GARA > Idatzia > > Kultura

EIEren Batzar Nagusian, idazleen topaketa berritua eta poesia jardunaldiak mintzagai

Euskal Idazleen Elkarteko Batzar Nagusia izan zen larunbatean eta bertan, balantzea egin eta aurrekontuak onartzeaz gain, hainbat egitasmoren berri eman zuten, idazleen eta poeten arteko topaketen berri, kasu.

p058_f01_148x92.jpg

GARA | URRUÑA

Larunbat goizean Urruñako Biltoki elkartean zuten hitzordua Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) kideek 2009ko batzar nagusiari ekiteko. Bertan, iazko balantzea eta aurrekontuak azaldu zituzten eta denen artean eztabaidatu ondoren, onartu egin zituzten. Fito Rodriguez EIEko lehendakariak hasiera eman zion ekitaldian, aurtengo egitasmoek piztu zuten, halere, interesik biziena. Horien artean, Idazleen Topaketak, Galeusca eta Idazlearen Etxeaz mintzatu ziren bertaratutakoak.

Hala, aurtengo Galeusca -idazle katalan, galiziar eta euskaldunen elkarteen federazioa- Arantzazun izango dela iragarri zuten. Katalunia gonbidatutzat izango duen Durangoko Azokako egitasmoa ere onartu zuten.

Proiektu berriak

Egitasmo berrien artean, iaz lehenbizikoz izan ziren Idazleen Topaketez aritu ziren bildutakoak. Aurtengo edizioa aldaketaz betea etorriko dela iragarri zuten, eta nabarmendu zuten adin guztietako idazleek parte hartu ahal izango dutela bertan.

Topaketak datorren maiatzaren 1etik 3ra, Nafarroako Bakaikuko aterpetxean egingo dituzte eta talde lan bat sortu beharko dute bildutakoek. Egun horietatik ateratako testuak musikari batzuen eskuetatik igaroko dira ondoren, eta EIEk den-denak disko batean kaleratzeko asmoa agertu zuen.

Ez dira horiek izango, halere, 2009rako iragarritako topaketa bakarrak. Izan ere, Extremadura-Euskadi I. Poesia Topaketak ere antolatu dituzte. Asmoa, bi herrialdeetako belaunaldi ezberdinetako hiruna poeta bildu, eta han-hemen saio batzuk prestatzea da. Ekimenaren oinarria, 2005ean egindako «Pirineus» izeneko topaketetan aurkitu dute. Orduan, Kataluniako eta Euskal Herriko poeten arteko topaketak burutu zituzten.

Joan den ostegunean EIEk eta Pasaiako Udalak sinatutako hitzarmenak ere piztu zuen kideen arreta batzarrean. Adierazi zutenez, hil honetatik aurrera euskaraz edo eremu urriko beste hizkuntzez (katalanez, galizieraz, bretoieraz, frisieraz eta abar) jarduten duten idazleek beren etxea, Hugoenea, izanen dute Pasai Donibanen. Herriaren izaera eta historia berreskuratu nahi dute ekimen honekin eta lasai lanean aritzeko tokirik ez duten idazleei gustura lan egiteko eremu egoki bat eskaini nahi die idazleen elkarteak.

Batzarrari amaiera ematean heldu ziren baina, momenturik gozo eta hunkigarrienak. Lehenbizi, EIEren sorreratik bertako langilea den Bego Andonegiri omenalditxo bat egin zioten, eta bigarrenik, azken hilabeteetan zendu diren eta idazleen elkarteko bazkide ziren Gotzon Garate, Hernike Knör, Xabier Diharce Iratzeder eta Antonio Zavala gogoan hartu zituzten bideo baten bidez.

Zuzendaritza Batzordeko kide berriak ditu EIEk

Zuzendaritza batzordeko kide berriak ere izendatu zituzten larunbatean eginiko batzar nagusian. Hala, Aitor Txarterina, Asier Serrano eta Patxi Salaberria hautagaiak onartu zituzten. Txarterina bilbotarra irrati esatari, komikigile, marrazkilari, gidoilari eta zutabegile lanetan aritua da; Serrano kantariak hainbat poema liburu ere argitaratu izan ditu eta Salaberria idazle eta irakaslea Euskal Gordailuaren bultzatzailea izan da.

Bestalde, hiru kidek, Ixabel Etxeberria, Fernando Morillo eta Leire Bilbaok, Euskal Idazleen Elkartea uzteko erabakia hartu zuten. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo