Ainara Gorostitzu 2009/4/15
Beldurra
berria
Beldurra pasatu zuen Marisa Arrue PP-ko Getxoko zinegotziak iazko abuztuaren 10ean. Hala adierazi zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean. Beldurra, Zigor Goikoetxeak heriotza mehatxuak egin omen zizkiolako.
Hitzak dira epaiketako froga bakar. Arrueren hitzak eta Goikoetxearenak -ukatu egin zuen Arrue mehatxatu izana, han izan ziren udaltzainek eta defentsaren lekuko batek bezala-.
Goikoetxea kartzelan dago, abuztuaren 25etik Fernando Andreu epailearen aginduz, «agintarien aurkako atentatua» leporatuta. Kartzelatze horretan, salatuaren eta salatzailearen «egoera eta aurrekari pertsonalak» kontuan izateko eskatu zuen fiskalak. Egoera pertsonalari begira, Zigor Arkaitz Goikoetxea ustezko etakidearen anaia izatea kontuan eduki zuen epaileak. Aurrekariei dagokionez, baina, inork ez du gogoan Arruek Algortako gaztetxeko hainbat gazteren aurkako epaiketa aretoan zegoen ertzain bat seinalatu zuela ustezko erasotzaile moduan, «erabat ziur».
Eta Arrue mintzo da beldurraz.