Eszenak
Kale antzerkirik zaharrena
Dorleta URRETABIZKAIA
Aktore eta idazlea
Munduko zirrikitu guztietan Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatu ostean, hiru egun geroago, Kanaria Handiko Cuyás antzokian, aurtengo Max sari entzutetsuak banatu ziren. Estatu osoko lanek parte hartzen dute sari banaketa garrantzitsu honetan, eta Roberto Bolañoren eleberrian oinarrituriko Alex Rigolaren «2666» antzezlanak eraman zuen antzezlan onenaren saria. Baina sagar kopururik handiena, lau, hain zuzen ere, Animalarioko Alberto San Juanek zuzenduriko «Argelino, servidor de dos amos» antzezlanak eraman zuen. Eta Euskal Herriak, aurten ere, izan du sagarrari kosk egiteko aukera. Euskarazko testurik onena, Hortzmuga taldeari eman baitiote, Raul Cancelo, Izpiñe Soto, Argia Gardeazabal, Pio Ortiz eta Julen Gabiriak haurrentzat idatziriko «Superplast» testuari, hain zuzen ere. Baina ez hori bakarrik, taldeko aktore onenaren saria Paul Berrondo aktore donostiarrari eman diote «Germanes» antzezlanean egindako lanagatik. Eta bukatzeko, Kukai-Tanttakaren Joseba Sarrionandiaren poemetan oinarritutako «Hnuy Illa» antzezlanari errebelazio saria eman diote. Euskal Herriko antzerkiak beraz, sagarrondoz beteriko lurra izaki, krisian egonda ere, ez du kalitate faltarik.
Eta urtero kalitate handiko lanak ikusteko aukera eskaintzen digun Eibarko Antzerki Jardunaldiak ere, hilaren lauan izan zuen amaiera, Bilbotik iristen ziren AC/DC taldearen urruneko rock kantu hotsekin batera. Bertako eta munduko hainbat lekutako ikuskizunak ekartzen dituen jardunaldi beterano honek, uste baino gutxiago sumatu omen du krisiaren eragina eta pozik agertu dira antolatzaileak urteroko publiko fidelari esker ona erakutsiz. Esker ona baita ere, hilaren bostean, 2.504 kilometrotan zehar herriz herri, gau eta egun korrika ibilitako guztiei ere, hilaren bostean Gasteizen amaitu baitzen 16. Korrika. Tuteran hasitako korrikaldiak, Gasteizko Andra Mari plaza jendez gainezka topatu baitzuen eskuz esku ibilitako lekukoa zabaldu eta bertako mezua lau haizeetara zabaldu zutenean.
«Koloretan amestu nahi dugu, koloretan esnatu, jolastu, ikasi, kantatu, dantzatu, barre eta negar egin. Euskaraz irakurri nahi ditugu egunkaria eta ipuinak, euskaraz ikusi nahi dugu antzerkia eta zinema. Euskaraz entzun nahi dugu irratia. Euskaraz egin nahi dugu gaixorik gaudenean medikuarekin, erosketak egitean saltzailearekin, postariarekin, kale-garbitzailearekin, udaltzainekin eta alkatearekin. Eta batez ere euskaraz, noski, zuekin, gurasoekin»
Eta kolorez beteriko euskararekin batera, festari amaiera eman zitzaion, egunerokotasuneko bizitzan, euskarari atea joaz. Eta «Ate joka» etorri zitzaizkigun baita ere Txalo taldekoak Neil Simonen «The Odd Couple» antzezlanean oinarritutako lanarekin. Eta ate joka datorkigu baita ere, Aste Santua, eta honekin batera, kale antzerkirik zaharrena. Aste Santuko prozesioak.