GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Hasieran kosta arren, txapeldunek ez dute barkatu, eta finalerdietatik gertu dira

Jon LEUNDA | BAIONA

Ibarrolak eta Ozafrainek aurrera urrats handia eman zuten herenegun Etxeberriri eta Harizmendiri 40 eta 23 irabazi ostean. Hiru partida jokatu dituzte, horietako bi irabaziz eta bat galduz, eta gutxienez finalerdiak jokatzeko aukera handiak dituzte.

Partidak bi zati ezberdin izan zituen. Hasieran, galtzaileak oso indartsu abiatu ziren, presio handia jarriz, eta erritmo biziarekin. Hortaz, hamahirugarren kintzera bitarte aitzinetik joan ziren, baina hortxe amaitu zen norgehiagoka.

Hau da, 13-13 berdinduta egon ostean, irabazleek 7-0ko partziala lortu zuten, eta 20-13koa jarri zuten markagailuan. Galtzen doanean, eta aldea dezentekoa bada, Etxeberrik oso azkar etsitzen du, eta atzo ere horixe gertatu zen, hortik aurrera neurketa bota egin baitzuen. Huts asko egin zituen, opariak ere bai, eta egungo txapeldunek ez zuten aukera hori alferrik galdu.

Oren bat iraun zuen partida honetan ondoko hauek izan ziren partzialak: 0-4, 4-4, 6-6, 13-13, 20-13, 32-19, 38-21 eta 40-23. Ibarrolak 11 tanto egin zituen hasierako jokaldiari esker, eta Etxeberrik, berriz, 6.

Gaur ere partida izango da, eta Donibane Garazin, 17.00etatik aurrera Bielle eta Ducassou Sorhueten eta Etxetoren aurka neurtuko dira. Azken hauek dira irabazteko faborito nagusiak, eta gaur aurreikuspenak betetzen badituzte finalean izateko aukera handitu egingo dute, ez baita ahaztu behar ligaxka honetako onenak finalerako sailkapena zuzen-zuzenean lortuko duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo