Galdakaoko Ibilaldiak «Gerizpetik eguzkibegire» kantua aurkeztu zuen atzo
A. B. | BILBO
Maiatzaren 31n ospatuko da aurtengo Ibilaldia Galdakaon, bertako Eguzkibegi ikastolak antolatuta, eta «Gerizpetik eguzkibegire» leloa kantu eginda aurkeztu zuten atzo, Bilboko Kafe Antzokian egindako agerraldian.
Leloak euskararen historia irudikatzen du, ikuspegi positibotik, iragan ilunetik eguzkirako bidean egindako lan izugarria, eta modu berean baita Eguzkibegi ikastolarena ere, hasiera gogorretik oraingo argitsura. Bestalde, irudi edo logotipotzat Mozoloa aukeratu dute, galdakoztarrentzat ezizen hori erabiltzen baita.
Arkaitz Estiballes bertsolari galdakoztarra arduratu da kantuaren hitzak sortzeaz, eta euskararen alde eta Eguzkibegi ikastolaren sorreraren alde egin zuen orori omenaldia egin nahi izan dio. Musika sortzeaz, berriz, herrikide dituen Biok taldeko partaideak -Eguzkibegi ikastolako ikasle ohiak- arduratu dira. Metal boskote gaztea da Biok, eta udazkenean Baga Bigaren eskutik aurkeztuko duen «Gaur ez da dena grisa» izeneko diskoa bukatzen dabil.
Lagunartean
Kantua 2008ko abenduaren eta aurtengo otsailaren bitartean Zarauzko Fidelenean estudioan grabatu zuten, Mikel Kazalis musikari eta teknikari ezagunaren gidaritzapean. Mikelena ez da izan duten laguntza bakarra izan, ugaria baita kantuan jarri duten musikari multzoa, Fer Apoa, Rafa Rueda, Benito Lertxundi, Izaskun Forkada, Ibon Kazalis, eta Eguzkibegi ikastolako umeak. Gainera, Argibel Euba eta Iñaki Olazabal txalaparta jotzeaz arduratu dira: «Ibilaldire, Ibilaldire! Milaka txori euskeraz, mozoilo herrire. Bagoaz Ibilaldire, Ibilaldire!».