GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ikasleak sexuaren arabera bereiztea: baztertzailea gehienen ustez; besteren ustez, onuragarria

Azkenaldian askoren ahotan ibili da heziketa ereduen gaineko eztabaida, eta gustu guztietako iritziak jarri dira mahai gainean. Neskak eta mutilak banatzen dituen heziketaren aldekoek ikasleen emaitza akademiko onak nabarmentzen dituzte. Gehienek, aldiz, eredu horrek gizarteratzea eta aniztasuna alboan uzten dituela salatzen dute auzi honetan.

p016_f01.jpg

Janire ARRONDO

Bereizitako heziketa eskaintzen duten zentro batzuk badira gurean; alegia, ikasgeletan neskak neskekin eta mutilak mutilekin banatzen dituztenak. Horietan, emaitza akademiko hobeak omen dituzte ikasleek. Euskal Herrian, hain juxtu ere, zortzi dira bereizitako heziketa eskaintzen duten ikastetxeak. Guztietan, Haur Hezkuntzan, neska-mutilak batera aritzen dira, baina, Lehen Hezkuntza hasterako, bereizita izango dituzten zentroetara bideratzen dituzte.

Horietako hiru Bizkaian daude, Ayalde neskentzat, eta Munabe eta Gaztelueta mutilentzat. Gipuzkoan, Eskibel eta Erain dira bereizitako ereduan oinarritzen diren zentroak, lehena neskena eta bigarrena mutilena. Nafarroan, azkenik, bi ikastetxe daude: Irabia mutilentzat, eta El Redin-Miravalles, mutilentzat zentro bat eta neskentzat beste bat duena.

Duela hiru hamarkada, ikasleak sexuaren arabera banantzeari utzi zitzaion, eta eredu mistoa nagusitu zen Euskal Herriko ikastetxe gehienetan. Izan ziren, ordea, bere horretan iraun zuten zentroak, baita bereizitako ereduari helduta abiarazi zen berririk ere.

Eztabaida mahai gainean

Stee-Eilas hezkuntza arloko sindikatuak orain gutxi atera du berriro mahai gainera eredu horren egokitasuna zalantzan jartzen duen eztabaida. Sindikatu honetako kideek agertu zutenez, bereizketa hori egiten duten zentroak -guztiak ikastetxe itunduak dira eta Opus Dei erakundearekin dute lotura-, «aberrazioa» dira. Gainera, «ez lukete, inondik inora, diru publikotik laguntzarik jaso beharko», adierazi zuen sindikatuak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailean heziketa bereizia eskaintzen duten zentroei laguntzak kentzeko eskaria egin zuten Stee-Eilaseko kideek. «Elizaren alderdi kontserbadoreena eskola horien atzean dago, eta badakigu auzi zaila dela, baina, ezin ditugu onartu, Berdintasun legea eta Hezkuntzarako Lege Organikoa urratzen dituztelako» azaldu zuten. Hala ere, oraingoz ezerezean geratu da Lakuako Hezkuntza Sailean sindikatuak egindako eskaera hori.

Nafarroan, berriz, itxaropentsu hasi ziren lanean Stee-Eilaseko kideak, lege erreforma garatzeko aukera sendoak ikusten baitzituzten. Hala, beste hainbat sindikaturekin elkarlanean, bereizitako ereduko zentroei dirulaguntza publikoak eteteko eskatzen zuen kanpaina jarri zuten abian lehengo urtean.

Azkenean, Izquierda Unida legebiltzar taldeak iragan azaroan aurkeztu zuen Nafarroako Gobernuan ikastetxe horiei hitzarmen ekonomikoa ukatzeko proposamena. Martxoaren hasieran eztabaidatu zuten, baina PSN alderdiaren abstentzioa zela-eta, bertan behera geratu zen erreforma eskaera. Hala ere, badirudi aurrerantzean sortzen diren zentro berriek, bereizitako heziketan oinarritzen badira, ez dutela laguntzarik jasoko.

«Iruzur egiten dute emaitzekin»

Stee-Eilaseko kide Amaia Zubieta azken hilabeteotan buru-belarri ibili da gai horrekin eta haren hitzetan, «PSNk bere alderdiko interesen arabera jokatu duelako geratu da atzean proposamen hori». Sindikatuko kideak GARAri agertu zionez, «sexuaren araberako banaketak eta ezberdintasun sozialak deuseztatzea eta hezkuntzarako laikotasuna lortzea beharrezkoak dira egungo hezkuntzan». Zubietaren iritziz, Nafarroan hezkuntza sistema osoak behar du aldaketa, «asko direlako modu ezegokian dauden arloak». Hala ere, «hori ez da aski ikastetxe diskriminatzaileek beren jarduna diru publikoari esker egitea zuritzeko».

Zubietaren esanetan, ezinezkoa izango da «gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna» lortzea, horrelako hezkuntza ereduetatik abiatuz gero. «Auzi hau atera zenetik behin baino gehiagotan tokatu zait niri heziketa bereiziaren defendatzaileak direnekin eztabaidetan parte hartzea, eta `perla' potoloak botatzen dituztela ohartu naiz, atzean gauza asko ezkutatzen dituztenak».

«Gizartearen aniztasuna ikasgeletan ere azaltzearen aldekoa naiz, erabat», berretsi zuen sindikatuko kideak, eta beraren ustez, bereizitako eredua duten zentroek ez dute errealitate hori euren ikasgeletan jasotzen.

Haren aburuz, ez dago horren argi zentro horretako ikasleen emaitza akademikoak hobeak direnik, «euren defentsan arrazoi hori erabiltzen badute ere». Zubietak azaldu zigunez, ordea, «euren zentroetan ez dago ikasle etorkin edo ezindurik», eta hein horretan, emaitza gisa «zifra hobeak» erakusten dituzte, hain zuzen ere, ikasketa porrotaren tasa altuak izaten dituzten gizarteko hainbat sektore kanpoan uzten dituztelako.

«Etorkinak eta ezinduak gainerako ikasleekin batera arituko diren eredua defendatzen dugu guk, baina, beraiek ikastetxe elitistak sortzen dituzte». Beraz, seme-alabak eliteko ikastetxeetara bidali nahi dituenak, «ordain dezala bere poltsikotik», gaineratu zuen sindikatuko kideak.

Era berean, neskek eta mutilek behar ezberdinak dituztela argudiatzea «zentzugabea» da, Zubietaren ustez. «Haur bat neska izan edo mutila izan sistematikoki era ezberdinean tratatzen dute», azaldu zuen, eta beraz, eskolara joaten hasten direnerako «sozializazio prozesu bat» egina dutela.

Hein horretan, «legala den guztiak ez du zertan laguntza publikoa jaso behar», salatu zuen Zubietak, eta hori argudiatzeko honakoa gaineratu zuen: «Zirujia plastikoarekin aldera daiteke auzia; izan ere, edonork bere gorputzean nahi dituen aldaketak egitea guztiz legezkoa da, baina, ez du horregatik laguntzarik jasotzen».

ADI Nafarroako Institutuetako Zuzendarien Elkarteko kideek ere arbuiatzen dute heziketa bereiziaren eredua. Euren iritziz, «zentroek dauden inguruko errealitate soziala jaso behar dute, sexuaren araberako bereizketarik gabekoa, baina bereizkeria sozialak edota erlijiozkoak ere lekurik ez dutena».

«Aniztasunaren aurkako erasoa da»

Ikasketan neska-mutilen artean ustez dauden hainbat ezberdintasun hartzen dituzte ardatz banandutako heziketa ereduaren aldeko direnek. Euren heziketa eredua ikasle bakoitzaren arabera moldatzen dela diote, betiere, emaitza hobeak lortzeko helburuarekin. Nafarroako Hezkuntza sailburu Carlos Perez Nievasen hitzetan, «sexuaren arabera bereizten duten zentroak ez dira gizon- emakumeen berdintasunaren aurkakoak». Gainera, «zentro bereiztu edo misto batean egoteak ez du hezkidetza baloreak barneratzea ziurtatzen», Perez Nievasen ustez.

ANEG, berriz, Nafarroako ikastetxe erlijiosoak biltzen dituen elkartea da. Bertako kide Ignacio Iraizozen hitzetan, «gure elkartean ez dago bereizitako zentrorik, baina eredu hori guztiz legala da, eta gainerako eredu guztien pareko laguntzak ematen zaizkio». Iraizozen aburuz, «gurasoek eskubide osoa dute beren seme-alabentzat gustuko zentroa hautatzeko». Gainera, «Nafarroako hezkuntzak baditu arazo larriagoak, zentroek bereizitako eredua duten ala mistoak diren begira hastea baino; eskola porrotaren tasak edo irakasleen autoritate falta, esaterako».

Orokorrean, neskek eta mutilek garapen fisiko eta psikologiko ezberdinak dituztela defendatzen dute eredu honen aldekoek eta horregatik, banantzean, emaitza akademiko «ezin hobeak» lortzen omen dira. «Hori ikusteko ez dago emaitza akademikoen ikerketei begiratu besterik», azaldu dio GARAri Jesus Maria Ezponda Iruñeko El Redin-Miravalles ikastetxeko zuzendariak. Ezpondak argitu zigunez, euren ikastetxeko ikasleak beste sexukoengandik bananduta egon arren, «gizartean arazorik gabe integratzen dira», hori erakutsi diela «40 urtetako esperientziak». Hala ere, eredu mistoak ere «guztiz balekoak» izan daitezkeela gaineratu zuen.

Zuzendariaren ustez, bereizitako heziketa ereduaren aldeko apustua egiten duten zentroei laguntzak kendu nahi izatea «aniztasunaren aurkako erasoa da». Izan ere, zehaztu nahi izan zuenez, eztabaidan etengabe zentroez hitz egiten bada ere, jokoan dagoena «ikasleen gurasoek beren gustuko zentroa hautatzeko duten eskubidea da». Laguntza ekonomikorik ezean, izugarri garestitu beharko lukete beren zerbitzua, eta orduan «diskriminazio soziala» egitea leporatuko lieketela uste duela azaldu zuen Ezpondak.

«Azkenean, neskak eta mutilak bananduta, bakoitzarentzat bere beharren arabera egokitutako eta pertsonalizatutako heziketak ekarriko du gizarte honetara gizon eta emakumeen arteko benetako berdintasuna», ondorioztatu zuen Ezpondak.

IRUZURRA

«Eskolako porrot tasa handiak izan ohi dituzten taldeak kanpoan uzten dituztelako lortzen dituzte emaitza akademiko horren onak bereiztutako zentroek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo