Inkesta | 2009ko Aberri eguna
Zazpi herrialde, Aberri bakarra
Heldu den igandean, Euskal Herriaren egun handian, Irun eta Hendaia urratsez urrats bilduko dituen martxa nazionala deitu dute Nazio Eztabaida Gunearen aterpean batutako makina bat euskal herritarrek. Herrialde eta sektore anitzetako lagun hauek, desberdintasunak albo batean utzi eta batzen dituen aberriaren alde egin dute, herritarrei aberri eguna ospatzeko aukera bateratua eskaintzeko xedez. Igandean beraz, zazpi herrialdeek bat egingo dute.
Oihana LLORENTE
1• Zergatik egin zenuen bat Mugak eta Zubiak agiriarekin?
2• Zein garrantzi du Aberri Eguna era bateratuan ospatzeak?
3• Zein dei egin nahi diezu euskal herritarrei, bai Aberri Egunari bai etorkizunari begira?
Lutxi OXANDABARATZ
Udalbiltzako kidea, baxenabartarra
1. Muga administratibo inposatu batek kalte handiak eragiten dizkigu eta noski, gure buruetan kalterik handiena. Herri ttiki honek zatiturik ez du zentzurik eta, beraz, zubiak eraiki behar ditugu bai indibidualki eta bai kolektiboki. Herrialde bakoitzak besteari buruz zubiak eraiki, mitoak baztertu behar ditugu eta elkar ezagutzen, elkar lanean hasi, eta aitzinean ere horretan segitu. Beraz, Mugak eta Zubiak agiriarekin erabat ados nago.
2. Herriaren eguna da Aberri Eguna, herriak izan behar du protagonista oso eta bakarra. Zentzu guztia du, beraz, Aberri Egun bateratu batek; ez baita ez partidu, ez sindikatu, ez liderrek bere kabuz ospatzeko eguna. Herri osoaren eguna da, herritarren ikusmolde guztiekin, ezberdintasun guztiekin, bere atsegin, bere arazo eta borroka guztiekin, baina bere eguna da, herriaren eguna, eta horregatik merezi du elkarrekin ospatzea.
3. Herriarentzat lan egiten duten guztiek, bakoitzak berearekin eta bere moldeekin, abertzale sentitzen diren guztiek Aberri Egunean dute hitzordua eta parte hartzera dei egiten diet, ezinbestekoa baita parte hartze hori. Gerora ere, herriak protagonismoa izan behar lukeela uste dut; gure borroketan, lan ildoetan... ez bakarrik Aberri Egunean. Gure ikusmolde ezberdinekin, `abertzale' hitzak orduan ukan du zentzu bat eta herria hitzak ere ukango du zentzua. Horrela gainera, agian zubiak eraikitzen segituko genuke.
Niko Etxart
Abeslari zuberotarra
1. Lehenik erran behar dut ez dudala agiriaren berririk ukan orain arte, eta hori berriki prentsaren bidez. Adiskide batek galdaturik eta gure herri egoeraz eztabaida tipi batetik landa dut onartu dei honen partaide izatea. Geroago Amets Arzallusen testua irakurri dut eta erran behar dut zinez ederki borobildu duela dena...
2. Ikusi nahi dut sinesteko, zeren abertzaleen artean maleruski aspaldidanik gara ezinegon gaizkian. Eta, hortaz, gure etsaiak baliatzen dira ozta-ozta, egunoroz gure Herri proiektua deuseztatu nahiaz. Gure indarrak batzen ikasi behar dugu, zeren bidea luzea da oraino zazpiak bat egiteko eta munduari begira Euskal Herri jator, goxo eta solidario bat eraikitzeko!
3. Aurtengoa jendetsu eta giro ezin ederragoan iragan dadila eta abertzaleen artean beharrezko zubiak sor ditzan. Eta geroari buruz pilak kargatzeko, gure ilusio eta utopiak bihar egiaztaturik izan daitezen.
Miren ARANGUREN
Feminista nafarra
1. Herri hau aldaketara eta burujabetzara hurbiltzen laguntzen duten ekimenetan parte hartzea ezinbestekoa iruditzen zait. Mugimendu feministaren parte naizen heinean, herri honen garapenean aurrerapauso izan daitezkeen ekimen guztietan parte hartzea inportantea da, garapen horretan emakumeok ere subjektu politiko garelako. Gainera, Nafarroako gizon-emakumeok ere zeresan handia daukagu herri honen eraikuntzan.
2. Herri bat gara eta, hortaz, gure izaera eta identitatea ospatzeko eta aldarrikatzeko egunak denona izan beharko luke, denok batera ospatu beharko genuke. Alderdi politikoek herritarron arteko espazio komunak bilatu beharko lituzkete baina, zoritxarrez, urteak daramatzagu hausturak ikusten. Bada garaia, herritarron protagonismotik eta batzen gaituenetik abiatuta aldaketaren aldeko apustu tinko bat egiteko.
3. Euskal Herria, euskal emakume eta gizonek osatzen dugu. Gu gara herri honetako protagonistak, herri hau benetako eraldaketa batera eraman dezakegun bakarrak. Aberri Eguna, bide horretan aurrerapauso bat izan daiteke eta, hortaz, ezinbestekoa da denok parte hartzea. Aurrerantzean herri honek izango dituen aukera guztietan gu izan behar dugu eragile nagusi.
Amets ARZALLUS
Bertsolari lapurtarra
1. Agirian biltzen gaituen sentimendu hori esplikatzen saiatu naiz. Bakoitzak norbere erara sentitzen du, baina horri guztiari forma ematen ahalegindu naiz hitzetan. Aberri Eguna, edo herriaren eguna, edo nahi den bezala esan, norberak sentitzen duen horrekiko egun bat da eta lur eta herriarekin dugun lotura hori hitzetan jartzen saiatu naiz.
Agiri politiko asko mugitzen dira gure inguruan, gure egunerokoan, eta agiri honekin lexiko politiko horretatik aldentzen ahalegindu naiz, hitzak nekatuak daudela iruditzen zait askotan bere esanahia galduta, hitz berak bai batak bai besteak bere erara erabiltzen dituelako.
2. Funtsezkoa da. Ezin konpondua gailendu den garaietan era isolatuan ospatu da Aberri Eguna. Baina nik ez diot zentzu handirik hartzen horri. Finean, elkartzen gaituen hori bera da ospagai egun horretan. Ez daude ez dakit zenbat herri edo lur. Azken finean, Euskal Herria bakarra baldin bada da nahiz eta desberdin ikusi edo sentitu. Sentiarazten digun hori bat eta bera da eta hortaz era bateratuan ospatu behar dira Aberri Egunak.
3. Aldaketa garaia dela esaten dute, nahiz eta zentzu gehiegi izan ditzakeen. Norbanako gisa eta kolektiboki prest egon behar dugu eman behar den aldaketarako. Herri bezala edo abertzale bezala aldaketa garaia sortu eta heldu behar badiogu, prest egon behar dugu. Iraultzak edo dena delakoak ez dira egunetik biharamunera sortzen den txispa bat. Horrek prestaketa fase handia behar du eta ez bakarrik barruko lanean edo sukaldeko lanean. Norberak, bere lekuan eta inguruan pentsatu, prestatu eta gauzatu behar duen aldaketa izan behar du, aro berri bat egosi behar bada bakoitzak bere inguruan egin beharko du, eta gero ikusiko da politikoek edo dena delakoek herriarekin nolako loturan gauzatzen duten hori.
Aberri Egunera zuzenduago, deitzale naizen aldetik, Hendaia eta Irunera joateko deia egingo dut. Irun eta Hendaiatik oinez joanez jarri zizkiguten mugak josteko modu bat da. Zatitzen gaituzten mugak gure herrian zauri bezala sentitzen baditugu, medikuen gisara, herria eta joaten den bakoitzaren pausoa eta bidea ibiliz gure zauriak josiko ditugu.
Joxan OIZ
Irakasle gipuzkoarra
1. Testu ederra izateaz gain, erabatekoa delako. Xumea bezain biribila. Aldarripapen umila gero eta harroago den ukazioari. Urtetan hizkuntzak mugatutako lurzoru bat, txoko bat, baino ez dugu nahi. Hartara, bestelako muga inposatzen diguten bitartean, zubi berriak eraiki behar ditugu.
2. Aberri Eguna ekintza bateratu moduan baizik ez dut ulertzen. Abertzaleon eguna behar du izan, ez alderdi abertzaleen banakako eguna. Horretarako alderdi bakoitzak badu bere ospakizuna. Aberri Egunak batzen gaituena nabarmentzeko eguna behar luke izan.
3. Igandeari begira, herrietan, kaleetan eta balkoietan ikus eta senti dadila Aberri Eguna. Biharamunean, berriz, astelehenak edo bestondoak eman diezaiola bide abertzale, euskaltzale eta independentisten arteko elkarlanari. Amets Arzallusek aldarrikatutako zubi berriek gure barne mugak ere apur ditzaten.
Oihane PEREA
Bertsolari arabarra
1. Irundik Hendaiara, hegoalde eta iparraldearen arteko muga zaharretatik zubi berriak eginez... benetako abertzale batek ezin dio horrelako gonbit bati ezetzik esan. Deialdi bateratua eta herrikoia, lurraldetasuna praktikara eramanez, hori delarik oinarri nagusia... horrelakoa izan behar du Aberri Egunak, nolakoa bestela?
Bestalde, nazio eztabaida gunean ehunka herritarrek egin duten ekarpen isilak berebiziko garrantzia daukala uste dut, jende ugarik jarri ditu, siglak ahaztuta, ideiak, gogoa, ilusioa, denbora eta pasioa. Jende horri hainbeste zor diogu, gehiago ere bai seguru asko.
2. Patetikoa iruditzen zait alderdi abertzale bakoitzak bere festa antolatzea. Ez dut uste gainera une honetan alderdi festetarako gaudenik, abertzaleen zati garrantzitsu bat legez kanpo eta jazarria dago, egun dauzkagun erakundeek inoiz baino gehiago zatitzen gaituzte eta euskal gizartearen argazki gero eta artifizialagoa ematen dute. Elkarlanik gabe, interes partikularrak hobetsiz eta banatuta ez gara nahiko, azkenean gure kalterako izango da. Baina gutako bakoitzaren batuketak asko ematen du. Ez da kalkulagailurik behar hori ulertzeko.
3. Elkartzeko, batzen gaituena eta konpartitzen duguna asko baita. Iruditzen zait hedabideetatik abertzaletasunaren irudi erabat partziala ematen dutela. Gauza bat dira politikariak, eta herritarrak beste bat, eta gizartea alderdi politikoak baino aurrerago doa beste gauza askotan bezala honetan ere. Gauzak ez dira noski egun batetik bestera aldatuko, baina azken urte hauetan egindako lanak ez dauka atzerabiderik. Jendartetik eraikitako batasunaren aldeko apustua bere bidea egiten ari da, apurka-apurka zubiak eginez. Bide horretan denok sartu beharko dugu azkenean, edo jokoz kanpo geratuko gara. Jende arrunta azkarra da, badaki hori, eta ziur gero eta gehiago izango ditugula bidelagun.
Itziar ITUÑO
Aktoresa bizkaitarra
1. Gaur, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa iruditzen zaidalako gure Euskal Herria, gure euskara eta gure kultura, harro eta ozen aldarrikatzea. Ezinbesteko ikusten dut, bakoitza bere neurrian, abertzale garenon inplikazioa, herri moduan jasaten ari garen desgaste gerra honetan.
2. Berebiziko garrantzia du Aberri Egun bateratua egiteak, sentsibilitate ezberdinetako abertzaleak elkartzea, lehenengo eta behin batera egoten ikasteko, geureak diren eskubideak batera aldarrikatzeko ere bai eta batez ere, munduari demostratzeko herri hau libre ikusi nahi dugunok gehiengoa garela.
3. Datorren etorkizun beltzaren aurrean askatasun eta justizia grina ez galtzeko, mutu ez geratzeko, izaten segitzeko, bidean aurrera egin behar dugu guztion indarraz, beraz, goazen Aberri Eguna batera egitera!
Irungo Ficoban bilduko dira 11.30ean abian jarriko diren herritarrak. Urratsez urrats, Santiago zubian barrena erromes ibili ondoren, Hendaian aurkituko dute helmuga; agiriak dioen gisara, «muga zaharretatik zubi berriak eraikiz». Aurtengoan gainera, Bidasoaren beste aldean, mila lagunentzako herri bazkaria, kantaldia, Anje Duhalderen kontzertua eta umeentzako jolasak aurkituko dituzte herritarrek.
Aberri Eguna, nazioa osatzen duten guztien eguna izanik, guztien artean ospatzera eta antolatzera gonbidatu ditu Nazio Eztabaida Guneak herritarrak. Horretarako hainbat aukera jarri ditu mahai gainean. Deia helarazteko, www.naziogunea.net helbidean dauden bitartekoak deskargatu eta zabaltzeko beta; eguneko antolaketan parte hartzeko aukera, bai eta ekimena diruz laguntzeko aukera ere 3035 0029 69 0290083347 kontu korrontean.O.L