Sare guztiak batuta, Lehen Hezkuntzako ikasleen heren batek euskaraz ikasten du Ipar Euskal Herrian
Arantxa MANTEROLA |
Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) abian jarri zenetik (2004), Lehen Hezkuntzan euskarak eta euskarazko irakaskuntzak izandako bilakaera aurkeztu zuen, atzo Baionan, Max Brisson EEPko lehendakariak.
Egun, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, euskara hutsean edo eredu elebidunean irakaskuntzan dauden hiru sareak -publikoa, eskola kristauak, Seaska ikastolak- kontuan hartuta, azken hiru ikasturteetan ikasleen kopuruak %26 gora egin du. Lehen Hezkuntzan ari diren 16.972 ikasleetatik, 7.579, hau da, heren bat pasatxok, ikasten du euskara edota euskaraz. Eskolaurrean, berriz, proportzioa handiagoa da, 2006-2007 ikasturtetik 9 puntu igo baita. Maila horretan, ikasleen %39,4k hezkuntza elebiduna edo euskara hutsekoa jasotzen du.
Sekzio berriak
Datorren ikasturtean irekiko diren eskola edo sekzioen berri ere eman zuen. Horrela, Lehen Hezkuntzari dagokionez, Mugerre, Urepele eta Donibane Lohizuneko Itxaka ikastetxe publikoetan eskola elebidun berriak izango dira. Hezkuntza kristauari dagokionez, berriz, aspaldiko partez irekierak aurreikusiak daude Baionako Largenten, Milafrangan eta Donazaharren. Seaskak, ordea, ez du iragarri ikastola edo gela berririk.
Bigarren Hezkuntzan hiru klase elebidun berri izango dituzte Hiriburun, Hendaiako Saint Vicenten eta, lehen aldiz, lizeo tekniko batean, Uztaritzekoan, hain zuzen ere.
Brissonen esanetan, azken urteotako bilakaera «biziki positiboa» izan da eta bere garaian finkatutako hedatze-maparen aurreikuspenak betetzen ari direla eta, horrenbestez, bide onetik doazela adierazten du.
Bestalde, Seaska eta Hezkuntza Ministerioaren arteko hitzarmenaren eztabaida «oso aitzinatua» dagoela nabarmendu zuen EEPko lehendakariak: «Alde teknikoak zehazten ari dira harreman giro onean. Laster akordioa izango dela uste dut».