GARA > Idatzia > > Kultura

Hatortxu Rock 10, elkartasuna eta musika hiru egunez, Lakuntzan

Hamar urte joan dira Berriozarreko frontoian lehenengo Hatortxu Rock jaialdia ospatu zenetik. Hamar urte, garak bide berri bati ekin zionetik ere. Anitzak izan dira biek tarte horretan bidean gainditu behar izan dituzten oztopoak. Badago zer ospatu, nahiz eta oraindik lanean jarraitzeko inoiz baino motibo gehiago dagoen. Horretarako, garak eta Hatortxu Rockek bat egingo dute ekainaren 19, 20 eta 21ean Lakuntzan ospatuko den elkartasun jai erraldoian.

p048_f01_148x112.jpg

Ane ARRUTI | ATARRABIA

Iraungitze-data zehaztu gabe sortu zen 1999an Hatortxu Rock, Nafarroan elkartasunerako eta dispertsioaren aurka antolatutako rock jaialdia. Hamar urte pasa dira Berriozarren Joxe Ripiau, Koma, Kashbad, Su Ta Gar eta Mareak lehenengo edizioa abiatu zutenetik eta, zorionez ala zoritxarrez, urteroko hitzordu bilakatu da. «Dispertsioaren aurka egiteko sortu zen duela hamar urte eta momentu honetan egoera are okerragoa da. Horrexegatik, aurtengoan ahalegin berezia egin dugu jaialdi erraldoi hau prestatzeko, oztopoen gainetik badugulako zer ospatu», azaldu zuen Endika Alonso antolatzaileak ostiral gauez Atarrabiako Totem aretoan egindako aurkezpen berezian. Urtarrilean ospatu zen «trantsiziozko» Hatortxu Rock 9,5i lekukoa hartuko dio, beraz, uda hasieran Hatortxu Rock 10ek, ekainaren 19, 20 eta 21ean.

Hamar urte bete ditu GARAk ere eta elkartasun jaialdi honen helburuekin eta ospakizunekin bat egin du. Josu Juaristi GARAko zuzendariak azaldu zuenez, lankidetza era naturalean sortu zen, «elkartasunerako eta elkarlanerako unea da orain inoiz baino gehiago», azaldu zuen. Hori dela eta, komunikazio kanpaina bat abiatuko dute elkarlanean, eta jaialdiari begirako bestelako ekimenik ere aurreikusi dute. Bestalde, Hatortxu Rock-erako sarrerak eta bonoak GARAren dendan eros daitezke.

70 taldetik gora

Hiru eguneko jaialdi erraldoiari ostiralean, ekainaren 19an, emango zaio hasiera. Besteak beste, honako talde hauek arituko dira Lakuntzako agertokietan: Gatillazo, Kaotiko, Etsaiak, Ekon, Reincidentes, Kauta, Banda Bassotti, Kop, Dj Jo Ta Txo, Des-kontrol, Boom Club, The Kluba, Hora Zulu, Strawberry HC, Xasta, Amaiur, Korunba, Apurka, Egurre, The Sekta, Jabi Gutierrez, Kauta, Banda Batxoki, Elektrotxaranga, Hesian eta Impekables. Gainera, gauari bukaera emateko, RIP talde mitikoko Txerra eta Yul igoko dira oholtza gainera. Aurkezpenean argi utzi nahi izan zuten ez dela RIPen itzulera izango, baina kontzertu gogoangarria eskaintzen saiatuko dira. Horretarako dozenaka taldetako abeslari zein baxu-jotzaile edo gitarrista ezagunak izango dituzte lagun.

Larunbatean, hilak 20, ere badago non aukeratua. Ia 30 talde inguruk beteko dute Hatortxu Rockeko bigarren eguna. Horien artean: Koma, Parabellum, Piperrak, Narco, Berri Txarrak, Doctor Deseo, La Pulquería, Deabruak Teilatuetan, Lehendakaris Muertos, Governors, Morau eta Agoteak, Khous, Neguri Gorriak, Eina, Habeas Corpus, El trono de Judas, Akatu, DJ Elepunto, Desechos, Arima Sutan, Ze Esatek!, Lor eta Tximeleta izango dira.

1.200 biztanle inguru dituen Lakuntza herri txikiak hartuko du elkartasun jaialdi hau aurten. Herrian hainbat gune izango dira, horietatik lau musikari eskainiak: Beriain gune nagusia, Utsaia gunea edo karpa handia, herriko plaza eta jantokiko agertokia.

Bestalde, kanpaleku zabal bat prestatuko dute milaka lagunek gauak bertan pasa ditzaten. Komunak, dutxak, kafetegia eta oinarrizko gaiak erosteko (ogia, esnea, egunkaria...) denda ere izango dira bertan. Igerileku gunera sartzeko aukera ere izango da, eta frontoia, igerilekua eta dutxak erabili ahalko dira. Gainera, hiru egun horietan ekintza ugari izango da Lakuntzako kaleetan. Herri mugimenduen azoka erraldoia prestatuko da esaterako. Teknologia gune bat ere egongo da, erakusketak, hitzaldiak...

Oraingoz sarrerak GARAren dendan eros daitezke. Datozen egunetan ohiko salmenta puntuetan ere izango dira.

«KRISTAL KOLPATUAK»

Fredi Paiaren hitzek eta Governors taldearen musikak osatzen dute 10. Hatortxu Rockeko kantua: «Kristal kolpatuak». Sorkun eta Koma-ko Brigik ere hartu dute parte koru lanetan. Bideoklipa sarean dago ikusgai.

Fitxa

Non: Lakuntza (Nafarroa).

Noiz: Ekainaren 19, 20 eta 21.

Sarrerak:

Egunekoa: Aurretik 21euro / Bertan 24 euro.

Bono Lakuntza (2 egun): Aurretik 40 euro / Bertan 45 euro.

Igandea: Doan. www.hatortxurock.org

Lehenengo aldiz, igandean, Hatortxu Eguna

Hamargarren edizioa berezia izango da zentzu guztietan. Ezaugarri nagusienetako bat ekainaren 21ean, igandean, ospatuko den lehenengo Hatortxu Eguna izango da. Sarrera doakoa izango da eta goizetik arratsera arte jai giroa nagusituko da Lakuntzan, Hatortxu Rock 10i amaiera borobila emateko. Jendetsua eta adin guztiei zuzendua izatea da antolatzaileen helburua. Gune bereziak egongo dira haurrentzat, eta Txan Magoa eta puzgarriak izango dira bertan. Herri kirolak eta artzain-txakurren erakustaldia ere izango dira, Fermin Balenciak girotutako herri bazkaria... eta nola ez, kontzertuak: Oreka TX, Kerobia, Gatibu, Betagarri, Mikel Urdangarin, Zea Mays, Leihotikan, Korrontzi, Trikizio, Mashara, Vendetta, La Gossa Sorda, Karratua Borobila da, Skontra, Gualitxo, Txortains... Nabarmentzekoa da, bestalde, 13.00etan, izango den «Hator neska mutil etxera» ekitaldia. Antolatzaileek jendeari hurbil dadin eta bertan parte hartu dezan dei egin diote, «espetxeetan daudenak gogoan izateko eta senide eta lagunek haiek bisitatzeko inoiz baino kilometro gehiago egin behar dituztela oroitarazteko». A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo