GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Laura Mintegi idazlea

Bidaia prestatzen

Astebete barru bidaian abiatuko naiz eta buruz ari naiz zerrenda egiten, maletan zer sartuko dudan, azken unean ezertxo ez ahanzteko. Astebete barru bidaian abiatuko zara eta buruz ari zara zerrenda egiten, poltsan zer sartuko duzun, azken unean ezertxo ez ahanzteko.

Helmugan nolako eguraldia izango den jakiten saiatu naiz, hotz, bero, euritsu edo lehor, horren araberako jantziak sartuko baititut maletan. Arropa erosoa jantzi dut bidaiarako, eta bestelako jantziak maletan sartzen ari naiz, gauza gutxi eta ondo tolestuta.

Helmugan nolako eguraldia izango den jakiten saiatu zara, hotz, bero, euritsu edo lehor, horren araberako jantziak sartuko baitituzu poltsan. Arropa erosoa jantzi duzu bidaiarako, eta bestelako jantziak poltsan sartzen ari zara, gauza gutxi eta ondo tolestuta.

Ezin dut ahaztu papertxoa, helbideak idatzirik dituena, herri berrian egoitza lortzen lagunduko didate-eta.

Ezin duzu ahaztu papertxoa, helbideak idatzirik dituena, herri berrian egoitza lortzen lagunduko dizute-eta.

Urduri nago, ez dakit nola konponduko naizen apenas ezagutzen ez dudan hizkuntzan; nola ulertuko diedan, nola ulertuko didaten.

Urduri zaude, ez dakizu nola konponduko zaren apenas ezagutzen ez duzun hizkuntzan; nola ulertuko diezun, nola ulertuko dizuten.

Aireportura heldu naiz eta inor ez zegoen zain. Taxistari papertxoa erakutsi diot, hotelaren izena idatzirik daukat bertan. Hasi da nire abentura.

Portura heldu zara, eta zain dituzu polizia eta anbulantziak. Pateratik atera zaituzte. Bi bidaide hilik daude, beste hamabik deshidratazio zantzuak dituzte. Laster itzuliko zaituzte jaioterrira. Bizirik ateratzea, hori da abenturatik atera duzun bakarra.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo