GARA > Idatzia > > Kirolak

Jaka berdea jantzi duen aurreneko «ahatea»

p037_f02_097x096.jpg

GARA |

Argentinak baloia izan du bere kirolari onenen lan tresna maiteena. Kempes, Maradona, Agüero, Messi, Ginobili edota Scola izarrek oinekin nahiz eskuekin baloia maisuki erabiltzen dakitela erakutsi dute. Aldiz, Angel Cabrerak bezala -ahatea ezizenez-, golfeko pilota nimiñoa astindu eta dagokion lekura bidaltzen lanak izan ditu Argentinak. Bada, gure Olazabal edo Karlota Ziganda nabarmendu diren moduan, Argentinak Angel Cabrera eman du.

Cordobako 39 urteko gizaseme hau caddie gisa hasi zen Cordoba Golf Clubean. Artean hamar urte baino ez zituen, baina pixkanaka gora egin zuen, 2007an Estatu Batuetako Irekian gailendu zen arte. 40 urteren buruan Roberto de Vicenzok, Grand Slam-eko proba bat irabazi zuen aurreneko argentinarrak -1967ko Britainia Handiko Irekia- bazuen oinordekorik. Horrez gain, munduko hamar golf-jokalari onenen artean ere lekua eskuratu zuen 2007an.

Bi urteren buruan, Augustako Mastersean atera du bere joko onena 1,85 metro eta 93 kiloko «ahatetzar» honek. «Sekula ez naiz gimnasio batean sartu, ez dut prestatzaile fisikorik, eta begira non nagoen», azaldu zuen Cabrerak, berdinketa hausteko saioan Kenny Perry eta Chad Campbell gainditu ostean.

Bestetik, Cordobako golf-jokalariak sekretu bat azaldu zuen iazko irabazle Trevor Immelman hegoafrikarrak garailearen jaka jantzi zionean. «2007an Roberto de Vicenzok jaka berdearekin argazki bat atera zidan eta noizbait nirea izango zela agindu ere bai». Esan eta egin.

PROFILA

Adina: 39 urte. > Jaioterria: Cordoba, Argentina. > Egoera: Silviarekin ezkondua, bi umeren -Angel eta Federico- aita da. > Palmaresa: 2007ko Estatu Batuetako Irekia eta 2009ko Augustako Mastersa. > Rankinga: Munduko 18.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo