GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

J. Monge, J. R. Garai, N. Pelage eta J. Iriarte «Bikila» Gorripide ildoa-Zutik-eko kideak

Aurtengo Aberri Egunari begira

 

Aldaketa eta burujabetzaren alde, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 80 herritarrek 2009ko Aberri Eguna modu bateratuan ospatzeko deia zabaldu dute. Asmoa guztiz jatorra eta txalogarria iruditzen zaigu. Egia esanda, urteak joan eta urteak etorri, aspalditik gabiltza antzeko asmoak aldarrikatuz nork bere modu eta afanean. Alabaina, aurten, ezin utzi aipatu gabe jasaten ari garen krisiaren nondik norakoak eta horrek burujabetzaren arloan zer-nolako eragina duen. Eta, nola ez, ezin ahaztu gure gizartea jazartzen duen mota guztietako zoritxarreko biolentziaren arazoa.

Horregatik burutazio hauek:

1. Izan ere, euskaldunok ez gara burujabeak, gure izaera nazionala ukatzen eta galarazten dizkiguten bi estatu desberdinen menpe gaudelako. Baina, baita ere, bi estatu horien gainetik dagoen mundu-sistema kapitalistan, ez gu ez inor -inperioak izan ezik- ezin delako guztiz independentea izan kapitalaren tiraniatik askatu gabe. Hots, sozialismoa lortu gabe.

Beraz, aurten Aberri Egunak eta Maiatzaren Lehenak, abertzaletasunak eta internazionalismoak, greba orokorrarekin bat egin behar dugu.

2. Mundu petrala gurea: etekinaren izenean, kapitalistek alferrikako merkantzien eta merkantzia arriskutsuen gain-produkzioa antolatzen dute, eta bitartean, planetako 3.000 milioitik gora biztanle, gizadiaren erdia, bada, egunero euro bat baino gutxiagorekin ez-moldatu beharrean dago. Mila milioi pertsona auzo txiroetan bizi dira eta 970 milioi gaizki elikatuta daude. FAOren zuzendariak azaldu duenez, nahikoa lirateke 15 urtean 20.000 milioi dolar urtero jatekoa ziurtatzeko, baina ehunka milioi dolar espekulatzaileek irentsiak dira hondotik atera daitezen.

Negutegi efektuak sorrarazten duen gas kontzentrazioak klimaren berotzea eragin du jadanik eta goraka doa joera, aurreikuspenak ere zoratuz, eta itzulerarik gabeko puntuetara eta kontrola ezinezko desorekara azkar irits gaitezkeela pentsatzekoa da. Ondorioak jadanik hemen ditugu eta larriagoak izan daitezke: uholdeak batzuentzat, idorteak besteentzat, ekaitz suntsigarriak, bizidun espezieen desagertzea -eta gorantz doaz kopuruak-, bioaniztasuna errautsia, nekazaritzako krisiak. Produktibismo kapitalistak berarekin dakar, airearen, uraren eta nekazaritzako ekoizpenen kutsaduraren bidez, gizakien osasunaren degradazioa.

Eta gure mandatariak, «azpiegiturak, azpiegiturak eta azpiegiturak!» leloa behin eta berriro errepikatuz.

Kapitalaren nagusigoak dakarren hondamendiak egunerokotasun osoa ematen dio «sozialismo edo basakeria» hautaketari. Gure herri honek etorkizuna izan nahi badu, mundu osoarekin izango du edo ez du izango.

3. Herri guztiak dira pluralak, gurea barne. Barne aniztasunaren onarpenak gure nahia ez absolutizatzera garamatza, bestelako nahiak ukatu eta arriskuan jarri gabe. Baina era berean gaurko marko estatalaren barruan gustuko egoeran aurkitzen direnen aldetik beste horrenbeste eskatzen dugu. Alegia, erabakitzeko eskubidearen aldeko edozein mugimendu demokratikoren aurrean gutxiengo batek ez dezala blokeatu eta betoa jar exijitzen dugu.

Nola egiten da hori? Gure ustez, autodeterminazio eskubidearen bitartez. Eskubide honek ez baitu aldez aurretik suposatzen hautaketa jakin bat (Euskal Herriko independentzia edo Espainiako batasun trinkoa), euskal gizarteak bere barne arazoak askatasun osoz erabakitzeko duen adin nagusitasunaren onarpena baizik. Beste modu batera esanda, errealitate nazional desberdinen arteko gatazka demokratikoki bideratzeko, eta gizarte kohesionatu, integratua eta bere pluraltasuna begirunez ikusten duen gizarte bat lotzeko modu arrazoitsua baita. Eta aukera hori ukatzea inposatzea da.

4. Bortxak eta inposatzeak ez du tokirik gurean. Ezta ETAren aldetik ere. Heldu da garaia ETAri eta gobernuei, alde bakoitzak duen erantzukizunaren arabera, bereak eskatzeko. Zerbaitetan independenteak izateko beharrean baldin bagaude, auzi horretan da. Delako herriak, gizarteak, herritarrak hitz batez, bere esku hartu nahi badu gatazkaren konponketa, bere klabe propioetan mugitu behar da. Zenbat eta lehenago egin, orduan eta sufrimendu gutxiago, alferrikako biolentzia gutxiago eta errepresio gutxiago.

Aipamen berezia merezi du, eta gure gaitzespen erabatekoa, emakumeen gizonekiko mendetasun-harremanak eta horren ondorio mingarri eta odoltsuak dituen genero indarkeriak. Biolentzia mota hori ezabatu gabe, nola eraikiko dugu gizon eta emakume libreen aberri askea? Ezin!

Gora Euskadi Sozialista!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo