GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Segoviarrak protagonista izan dira Euskal Herrian

p046_f02.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Urrezko Aizkorako bigarren kanporaketako bi jardunaldiak jokatu dira asteburu honetan, eta segoviarrak izan dira protagonista nagusiak, izan ere lehiaketa honetan Euskal Herrikoak ez diren bi aizkolariek aurrera egin dute, eta itxura bikaina emanez, gainera.

Herenegun Zegaman izan ziren bi kanporaketa, eta Rodriguez gaztea izan zen nagusi proba guztiak irabazita. Segoviarrak oso lan ona egin zuen, eta amaieran bere helburua bete zuen. Bigarren, aurrera egiteko faboritoetako bat geratu zen, Mugertza III.a. Mutrikuarrak ere hurrengo kanporaketan aritzeko txartela lortu zuen.

Beste seiak, berriz, kanpoan geratu ziren. Elorriaga izan zen hirugarren eta laugarren Esnaola. Hauen atzetik, Llanos eta Erasun sailkatu ziren, eta lehen saioan kanpoan geratu zirenak, berriz, Zubizarreta eta Urteaga izan ziren.

Kanporaketa honetan zen izatekoa Alkizalete I.a, baina asteasuarrak zenbait arazo ditu, eta ezin izan zuen parte hartu. Haren ordez neurtu zen Llanos arabarra.

Atzo, berriz, saioa Urdiainen zen, eta han ere segoviarra nagusi, Rodriguez I.a, bestearen aita, nahiz eta atzo bigarren geratu zen. Hala ere, honek ere hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu zuen.

Onena Beltza izan zen. Lehen kanporaketa irabazi zuen, eta bigarrenean ere aurrera egin du, berriro ere irabaziz, gainera. Atzokoan ere itxura ona eman zuen. Berak eta segoviarrak lortu zuten aurrerako bidea egitea.

Atzokoan, berriro ere doi-doi, baina kanpoan geratu zen Elorriaga. Urdiainera Gari Larretxearen ordez joan zen, honek min hartu baitu eta azken unean ezin izan baitzuen joan, eta herenegun hirugarren izan zenez, Zumarragakoak beste aukera bat izan zuen, baina berriro ere posturik txarrenean geratu zen.

Amillano sailkatu zen laugarren, Mendieta bosgarren, Kañamares III.a seigarren, Alkizalete II.a zazpigarren eta Erdozia azken.

Datorren asteburuan ere beste bi kanporaketa jokatuko dira. Larunbatean, 19.00etan hasita, Etxebeste, Ugarteburu, Saralegi, Olano, Jauregi, Patxi Mindegia, Barberena eta Mugertza II.a lehiatuko dira Lekunberrin.

Igandean, berriz, Beran arituko dira 12.00etatik aurrera, eta han Rodriguez I.a, Rodriguez II.a, Mugertza III.a, Beltza, Txapartegi, Senosiain I.a, Mugertza I.a, Ohian Larretxea, Xabier Mindegia, Kañamares II.a, Castro eta Mujika izango dira. Orain arte, bezalaxe, torneo baten moduan jokatuko dira bi saioak, beraz, proba laburrak eta azkarrak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo