Euskal presoen eskubideak defendatzeko konpromisoa eskatu dute senideek
Hogeita bat euskal preso politiko zendu dira azken hamarkadetan espetxe espainoletan eta frantsesetan. Atzo, Donostiako Etxerat-en ekitaldian, kartzelan zendutako Oihana Errazkin donostiarra ekarri zuten gogora. Elkartasunaz gain, presoen aldeko konpromisoa eskatu zuten.
Gari MUJIKA |
«Beti penetan, beti penetan bizi nahiz bizitza honetan», dio Benito Lertxundik abesti batean, Etxerat-eko kide Manu Errazkinek atzo Donostiako Bulebarrean aipatu zuen bezala. Euskal preso politikoen aurkako errepresioaren areagotzearen ondotik, esaldi horrek, akaso, senide baten bizitza islatzeko balio lezakeela pentsa liteke, baina Errazkinek, aldiz, argi utzi zuen senideen pentsaera: «Gu ez gaude errukia edo pena emateko, duintasunez aritzen gara gure senideen egoeraren bozgorailu lanak egiten. Inoiz baino ezinbestekoagoa da konpromisoa».
Hala hitz egin zuen Etxerat-en Biran Donostian parte hartu zuten ehunka lagunen aurrean, orain lau urte Fleury-Merogis espetxe frantsesean bizitza galdu zuen Oihane Errazkinen aitak. Bai bere amak eta baita bere anaiak ere txalo zaparrada itzela eta lore sorta bana jaso zuten Bulebarreko kioskoan, zendutako Alde Zaharreko preso gaztearen argazkia eskuetan eusten zuten bitartean.
Goizeko hamaikak pasatxo zirenean hartu zuten hainbat senidek Etxerat-en Biraren pankarta Mirakruz gainean. Berrogei minutu igarota, Groseko Miren Bihotza eliza parean joaldun talde batek hartu zien aurrea, atzean, ordurako, ehunka eta ehunka lagun zituztela. Batzuk banderekin, beste batzuk Donostiako preso politikoen argazkiekin, eta gehienak, berriz, Estatu espainoleko eta frantseseko kartzeletara joateko zenbat kilometro egin behar diren aditzera ematen zuten elastikoak jantzita.
Bisitarik ez asteburu honetan
Atzo eta gaur, gainera, euskal herritar bakar batek ere ez du milaka kilometro egin beharrik izan. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak, sakabanaketa politikaren hogeigarren urteurrena gaitzesteko, komunikazio greba egitea erabaki baitzuen.
Donostiako Bulebarrean egindako ekitaldi xumean ohorezko aurreskua dantzatu zitzaien Oihane Errazkinen senideei, baina Almerian preso dituzten euskaldunek ere bestelako omenaldia egin zieten hiru lagunei: astebururo senideak bertara eramaten dituzten furgoneta gidariei, hain zuzen ere.
Etxerat-eko kide Manu Errazkinek banan-banan izendatu zituen dispertsioak eta kartzela politika «kriminalak» eragin dituen kalteak eta galerak. Gainera, euskal presoen aurkako errepresioaren areagotzea salatu zuen. «Baina edozer eginda ere, bakarrik utziko ditugula pentsatzen badute, erotuta daude», nabarmendu zuen.
Arratsaldean manifestazio jendetsua egin zuten Donostian, eta Ipar Euskal Herria zeharkatu zuen auto karabana egin zuten Hendaia eta Maulen, Baigorrin amaitzeko.
Hondarribian, bestalde, euskal preso politikoen eskubideen defentsan 35 lagun mobilizatu ziren atzo eta 200 Laudion. Bai Donostiatik eta baita Hondarribitik ere Etxerat elkarteak gaur Durangoko Landako erakustazokan, 12.00etan, ospatuko duen ekitaldira bertaratzeko dei berezia egin zuten.