GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

...ari-topaketak lehen

Zein gauza inportantea den denbora politikan! Eguraldia ez, demontre, denbora! Erlojuko orratzek markatzen duten hori berori. Tiki-taka. Tempus edo, politikan ustez adituak direnek gustuko duten berba erabiltzearren. Tempus! Niri, egia esan, tempusa bifidusaren hurrena iruditzen zait. Baina tira, ni ez naiz politikan aditua, hemengo politikako gauzak adi-adi segitzen saiatu arren. Alferrik saiatu baina. Inportantea gero denbora! Horra, Legebiltzar osatu berri horretan jelkideen erlojuak kontrolatzen omen du denbora, momentuz. Eta litekeena da denboraldi batez denbora bera geldiaraztea. Orratzak izoztea. Zertarako eta kopako finalaren egunean oraindik ere euren Lehendakaria dena ez dakit nongo futbol-zelaiko palkoan lehendakari jesarri dadin. Eta Legebiltzar horretan bestelako jaungoikoa eta bestelako lege zaharrak dituztenak, ordea, orratzei xaxaka, arinago mugitu daitezen mehatxuka, kopako finalaren egunean ez dakit nongo futbol-zelaiko palkoan euren buru dena jesarri dadin lehendakari. Lehengo ahari-topaketa barik, lehendakariena ikusi beharko. Tira! hainbeste kontu eta kontu-ostek benetako helburua zera dute: monarkaren eskuinean zein jesarriko!

Baina zer dute jesarleku batzuek hainbeste ipurdi erakartzeko? Zer bero-mota izan daiteke horiek igorria? Zer edo zer ezkutatu behar dute jesarlekuok lehendakari izateko denak oraindik lehendakari denarena gozatu nahi ez izateko. Jesarlekuan izan behar da arazoa, bi pertsona horien atzealdeko anatomian ez baita aparteko motiborik igartzen. Anatomian aditua ez banaiz ere. Tira, legebiltzar guztietan garagardotegiko aulkiak baino ez baleude ipurdiragarri, demokraziatik gertuago geundeke, dudarik gabe, edozein plaza izan bailiteke legebiltzarra, enparantza ez bada ere. Bilera amaitu eta di-da batean legebiltzarkide bakoitzak bere aulkia hartu, hautsa astindu, tolestu eta ormaren kontra pilatuko luke modu ordenatuan. Hurrengora arte. Horrela inoren ipurdiak ez zion behin betiko gustua hartuko inongo jesarleku publikoko belusari. Baina gaur-gaurkoz hori utopia da, demokrazia bera den moduan. Eta Legebiltzar horretan lehenengo gai-ordena dagoz prestatzen jada. Puntu batean behintzat adostasun handia izango bide dute: hemendik aurrerantzean Auzitegi Nazionaleko autoek izango duten difusorea konstituzioz legezkoa izango da. Eta behi-esnea galipotetik isurian...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo