Emakumezkoen Superliga
Kopa jokatzeko ametsa zapuzten ari zaio Realari
Norgehiagoka orekatua izan zen. Madrildarrak aurreratu ziren lehen zatiaren erdialdean, baina bigarrenean, Lucasek, penalti bati esker, berdindu egin zuen.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Kopa jokatzeko ametsa zapuzten ari zaio Realari, atzo Atletico Madrilen aurka berdindu ostean. Norgehiagoka orekatua izan zen, eta azkenean emaitzarik egokiena izan zen.
Lehen zatian madrildarrek izan zuten baloia, baina ez zuten aparteko minik egin. Hala ere, oren erdia bete aurretik Jennyk aitzineratu zituen kanpotarrak. Markagailuan Atleticoren aldeko emaitza zela joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatia ere itxura berarekin hasi zen, baina 61. minutuan norabidea aldatu zuen jokaldia gertatu zen. Madrildarren taldeko jokalari bat lurrean geratu zen, baina etxekoek aurrera egin zuten, eta jokaldia amaitu zenean, eta baloia zuri-gorrien atezainaren eskuetan zegoela, Susik area barruan bultza egin eta lurrera bota zuen Ormazabal, eta epaileak penaltia adierazi zuen, nahiz eta madrildarrari txartel gorria barkatu zion. Lucasek berdinketa lortu zuen.
Jokaldi horretan epaileak ez zuen egotzi Susi, baina berehala erakutsi zion bigarren txartel horia, eta orduan bai bidali zuela aldageletara. Hortik aurrera heldu ziren etxekoen minuturik onenak, baina ez zuten asmatu, eta puntu berdinketarekin konformatu behar izan zuten. Liga amaitzeko hiru jardunaldi geratzen dira, eta donostiarrek ez dute Kopan sartzea lan samurra izango.
Athletic, nagusi
Athleticek ez du ezer jokoan, baina atzo, galtzen hasi arren, 1-3 irabazi zuen Torrejonen. Erikak, Nabaskuesek eta Nekanek egin zituzten golak. Hau izan zen hamaikakoa: Ainhoa; Garazi (Zuriñe 89. min), Orueta, Moreno, Gangoiti (Sandra 92. min); Nabaskues (Perez 85. min), Olabarrieta, Nekane (Murua 74. min), Iraia; Ibarra eta Erika.