GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Joxean Agirre Agirre Soziologoa

Zuekin, zuei

Asteburu honetan euskal preso politikoek ez dute bisitarik izan, Etxeratek sakabanaketa salatzeko egin duen kanpainarekin bat eginda. Preso horien gainean eta preso horiei idazten die Joxean Agirrek gaurko artikuluan, espetxe politika eta oro har presoen Kolektiboa suntsitzeko bitarteko guztiak, esate baterako, «sekula preso bati idatzi gabe, presoez etengabe idaztetik bizi direnak» salatuta, sakabanaketaren porrota nabarmenduta eta euskal presoak ezker abertzalearen «indar erreserba» direla iritzita.

Asteburu honetan ez dute bisitarik izango; beraz, barruak aspaldi eskatzen didanari kasu eginez, kartzeletako egoera hartuko dut hizpide edo, hobe esanda, kartzeletan dauden gizon-emakumeei zuzenduko natzaie. Ez da ohiko ariketa presoei idaztea. Lagunek, senideek tenkatu ohi dute komunikazioaren soka eskutitz pertsonalak medio, oso garrantzitsua delako Euskal Herriaren eta auskalo noizko espetxe urrunaren arteko distantzia laburtzea. Nik dakidala, badira 70 urte, Gerra Zibilean nazionalek Nafarroa eta Araba hartu zituztenetik, presorik gabeko egun bakar bat bera ere izan ez dugula, 1977ko indultuaren ondorengo lehen astea izan ezik.

Urte hauetan guztietan gutun askok zeharkatu dute infernuaren eta etxeko sukaldearen arteko tunel luzea. Irribarre edo malko baten indarra izan gabe ere, presoaren barne muina kilikatu duten miloika hitz dabiltza dantzan gure historia txikian, guztiz inoiz ildaskatzen ez dugun urruneko itsasoetan atzera eta aurrera. Kanpotik barrukoei edo giltzapetik kanpokoei zuzendutakoak, gai eta kezka berberak errepikatu arren, hitzen egonarriak beti uzten du kondar berriren bat. Presoek salabardoa daukate, hitzei gatza kendu eta behin harrapatuta poltsikoratzeko. Erresistentziaren artea deitzen zaio horri.

Badira, ordea, sekula preso bati idatzi gabe, presoez etengabe idaztetik bizi direnak. Edozein aitzakia da ona: ETA ahultzeko espetxe-estrategiaren zirkinak, Kolektiboaren baitan antzematen diren ezberdintasunak hauspotzeko irrika, izugarri garesti ordaintzen dioten prentsa-zutabeari halamoduzko suspentsea emateko jardutea. Idaztearen truke, presoak eta haien senideak xehatzearen truke, mertzenario bizibidea aukeratu zuen jendea badago. Gutxi batzuk ezagutzen ditut bederen.

Askoz zailagoa egiten zait, aitzitik, presoen ingurumarien kariaz, hitza zitalki erabili duten beste batzuen portaera ulertzea. Gasteizen arrakasta handiz amaitu berri den Korrika 16 dela eta, eskuin muturreko jagole espainiarrek euskal preso politikoen argazkiak bertan egotea salatu dute. Torquemadaren oinordekotza hartuta, zeregin aspergarria hartu dute beren gain: estatu zuzenbidearen marrak defendatzea eta epaileen kontakatilu lana burutzea. Bakoitzak berea.

Nolanahi ere, euskaragintzaren urbazter zabaletan lekututa dauden beste iritzi emale batzuen aburuak afera horrekin bat etorri dira eta, hara non, Korrika eta presoen arteko nahasmenduari buruz idazteari ekin diote. Aingeru Epaltza, aspalditxo «Ur uherrak» liburua idatzi zuen nafarrak perla ahaztu ezinak utzi dizkigu Iruñean ikusi zuena komentatzeko, hala nola «areago ematen zuen ezker abertzaleko presoen aldeko karrera, euskararen aldekoa baino». Azkarra da gero!, ondorioztatzen baitu presoen aldeko presentzia eta erreibindikazioa «berez etorritako gauza gabe, kontu antolatua zela». Txapliguak zerua urratu ondoren, blogari anonimoek, saltsero profesionalek eta AEKko bakarren batek aurkitu zuten presoek eta haien sostenguan dabiltzanek ordezkatzen duten setakeriaren aurkako formula magistrala: denena omen den lasterketaz gutxi batzuk jabetu ziren Korrikan zehar. Haiek bai, ura uhertu nahi izan dute.

Nolanahi ere, badago mundu honetan NaBai-ren kalkulua baino egitasmo kulunkagarri arriskutsuagorik. Izan ere, presoen gaineko kontrol politikoa eta erabilera mediatikoa areagotzen ari da. Enegarrenez areagotu, honek dakarren guztiarekin: miaketak, grabaketak, toxikazioak, ondasunen lapurreta, intimitatearen urraketa, dispertsioaren gogortzea... Badakite Kolektiboa menderagaitza dela, eta hogei urteotan aldez edo moldez saiatu badira ere, erdietsi nahi zutena ez dutela lortu. Beraz, sakabanaketa, espetxe politika bera, porrot hutsa dira. Ezker abertzalearen kontrako jardute orokorraren baitako azpilerro antzua da, samina zabaltzeko besterik ez baitu balio.

Hala eta guztiz ere, hilabeteak joan hilabeteak etorri, tematuta dabiltza gaiarekin. Vocento, Prisa, EiTB, Noticias, denak daude gormutuen zeinukera ezagutzen ez duen irakurleria Harpo Marx-en mimikarekin limurtzeko ahaleginean. Presoen argazkiak ikonografia iraingarria dira. Plazetatik ere desagertu beharko dira, Patxi Lopezek aurreratu duen bezala. Bitartean, Zuerara edo Villabonara nor daramaten bihurtuko dute albiste. Ez diote zirrikiturik utziko bizi arteko kartzela ezarri berri dioten azken preso politikoaren gogoetari. Dispertsioak hogei urte dirauela eraginkortasun klabean aztertu dute, lotsagabeki, Karmele Solaguren, Mikel Ibañez, Jose Mari Sagardui, Oihane Errazkin nortzuk diren (edo ziren, zorigaitzez) galdetu gabe. Malkoak hormatu egiten zaizkit horren hotz idaztegatik, barruko sumendi horri irteera ez emateagatik. Zibilizatuegia, arrunt neurtua da iritzi saileko arau-liburua.

Duela sei hilabete edo, kartzelako lagun batek idatzi zidan. Abagune politikoari astindutxoa ematean, arazoa indar kontua dela esaten zidan. Hau da, gure benetako indarretan oinarritu behar dugula edozein urrats, handia zein txikia, zeren arrazoi izateak ez du ezertarako balio baldin eta indar nahikorik ez badugu. Funtsean ados, baina nago, uste baino indar gehiago badugula. Bai, behintzat, erakusten duguna baino. Eta zuek, hamarka espetxetan sakabanatuta dagoen altxor politiko hori, ezker abertzale osoaren indar erreserba zarete. Arazo fisiko, neke, desamodio eta etsipen mota guztien gainetik, indarra hedatzen duzue. Milaka lekukotza xume daude, baina gaurkoan bakar bat ekarriko dut akordura. Jokin Urain Kixkur Herreran ezagutu nuen, ni bezala kartzelan sartu berria zela. Espetxeratu eta gutxira aita izan zen, 1986. urtean. Orduz geroztik, hogeita hamairu urte joan direlarik, mende aldaketa, poloen pixkanakako urtzea, euroa, bloke sobietarraren desagertzea, Irlandako udaberria eta ez dakit zenbat kontu gehiago ezagutu ditugun. Halere, Kixkur kartzelan dago oraindik, Palentziako La Moralejan. Egun, hogeita hiru urte lehenago jaio zen bere semea, Hodeiertz, Valdemoroko kartzelan dagoen beste preso politiko bat da. Beste behin ere kiribildu egin zaigu belaunaldien arteko soka, eta fusila pizten duen suak gainditu du bere soslai metaforikoa.

Badakit jakin, atetzarrak beste mila urte itxita jarraitu arren, euskal preso politikoen Kolektibotik sekula ez direla arrenkura eta marrurik iritsiko. Gure indar eta dohainen arabera ondo jokatzea, gure estrategia azkarki atontzea, tinko eustea galdegingo digute. Jokoan dagoena ez baita euren etorkizuna soilik, herri honen bideragarritasuna baizik. Baina indar korrelazioa aldatzeko dispertsioari amaiera ematea, gure presoen argazkiak harrotasunez erakustea, beren egoera eta ekarpenak jendarteratzea ez dira itzal txikiko beharlekuak. Firin-faran gabiltza askotan, burumakur eta listua zintzurretik ez gora ez behera bestetan, baina zuen 739 begiradek epeltzen digute bihotza. Bada nonbait behar adina indar, pentsa liteke. Baina ez zen zuzena izango lan horiek guztiak beren bizkarzorroan sartzea. Kantak dioen bezala: «Hire indarraren beharra di(n)agu, gure indarrarekin batera». Durangotik bat eginik, milaka muxu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo