta batzuk orain ere aritzen dira», esaten du.

Zortzikoa

Nesken hondartzako futbolean zelaia mutilena baino laburragoa izaten da, eta zortzi jokalarik osatzen dute, atezainak, eta zelaiko zazpik. Bi zati izaten dira, eta bakoitzak 35 minututako iraupena izaten du. Partidak, beti, marearen arabera antolatzen dira, marea behean dagoenean izaten baita, eta partidak dauden egunean, Zarauzko hondartzaren itxura liluragarria izaten da, hondartzaren alde batetik besteraino futbol zelaiak osatzen baitira.

Baloiak zelai handian erabiltzen diren berak izaten dira, eta arautegia ere ia bertsua erabiltzen dute. Jokoz kanpokoa aldatzen da, eta hori zazpiko futbolean egiten den moduan egiten dute. Area handiko marra, alboko marraraino luzatzen da, eta handik aurrerakoa izaten da jokoz kanpo.

Oinetakoak erabiltzen dituzte neskek, areto futboleko zapatilak izaten dira, eta hor badute mutilekin beste ezberdintasun bat, horiek hanka hutsik jokatu behar izaten baitute. Parte hartzen duten jokalarien adinari begiratuta, ezin esan gaztetxoak aritzen direnik, nahiz eta adin guztietakoak diren: «Adin guztietakoak gara, baina askotan lehen futbolean aritutakoak gara. Aurten ez, baina lehen amak direnak ere aritu izan dira jokatzen», dio Aitziber Garmendiak.

Lehiaketa unerik beroenean dago, Ligako finalerdiak ari baitira jokatzen. Martxoko azkeneko igandean jokatu zituzten joanekoak, eta bertan Rovellik Xixario Erretegiari irabazi zion, eta Arazi Txangurroren eta Oteizaren arteko dema, berriz, berdinean amaitu zen.

Itzulerakoak apirilaren 19an jokatuko dira, eta apirilaren 26an, berriz, final handiak izango dira. Ligako lehenengo laurek bakarrik lortzen dute, ordea, finalerdietan sartzea, beste guztiek Kopan sartzen dira, eta haiek norgehiagoka bakar batera jokatzen dituzte kanporaketak, finaleko eguna egun berean izateko.

Talderik gehienak zarauztarrak dira, baina ez denak, Aitziberrek dioen moduan: «Gehienak gara zarauztarrak, baina badaude kanpokoak ere. Ligako finalerdietan, esaterako, Rovelli eta Xixario Erretegia daude. Lehenengoak Tolosakoak dira, eta bigarrenak, berriz, Oriokoak. Dena dela, talde gehienak zarauztarrak izan arren, talde bakoitzean bat baino gehiago dago kanpokoa dena. Azpeitiarrak, azkoitiarrak, getariarrak, donostiarrak, hainbat herritako jendea egoten da taldeetan», dio Garmendiak.

Horrek entrenamenduak behar bezala egitea galarazten omen du, baina jendea ondo prestatuta omen dator: «Hasi ginenean talde guztiak entrenatzen ginen, baina leku ezberdinetako jendea baldin badago taldean, asko kostatzen da hori lortzea. Hala ere, jendea oso prestatuta dator. Bere kabuz kirola egiten du, eta sasoiko heltzen dira partidetara. Alde horretatik ez dago inongo arazorik», dio jokalari zarauztarrak, izan ere, emakumezkoen futbolean eta emakumezkoen areto futbolean izen garrantzitsuak izan diren jokalari bat baino gehiago ikusten da Zarauzko hondartzan lehiatzen.

Etorkizun oparoa

Torneo honek indar handia hartu du, antolatzaileek hasieran uste zutena baino handiagoa; agian, hau bultzatzen aritu ziren neskek uste zutena baino gehiago ere bai, baina gauzak ongi egin dituzten eta ongi egiten ari diren seinale ere bada hori.

Denek garbi dute honek aurrera egingo duela, eta gero eta indar handiagoarekin: «Nik uste dut baietz. Agian aurten aritu den talderen batek heldu den urtean utz lezake, baina besteren bat edo bi agertuko dira, horretan ez daukat inongo zalantzarik. Aurrez aipatu bezala, lehiakortasuna gero eta handiagoa da. Hamahiru talde baldin bagaude hemen jokatzen, horietatik zortzi bat txapelketa irabaztera ateratzen gara, eta horretara gatoz jokatzera, baina guztiaren gainetik, ongi pasatzea da helburua, eta hori ere ederra da, baita lehen zurekin aritu den jendea ikustea ere. Gero, hor batzen den giro hori ere xarmangarria da, eta guzti honek indarra hartu du, eta seguru nago gero eta talde gehiagok nahiko duela hemen parte hartu. Hasteko zortzi talde ginen, eta oso urte gutxian kopuru horri beste bost talde gehitu zaizkio, eta hori oso berri ona da», aitortzen du Aitziberrek.

Orain txapelketako alderik politena geratzen da. Alde batetik Ligako finalerdien itzulera, eta Kopako finalerdiak, eta apirilaren azkeneko igandean, berriz, final handiak. Horrekin amaituko da aurtengo denboraldia, eta batzuek helburuak bete ahal izango dituzte, eta beste batzuek, berriz, ez. Hori ahaztuta, datorren urteari begira jarriko dira hainbat, berriro ere lehiaketa abian jarri, eta dena hobetzeko asmoarekin. Aurtengo jokalari batzuek jarraituko dute, eta beste batzuek ez, baina haien lekua berri batzuk hartuko dute, lehiak orain arte bezala jarraitzeko.

«Beti ari zara utzi behar duzula esaten, garaia dela, baina hau barruraino sartzen da, eta berriro ere aurrera edo atzera egiteko ordua heltzen denean, aurrera egiten duzu. Honek badu zerbait berezia», esaten du Aitziber Garmendiak.

Bera eta bera bezalako hainbati esker jokatzen da emakumezkoen torneo hau, urtetik urtera hobetuz, eta horrela segitzeko itxaropenarekin. Partidak dauden egunean Zarauzko hondartzatik txango bat egin nahi duenak, hainbat eta hainbat partida ikusi ahal izango ditu. Hasi gaztetxoenetatik, eta handienetaraino, bai mutilak, bai neskak.

Han ez dago ez harmailarik, ez hesirik, eta horrek zirrara berezia ematen du. Garbi dago han aritzeko, gogoak ere handia behar duela izan, ez baitago aldagelarik, ezta dutxarik ere. Eguraldi ona egiten duenean denak gustura, txarra egiten duenean, nolabait moldatu, eta aurrera. Guztia hain ongi joatearen ardura ere badu Zarautz Kirol Elkarteak, eta garbi dago, honek beste urte askotan ere jarraitu behar duela.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo