GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Buruz Buruko Txapelketako final-hamaseirenak

Jokoa eta txartela lapurtu dizkio Leitzak herrikideari

Berrizko aurrelariaren sake biziak bikain erantzun zituen lemoarrak eta, horri esker, aurrera egin du lehian.

LEITZA 22

BERASALUZE IX  12

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Astean zehar aipatu denez, Buruz Buruko Txapelketan oraindik bizirik dirauten lau pilotari bizkaitarretatik -hasierako laurak dira, alegia- batek agur esan beharra izango zuen final-hamaseirenetan. Baina ez bere patua gaizki jokatzea zelako, norgehiagoka berean herrialde horretako bi profesional elkarren aurka aritzekoak zirelako. Kasu honetan, lemoarrak berriztarrari hurrengo kanporaketarako txartela irabazi zion atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan jokatutako neurketan.

Lehia hasi aurretik Leitzak bere aurkaria buruz ikasi zuela antzeman zen Gipuzkoako pilotalekuan, edo hori zirudien behintzat. Asier Berasaluzek indar ikaragarria ematen dio pilotari, gehienbat sakeetan. Horri aurre egiteko Leitzak osagai berezia zuen buruan: aurkariaren sakeei airez erantzutea. Pentsatu, ikasi eta egin.

Esapideak dioenez, defentsarik onena eraso on bat da. Esaldi hori zorrotz hartu zuen kontuan Leitzak atzokoan. Berasaluze IX.ak sakearekin min handia egiten badu, zergatik sufritu haren armarekin? Airez erantzundako pilotak kontaezinak izan ziren.

Baina hori markagailuan gora egiteko lehendabiziko pausoa besterik ez zen. Behin sakeari erantzuna emanda, lemoarrak tantoa menperatu nahi zuen, eta alderdi horretan ere ez zuen hutsik egin. Airez, botez, sotamanoz... era guztietako alternatibak zituen, baina garrantzitsuena eta aurkariari min handia egin ziona pilota ezker hormara gurutzatzea izan zen. Horri esker zenbait tanto egitea lortu zuen.

Une horretan, hain ondo ikasitako eta prestatutako partida biribiltzea besterik ez zen falta. Azken tantoan, 21-12 zihoazela, bi pilotariek tanto ederra eskaini zuten kantxan, partidako onena, alegia -dejadaz beterik egon zen-.

Berasaluze IX.aren etsipena

Zure jokoa egiten uzten ez dizun pilotaria aurrean baldin badago, normala da burua partidatik ateratzea eta etsipena erakustea. Hori gertatu zitzaion Berrizko aurrelariari. Norgehiagoka bukatuta argi adierazi zuenez, «Leitza oso errestalari ona da eta ez dut nire jokoa egiteko aukerarik izan».

 

PATXI RUIZ, AURKARI

Berasaluze IX.aren aurka irabazi ostean, Patxi Ruiz izango du aurkari Leitzak hurrengo kanporaketan. Lizarrako atzelariaren aurka gailenduz gero, Bengoetxea VI.a edukiko luke aurrez aurre. Bi aldiz neurtu da aurrelari nafarraren aurka txapelketa honetan, eta bietan galdu du bizkaitarrak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo