Xanti Begiristain Madotz Iruñea
Erabakigarria eta erabakiorra
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan begiratzen badugu «erabakior» hitza, ikusiko dugu jartzen digula honako hau: erabakior* e. erabakigarri. Hau da, «erabil ezazu erabakigarri hitza». Gaztelaniaz: decisivo, -a; resolutorio, -a eta frantsesez: déterminant, -e ; résoluble.
Erabaki hau aspalditxo hartu zuen Euskaltzaindiak, baina, hala eta guztiz ere, oraindik bi hitzak nahasiak leku askotan ikusten dira eta jende askori entzuten zaizkio.
Badakit mundu honetan inor ez dela perfektua eta egoera guztiak ere ez direla berdinak baina, nire ustez, hitz hori, «erabakigarri», alegia, ongi erabili beharko lukete gutxienez hedabide publiko eta profesionalek, EITBk, besteak beste, hots, kazetari, esatari, aurkezleek eta abar, euskara jasoa darabilten programetan, hau da, albistegietan eta bat eta beste. Berriz diot, badaezpada ere, euskara jasoa erabili behar dutenean behintzat.
Kazetari, esatari eta aurkezle askok oso ongi erabiltzen dute aipaturiko hitza: zorionak! Baina oraindik nahasten dutenei nik uste dut ez legokeela gaizki ahalegintxo bat eskatzea. Ea noiz nabaritzen dugun, ba, hoberako aldea.