GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top 14

Aviron, aurkaririk gabe

Zuri-urdinak jaun eta jabe izan ziren, eta Bourgoin mendean hartu zuten. Zortzi entsegu lortu zituzten.

p043_f02_19262.jpg

AVIRON 61

BOURGOIN 10

Jon LEUNDA | BAIONA

Avironek berriro ere seigarren postua berreskuratu zuen atzo Bourgoin jipoituta. Beraz, berriro ere Heineken Kopako postuetan dago, eta Biarritzi, gainera, zazpigarrenari, alegia, beste puntu bateko aldea sartu dio. Une honetan zuri-urdinek zuri-gorriak hiru puntura dituzte, atzo euskaldunek zortzi entsegu egin zituzten, eta erasoko puntu gehigarria ere eskuratu ahal izan zuten. Hala, heldu den urtean Europako lehiaketarik garrantzitsuenean izateko urrats handia eman zuten.

Partidak kolore bakarra izan zuen, markagailuak erakusten duen moduan, izan ere, baionarrak jaun eta jabe izan ziren. Lehen zatian nolabaiteko oreka izan zen, nahiz eta etxekoak nagusi izan ziren, baina bigarrenean euskaldunek Bourgoin mendean hartu zuten.

Atzoko beste berri ona Garciak eman zuen. Biarritzen aurkako euskal derbian ez zen fin aritu jaurtiketetan, eta zalantza asko sortu zituen, baina atzokoan gehienak barrura sartu zituen, eta hori ere poztekoa izan zen.

Orain Liga azken txanpan sartu da, eta Aviron Europako lehiaketarik garrantzitsuena jokatzeko zorian dago, eta horrez gain, garbi dago datorren urtean ere euskaldunok Heineken Kopan ordezkari bat izango dugula, gauzak dauden moduan bi izatea ia ezinezkoa baita.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo