GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Desodorante iragarkiaren «tufoa»

Etxean badugu nahikoa trapu zahar garbitzeko eta arazo konpontzeko, baina, hala ere, noizean behin kanpotik datozen kontu eta komerietan ere arreta jarri beharra dago. Azken «perlatxoa» Argentinatik datorkigu.

Axe desodorantearen iragarki berria, historiaurrean oinarritua, «Senez ehiztari» izenburupean aurkeztu dute eta, ezin zuen bestela izan, gizonen konkista gaitasunean oinarritzen da, desodorantea botatzen duenak, «harrapakina» harrapatzen du, betiko moduan, berritasun handirik gabekoa, alegia.

Gutxi jota, ordea, kanpainaren sortzaileek bideo-joko bat zintzilikatu dute sarean. Eta meritua ezin uka, egin zitekeen gauzarik aldrebesena sortzea lortu baitute, hori aitortu behar zaie. Publizitateaz agian asko, baina zuzena zer den eta zer ez bereizten ez duten sortzaileei ez zaie hoberik bururatu denbora zehatz batean emakumeei makilakadak ematean oinarritzen den joko bat egitea baino. Bai, emakume bati garrotearekin jotzea lortuz gero, 1.000 puntu alde; okertu eta gizon bati emanez gero, berriz, 500 galtzen ditu jokalariak. Onena, izena, «amodiozko garrotazoak».

Argentinako hiru diputatuk iragarkiaren aurkako salaketa jarri dute eta baita hori baimendu duen «sasi-behatokia»ren kontrakoa ere. Nola baimendu gisa honetako lana? Zer behar da, bada, iragarki bat baztertzeko? Irakaspena edota «erreklamu» ederra, «fintzeko» produktuak zer erakutsi eta «astapotro matxistenen» gisa jarduten.

Tamalez, zerrenda luzetxoan beste bat; izan ere, iragarki kontuetan hamaika ikusitakoak gara dagoeneko. Kolonia, bonboi, garbikari... Berdin dio, azken batean, zer saldu nahi den, negozioa egiteko guztiak balio duela, horixe iragarkien irakaspen nagusia, batean eta bestean, kanpoan eta baita etxean ere.

Oraingoan baina, aldrebesko efektua izan behar du seguru; desodorantea saltzeko egindako iragarki berriari izerdi usaina ez, matxismo zaharkituaren «tufoa» baitario, eta handia gainera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo