2010-2011 ikasturteari begira
AdostasuniK gabe badator Bologna ereduna
Batzuentzat beharrezkoa eta beste askorentzat inposatua. Ikasteko eta irakasteko eran aldaketa ugari ekarriko du. Euskarari eta familien poltsikoei kalte egingo diola nabarmendu dute askok. Alde askotako eztabaida da Bolognako prozesuak Euskal Herriko campusetan eragiten duena, eta iritzi ezberdinak bildu ditu GARAk.
Oihana LLORENTE
Hamar urte igaro dira Bologna prozesua hitzartu zenetik eta urtebete barru jarriko da indarrean, 2010-2011 ikasturtean, alegia. Kalapita handia eragin du 29 estatutako Hezkuntza ministroek Bolognan sinatutako hitzarmen honek. Makina bat dira Bolognaren aurka piztutako ikasle protestak, Europan zein gurean; alta, badira egungo unibertsitate eredu zaharkitura beharrezkoak diren aldaketak ekarriko dituela esaten dutenak.
Prozesuaren aldekotasunarekin edo gabe, Bologna prozesua indarrean jartzen ari da eta gure unibertsitateetara ekarriko dituen aldaketak nabariak dira dagoeneko.
Bologna abian jarri zenetik urteak igaro diren arren, haren ezagutza eskasa da unibertsitate esparruan eta, are urriagoa hortik at. GARAk gertutik ezagutu nahi izan du unibertsitateetara ekarriko dituen aldaketak eta horretarako Bolognaren alde zein kontra dauden irakasle eta ikasleekin izan da, hezkuntzako protagonistei hitza eman eta euren ahotik Bologna ezagutarazteko.
Nekane Balluerka EHUko Psikologia irakaslea izateaz gainera, Ignacio Perezen errektoretza taldeko kidea izan zen. Kalitatea eta ikasketa berrikuntzaz arduratzen zen eta, hortaz, Bolognaren gorabeherak gertutik ezagutzen ditu. Horren aldekoa da bera, arriskuak daudela aitortu arren, ekar ditzakeen hobekuntzak handiak direla baiteritzo.
Bologna prozesuaren oinarrian, ikasle eta irakasleen mugikortasuna sustatzea dagoela defendatzen du Balluerkak. «Horixe da funtsa, eta horretarako jartzen da abian Bologna, Europa mailako titulazioen homologazioa hobetu eta titulazioen kalitatea bermatzeko», eman du aditzera.
Bologna prozesuak ikasgelan ematen diren jakintza orduak eraldatuko ditu, baita klasetik kanpoko lana eta ebaluatzeko modua ere. Metodologiaren eraldaketa ekarriko duen prozesu honek sakoneko hiru aldaketa dakartza: titulazioen antolaketa eredua, edukiak alboratu eta konpetentzietan oinarrituko den curriculuma eta ECTS kredituak.
Egun lizentziatura gisa ezagutzen ditugun ikasketak gradu bilakatuko dira Bolognarekin, eta oro har lau urtetakoak izango dira, 240 kreditu inguru izango dituzte urte bakoitzeko 60 kreditu aintzat hartzen baitira. Hala ere, Medikuntzak, Arkitekturak eta gisa honetako graduek, orain arte bezala, kreditu gehiago izango dituzte, 300 edo 360 inguru.
Balluerkaren arabera, etorkizunean ere orain bezala, gradu bat eginda lan munduan sartzeko aukerak egongo dira. Hala eta guztiz ere, gradua egin ondoren graduondoko ikasketak edo masterra egiteko joera izango dela aurreikusten du.
Curriculumean ere eraldaketa nabaria ekarriko du Bolognak. Izan ere, edukietan oinarritu beharrean konpetentziak izango ditu ardatz curriculumak. Horiek horrela, egungo eskola magistralez gain, talde lanak, mintegiek eta proiektuek indarra hartuko dutela nabarmendu du Balluerkak.
Oier Ortiz de Lejarazu gasteiztarra Mondragon Unibertsitatean Ingeniaritza Elektronikoa ikasten ari da eta unibertsitate horretan aurten jarri da indarrean Bologna prozesua lehen mailan. Emandako aldaketa «izugarria» izan dela adierazi dio GARAri.
Metodologia «oso bestelakoa» dela azaldu du gazteak, azterketa guztiak otsailean eta ekainean egin beharrean, ikasturte osoan kontrolen bidez ebaluaketa jarraia egiten dela adierazi du. Ebaluatzeko modua ere bestelakoa dela azaldu du, ikasgaien ordez konpetentziak neurtzen direlako. «Ez dago fisika edo matematikako azterketarik, bi ikasgai horiek biltzen dituen arazo bati aurre egiten badiozu konpetentzia hori menderatzen duzula suposatzen da», azaldu du gazteak. Talde lana, aitzindaritza... horrelakoak dira ebaluatzen diren konpetentziak.
Gainera, seihilekoa gainditzeko konpetentzien ehuneko zehatz bat gainditu beharra dago, eta kale eginez gero, seihileko osoa da errepikatu beharrekoa.
Kredituaren aldaketa: ECTS
Mugikortasuna sustatzea Bolognaren helburuetariko bat izaki, Europan zehar ematen diren tituluek homologagarriak izan beharko lukete eta horretarako sortua da ECTS kreditua. Balluerkak azaldu bezala, egun ez dira neurri berak erabiltzen herrialde eta unibertsitateetan eta horrek baliozkotzea zaildu egiten du. ECTS delakoa, beraz, homologazioa aurrera eramateko Europa osorako sortutako kreditu komuna da.
ECTS kredituak 25 orduko lana ebaluatzen du, presentziazko ikaskuntza eta ez-presentziazkoa aintzat hartuz. 25 ordu horietatik 10 besterik ez dira eskola orduak; nahiz eta kopuruek ez dute zertan bat etorri leku guztietan.
Kreditu honek «irakaskuntzaren iraultza» dakarrela deritzo Balluerkak, eta, bere ustez, horixe da Bolognaren «alderdi positiboena». Orain arte, zehaztu duenez, 10 eskola ordu prestatzea zen irakaslearen lana, eta hortik aurrera, ikasleen beste zereginen gainean iraskasleak kezkatu beharrik ez zuela salatu du. Orain ordea, Bolognako prozesuarekin ikasgaia modu sistematikoago batean prestatu behar dela deritzo, ez-presentziazko ikaskuntza hori ebaluatu behar baita. Balluerkaren esanetan, irakasleen lana «oso ikusgarria» bilakatuko da eta, hortaz, iraskaleen arteko lana, rolak eta funtzioak, koordinatuagoak egongo direla ziurtatu du.
Arrasaten jada irakasleek beste antolakuntza eredu bat abian dutela azaldu du bertako ikasleak. Oinarrizko Zientzietako Departamendua desagertu eta irakasleak espezializaziora errotuago antolatzen direla azaldu du. «Irakasleak egiten duguna `bisibilizatzea' positiboa da, orain arte katedraren askatasunaren argudioarekin, gela barruan norberak nahi zuena egiten zuen», adierazi du Balluerkak. Irakasleriaren artean ordea, Bolognarekiko erresistentzia handia dagoela aitortu du.
GARAk elkarrizketatu dituen ikasle guztiek bat egiten dute metodologiaren eraldaketa «ezinbestekoa» dela esatean, egungo eredua zaharkitua dagoela-eta, baina ez dute sinesten Bolognako paperetan esaten dena ikasgelan gertatuko denik. Ikasleen lana estuki jarraitzeko, irakasleen lana biderkatu beharko litzatekeela nabarmentzen dute, eta horretarako ikasle bakoitzak tutore bat eduki, edo ikasle taldeak asko murriztu beharko liratekeela aurreikusten dute.
Oso ondo deritzote ikasleen ahalegina aintzat hartzeari, eta azken emaitza azterketa gainditzeko duten memorizatzeko gaitasunean bakarrik ez oinarritzea «primerakoa» dela diote. Haatik, praktikan ehun ikaslez osatutako ikasgela batean ikusten du bere burua Alaitz Gonzalez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleak, «lanez leporaino, etxeko lan mordoarekin eta jarraipena egingo ez didan iraskasle batekin».
Krisiaren aitzakiapean, unibertsitateak aurrekontu murrizketa «itzela» jasan duela ekarri du gogora, eta, hortaz, errektoretza taldeak Bologna UPNAn nola aplikatuko duten ere ez dakitela salatu du, «nola lortuko dituzte gure jarraipena egiteko beharrezkoak diren irakasleak?» galdetu du.
Aldaketak ordea, ez die irakasleei soilik eragingo, ikasleek ere zuzenean jasango dituzte Bologna prozesuaren ondorioak. Balluerkaren hitzetan, ikasgaia egunean eramatera behartuta egongo dira ikasleak, klasetik at ere lan gehiago egin beharko dute-eta.
Kredituen eradaketaren ondorioz, ikasleak egunean zortzi ordu eman beharko ditu ikasten, eskola orduetan zein eskola orduetatik kanpo, langileak batez beste lanean ematen dituen ordu kopuru bera alegia. Horiek horrela, ikasketak eta lana uztartzeko aukerarik ez dagoela salatzen dute Bolognaren aurka direnak.
Mondragon Unibertsitateak MCC kooperatibarekin duen lotura dela-eta, orain arte ikasleek bertan lan egiteko aukera izan dutela ekarri du gogora Ortiz de Lejarazuk, askok gainera ikasketak horrela ordaindu dituztela gaineratu du. Orain ordea, lan egiteko aukera hori aztertzen ari direla adierazi du, lanean igarotako orduak kreditu bilakatuz edo... Hala ere, «oraindik ez dago ezer argirik», salatu du.
Gonzalezek azaldu zuenez, NUPek eskoletara joan gabe ikasteko aukera eskainiko du; dena den, hori ikaslearen espedientean zehaztuko dela ohartarazi du, hots, bertan «lanaldi osoko ikaslea, partziala edo bestelakoa» den agertuko da. «Kalifikazio berezi bat egongo dela diote, baina zein pisu izango du horrek gure espedientean?», galdetu du.
Bologna prozesua oraindik indarrean ez dagoen arren, aldaketak dagoeneko nabariak direla adierazi dute ikasleek. Eskoletara joateko derrigortasuna ia erabatekoa dela diote, bertan sinatu beharra dagoela eta eskoletara huts egiteagatik gurasoei deitu izan zaiela ere salatu dute ikasleek, «ikastolara bueltatu garela dirudi», salatu dute.
Lan partziala egiten duen ikasleria ezin dela galdu uste du Balluerkak, eta horretarako campus birtualari «askoz ofizialtasun handiagoa» eman beharko litzaiokeela nabarmendu du. Era honetan «irakaskuntza birtuala askoz gehiago aprobetxatuko» litzatekeela nabarmenduz. Haren aburuz, hori da lan egiten duten ikasleei eskaini behar zaien aukera, nahiz eta titulazio batzuetan hori erraza ez dela onartu, Medikuntza kasu.
Campus birtuala indarrean da EHUn, baina ikasgai bakan batzuk birtualki ematen diren arren, titulazio guztiak ofizialki presentzialak dira, eta, hortaz, gaur egun behintzat ez zaio irtenbiderik eskaintzen lan egiten duten ikasle hoiei. Balluerkak konfiantza du egungo errektoretza taldearengan eta ziur da campus birtuala buruan izango dutela.
Ingelesaren presentzia
Ikasleen eta irakasleen mugikortasuna sustatzeko titulazioak homologatzeaz gainera, hizkuntzen ezagutza ezinbestekoa da, hori baita herrialde batetik bestera mugitzeko giltza. Balluerkak ongi daki hori, eta behar horiei erantzuteko EHUn eleaniztasun plan bat martxan jarri zutela ekarri du gogora. Egun 80 dira ingelesez edota beste hizkuntza batean ematen diren ikasgaiak, eta joera hori izan dadin pausoa ematen duten irakasleei, bi urteetan irakaskuntza jarduera erdira jaisten zaiela adierazi du Balluerkak.
Datozen urteetan gainera, irakasle ugari erretiratuko dela gogoratu du eta, hortaz, jende berria kontratatzeko garaian, profil eleanitzak lehenetsiko direla aitortu du.
Ikasleen artean, ordea, ez dute denek begi onez ikusten ikasgaiak ingelesez izatea, EHUn Euskal Filologia ikasten duen Ixone Agirrezabalaren ustez, ez da aintzat hartzen ikaslearen jakintza maila. Haren iritziko, eskolan eta batxilergoan ikasitakoarekin ez da nahikoa testu espezializatuak ingelesez ulertzeko eta, hortaz, akademia batera joateko beharra ere sor daiteke.
Euskara eta gaztelaniaz gainera, gurean diren unibertsitateetan ingelesa edota bestelako hizkuntzak erabiltzeak ondorio kaltegarriak ekar diezazkioke gure hizkuntzari. NUPeko ikasleak argi du hori eta «egun, euskara bigarren mailakoa bada, Bolognarekin hirugarren edo laugarren mailan geratuko» ez ote den kexu da.
Euskararen egoera
NUPen, soilik Irakasle ikasketak egin daitezke oso-osorik euskaraz. Gainontzekoetan eta Euskararen Plan Estrategikoa ondoen beteta, lehen mailan hiru ikasgai, bigarrenean bi eta hirugarren mailan bakarra. «Hori da ikasle nafarrok euskaraz ikasteko dugun eskubidea», salatu du Gonzalezek.
Balluerkak ez du euskararen egoera arriskuan ikusten EHUn eta egungo errektoretza taldearentzat hizkuntza hori lehen mailakoa dela defendatu du. Bere konpromisoa gainera, gradu guztiak euskaraz eskaintzea dela ekarri du gogora eta «hori beteko» duela ziur da Psikologiako irakaslea.
Graduetan euskararen egoera ziurtatuta egongo den arren, masterren egoera oso bestelakoa izango dela aitortu du Balluerkak. Bolognak bultzatu nahi duen mugikortasuna masterretan emango da batik bat, eta masterren bidez unibertsitateak nazioartean presente egon nahi duenez, ingelesak pisu handia edukiko du.
Horiek horrela, euskarak leku urria izango duela ondoriozta daiteke. Masterren joera gainera, mistoa izango dela deritzo irakasleak, hau da ingelesa, gaztelania eta euskara batuko dituena.
EHUk ez du euskaraz eman beharreko gutxieneko master kopuru bat ere zehaztuko eta euskara master mailan bultzatzeko aurreikusia duen bakarra laguntza ekonomikoen bidez sustatzea da.
Nahiz eta EHUn euskara gradu guztietan ziurtatu, «masterrak izango dira ikasleen lan bizitzarekin harreman zuzena izango duten edukiak eta hortaz, euskararen espezializazioan eta lan munduaren euskalduntzean atzerapauso itzela» ekarriko du horrek, Ixo- ne Arrizabalagaren iritziz. Mondragon Unibertsitateko ikaslea ere iritzi berekoa da eta aurten, bere unibertsitatean abian jarri den Bologna prozesu honen nondik norakoak azaldu ditu.
Ikasketak eta merkatua
Arrasaten eredu bakarra da abian jarri dena. Eleanitza da eta euskara, gaztelania eta ingelesa biltzen ditu; lehena %60an, eta besteak %20an. Honek ordea, arazo praktiko batzuk ekarri dituela deritzo ikasleak, ikasleak eredu bakarrean bilduz erderarako joera nabaria dela nabarmendu du eta egiten diren txostenetan gehien erabiltzen den hizkuntza gaztelania dela dio.
Euskaraz irakasten diren ikasgai gehienak graduaren lehen bi urteetakoak direla ere salatu du eta, hortaz, karrera espezializatuz doan heinean, euskarazko edukiak desagertzen doazela kritikatu du gogor ikasle gasteiztarrak.
Boloniaren aurka bolo-bolo dabilen argudioa hezkuntzaren merkantilizazioa da eta historiari so ere egiten zaio argudio hau arrazoiz janzteko.
Munduko Merkataritza Elkarteak Zerbitzuen Salerosketarako Akordio Orokorra sinatu zuen 1994. urtean, eta bertan jasotako 160 zerbitzuen artean goi mailako hezkuntza kokatzen zen. Lau urte besterik igaro ez zirenean Bologna prozesuaren hazia landatzeari ekin zioten Alemania, Frantzia, Italia eta Britainia Handiak, eta urtebeteren buruan, 1999an, sinatu zen Bolongnako hitzarmena. Asko dira bi hitzarmenen artean harreman estua dagoela uste dutenak.
Balluerkak ez du uste Bologna prozesuaren bidez, unibertsitatea enpresari salduko zaionik, eta prozesua Hezkuntza ministroek bultzatu dutela ekarri du gogora. Haren ustez, berrikuntzek, enpresek izan ditzaketen beharrei erantzuteaz gain, gizartearen beharrei ere erantzun beharko liekete. «Ikasketen ostean, lan munduan sartu nahi dute ikasleek, eta horretarako, hainbat zeharkako konpententzia landu behar dira, txosten egoki bat idazteko gai izatea, jende aurrean hitz egiten jakitea, taldean lan egitea... Egia da enpresek eskatzen dituztela, baina konpetentzia horiek onuragarriak dira gizartean murgiltzeko ere», adierazi du irakasleak.
Unibertsitatearen merkantilizazioa ez gertazea, guztion esku dagoela baieztatu du Balluerkak eta unibertsitateak bere plan eta proiektuak egiteko «autonomia» duela eta «horri heldu» behar zaiola defendatu du.
Oier Ortiz de Lejarazu gasteiztarraren ustez, Bologna prozesua abian denetik merkatuak eta unibertsitateak duen harremana «gehiegizkoa» da. Metodologiaren eraldaketarekin batera, makina bat proiektu aurrera eramaten ari dira urteotan Mondragon Unibertsitatean eta proiektu hauek, ikasleen prestakuntzarako baliagarriak izateaz gainera, enpresen jomuga ere bilakatzen ari dira.
Unibertsitateak sortzen duen lan esku hau gainera, ez da inolaz ere ordaintzen, are gehiago, ikasleek beraiek lan egiteagatik ordaindu egiten dutela salatu du Ortiz de Lejarazuk. Zehazki, Arrasateko unibertsitatean graduko matrikula 4.500 eurokoa dela ekarri du gogora.
Ikasle honen iritziko, enpresen esku sartzearekin ikasi beharreko edukiak eta hauek ebaluatzeko modua merkatuaren arabera baldintzatzen da. Adibide gisa, Ingeniaritza Elektroniko ikasketetako bosgarren mailako ikasleak urte osoan zehar Ormazabal enpresak aurkeztutako proiektua egin behar dutela adierazi du, eta behin ekaina iritsita, ikasleak enpresara hurbildu eta bertan lana aurkeztu beharko dutela zehaztu du.
Ikasketak merkatuaren logikaren arabera antolatuz gero, gizarteak eta herritarrek dituzten beharrak «albo batera» utziko direla ziur da gazte gasteiztarra. Are gehiago, Bolognaren aplikazioa orain dela urte batzuk abiatu izan balitz, ikasketa gehienak eraikuntzara bideratuta egongo liratekeela uste du, orduan hori baitzen goren-gorenean zegoen sektorea; «eta ikusi orain non egongo ginateke ikasleak, kale gorrian!», kexu da. Eztabaida irekia da, beraz, baina Bologna gero eta gertuago dago.
Bolognako hitzarmena duela hamar urte abiatu arren, haren ezagutza oso eskasa da ikasleen artean. Ixone Arrizabalaga kexu da, informazio bila joan eta erantzunik jaso ez dutelako urte luzeetan. «Inor ez da gugana etorri Bologna zer den azaltzera eta are gutxiago gure iritzia galdetzera», azaldu du haserre.
Balluerka ados dago eta EHUk ikasleriari hitza ematen ez duela asmatu onartu du. Haren ustez, «funtsezkoa» da ikasleak informatzea eta euren iritziak plazaratzeko aukera ematea, eta «kezkagarria» deritzo hori lortu ez izanari.O.L
Lan handia dago oraindik Bologna prozesua martxan jarri ahal izateko eta hamar urte hauetan aurrerapausoak eman diren arren, azkar aritu beharko dira azken urte honetan.
Nekane Balluerka Psikologiako iraskaleak orain arte EHUn egin den lana azaldu digu. Ofizialki ez den arren, egun 21 ikasketa tituluetan ECTS kredituak martxan direla ekarri du gogora eta gelan berrikuntzak sartzera iritsi ez diren arren, 1800 irakasle formatu direla nabarmendu du. Funtsean ordea, orain arte egin den lan nagusia tituluen plangintzan oinarritu dela dio; «paperaren gainean egin dugu lan», adierazi du irakasleak.
Hemendik aurrera dagoen egiteko nagusia tituluen egiaztatzean oinarritzen da; titulazioa martxan jartzeko zigilua da egiaztatzea eta hori eskuratzeko graduen gainean egiten diren proposamenak filtro ugari igaro beharko dituzte datozen hileetan.
Une honetan fakultate bakoitza bere karrerak aztertu eta horiek gradu bilakatzeko lanean ari da. Proposamen horiek guztiak, uztailean pasako dira EHUko Gobernu Kontseilura eta bertan ontzat eman ondoren, Madrilera igorri beharko dira, han ANECAk begiratu, eta ondoren Unibertsitateen Kontseiluaren oniritzia lortu beharko da, gradua erregistrora irits dadin.
EHUko fakultate guztiak une honetan titulazioak planifikatzen ari direla aipatu du Balluerkak; graduen inguruko txostenak eginez, batzorde desberdinen barruan informatuz... Ondoren, Lakuako Gobernuak duen kalitate agentziara joango dira proposamenak eta handik igaro ostean, EHUko Gobernu Kontseilura.
Uztailean iritsiko dira proposamenak EHUko Gobernu Kontseilura, eta ondoren ANECAk hartuko ditu. Aurreikuspenen arabera, bost hilabete beharko ditu asko jota proposamenak ebaluatzeko.
Denboraz estu dabil Bolognaren aplikazioa. Balluerka kexu da, Gobernuak «oso mantso aritu» direlako urte hauetan eta, 2007. urtera arte gobernuek dekreturik ez dutela ezarri kritikatu du. Bien bitartean ordea, unibertsitatea «bere lana egiten» aritu dela defendatu du eta horren lekuko kokatu ditu programa pilotuak martxan jarrri izana edota emandako prestakuntza ikastaroak... Hala eta guztiz ere, Balluerkak ez du zalantzarik eta 2010-2011 ikasturtean Bologna prozesua martxan izango dela.
Egiaztatzeak hamar atal gainditu behar dituela azaldu du irakasleak, hamar baldintza hain zuzen ere. Horiek betetzea ezinbestekoa da egungo lizentziatura gradu bilakatzeko. Horien artean ikasle kopuruari dagokiona dago, graduak 30 ikasle baino gehiago izan beharko baititu ezinbestean. Era berean, ikasketa plana ere aztertzen da gradua egiaztatzerakoan, konpetentziak, jarduerak, ebaluaketa eta erabiliko den metodologia aztertuz.
Ikasturteak aurrera joan ahala, euskara dezagertzen doa, graduko azken kurtsoe- tan eta bereziki masterretan, lan munduarekin harreman estua duten edukietan hain zuzen ere.
Eztabaida sutsua piztu da EHUk Gasteizen duen letretako fakultatean. Bertan karrera gehienetan 30 ikasletik behera daude eta asko desagertzeko arriskuan dira, bertako dekanoa ere kargua uztekotan egon da. Balluerkak «gehigikeriatzat» jo du gertatutakoa, oraindik ezer ez baitago erabakita. Ikasle kopuru txikia duten karreretan proposamen logikoena lehenengo ikasturteak enbor komun bat izatea dela defendatu du irakasleak. Hala eta guztiz ere, salbuespenak egongo direla ziur da eta Filosofia horietako bat izango dela ere esan du. O.L