GARA > Idatzia > > Kultura

«Guk herriaren begia atxiki nahi dugu, gertaeren lekuko izan nahi dugu»

p040_f02_139x88.jpg

Jan Battitt Dirassar

«Herria» aldizkariko zuzendari eta kazetaria

Sarako Biltzarraren omenaldia eta sari berezia jaso du aurten «Herria»k. Sortzez hazpandarra den Jan Battitt Dirassarrek 54 urte daramatza kazetari astekarian, eta duela sei urte zuzendaritza ere hartu zuen bere gain. Bi liburu argitaratu ditu eta euskaltzain urgazlea ere bada Dirassar.

3.000 zenbakira ailegatu da «Herria», nolakoa izan da bide hori?

3.000 ale dira, baina gehiago ere bai, kasik 3.300 badira ateratakoak. Gertatu dena da «Herria» 1944ean sortu zela. Lehenbiziko urteak bereziki zailak izan ziren, lehenik baimenak ezin lortuz, gero papera biziki zuhur baitzen, hori kasik sinestezina da gaur egun, baina papera ezin ukanez lan handiak izan ziren denbora batez. 1949an, bost urteren buruan, «Herria» pixka bat hasia zen azkartzen, eta orduan zuzendariak, Piarres Laffitte euskaltzain apezak, erabaki zuen beste bista bat ematen ahal zitzaiola, orrialde gehiago, lau biren partez, artikulu gehiago sartuz eta horrela...

1950eko urtarrilean hasi zen sailkapen berri bat, urtarrilaren 5eko «Herria» lehenbizikoa izan balitz bezala. Heldu da ordurako bazirela 295, eta 3.000 ale dira 1950. urtetik kontatuz, baina egiazki 3.295 dira.

Zure bizitzan astekaria handitzen ikusi duzu.

Bai, baina orain pixka bat gehiago handitu nahi genuke, ez dakigu etorkizunak zer ekarriko digun, baina itxaropena badugu hobetzeko eta handitzeko. Duela bost urte, 60 urteak bete genituelarik, hasi ginen bi orrialde kolorezkoak ezartzen, eta orain nahi genuke beste urrats bat egin kolorezkoak izateko orrialde guztiak. Eta zortzi orrialderen partez hamabi ere izan nahiko genituzke.

Hori egiteko beharrezko pausoak ematea emeki-emeki, hori da gure helburua. Uste dugu beste bide batzuk ireki beharko direla, guhaurrek edo beste batzuekin partzuer. Internetera, teknologia berrietara irekiak behar gara izan.

«Herria» astekariaren indarra zera da, herri guztietara heltzen dela.

Badugu berriketari sarea, 50 bat berriketari herrietako berri xeheak emateko bere euskalkian, Zuberoan bada, zuberotarrez, Garaziko aldean hango moldean. Egiten dugu eginahala aditzaren aldetik gero eta gehiago hurbiltzeko euskara batuari, eta urrats batzuk emanak ditugu. Batzuek lasterka joan nahi dute, eta beste batzuk mantsoago, jendeak usaia batzuk dituela eta ez dela usaia horien kontra joan behar. Erdibide bat aurkitu nahian gabiltza eta erdibide horretan ibili gara funtsean azken urteetan.

Zenbat irakurlerengana ailegatzen da astekaria?

Irakurleak funtsean ez dakigu, baina 2.500 ale banatzen ditugu, gero beti erraten da harpidedun bakoitzeko badirela bi edo hiru irakurle.

Sarako Idazleen Biltzarreko saria izan duzue.

Hemen gara gure tokia atxiki nahi ere, horregatik atsegingarri izan zaigu Sarako Biltzarraren saria izatea, aurrera eginen dugulako menturan. Duela zenbait denbora aipatu ziguten Biltzarra muntatzen dutenek, bi urtetarik ematen direla sariak, aurten normalean ez zen saririk, baina «Herriak» bere 3.000. alea atera duenez eta 65 urteak beteko dituenez laster sari berezi bat eskaintzen zigutela eta guk atsegin handiz hartu dugu.

Ipar Euskal Herrian erreferente bilakatu da aldizkaria.

Nahi dugu herriaren begia atxiki, guk beti lekuko izan nahi dugu. Behar da erran gero eta liburu eta disko gehiago argitaratzen direla euskaraz, denetara ez gara ailegatzen, baina saiatzen gara denei begia atxikitzen. Ez baikara alderdi baten kazeta, elkarte bat da Herria eta denei irekia izana da, eta irekia segitu nahi du.

Nola egiten da «Herria»?

«Herria» astelehenetan eta asteartetan egiten da, lehenik Peio Jorajuriarekin ikusten dugu zeintzuk izanen diren gai nagusiak eta artikulu guztiak biltzen dira. Astearte goizetan kasik bukatua da eta ikusten dugu datorren astekorako zenbait ideia. Ostegunean ateratzen da.

I. E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo