GARA > Idatzia > > Mundua

Nazionalista oldea espero dute Iparraldeko Zipreko hauteskundeetan

Hauteskunde aurreko analisien arabera, herritarrek Mehmet Ali Talat buruzagi turkiarraren berradiskidetze politikarekiko duten konfiantza ahultzen ari dela baieztatuko dute bozek, baina negoziatzeko duen ardura ez dute zalantzan jarriko, nazionalistek irabazi arren.

p025_f01_ona.jpg

GARA |

Gaur bertan hauteskunde aurreratuak egingo dituzte Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarrean, eta aztertzaileek adierazi dutenez, nazionalistek zulo edo arraildura bat egin beharko dute uharte zatitua berriro batzeko ahaleginak oztopatzeko.

161.000 turkiar-zipretarri egin diete hautestontzietan beren boza sartzeko deia, eta ikertzaileen ustez, herritarrek Mehmet Ali Talat agintariaren berradiskidetze politikarekiko konfiantzarik ez dutela baieztatuko dute emaitzek. Talat Rauf Denktashen ondorengo izendatu zuten 2005ean.

Garaipena nazionalistena izango balitz ere, Talaten negoziatzeko betebeharra ez luke inork zalantzan jarriko, haren bozeramaileak, Hasan Erçakicak, azaldu duenez. «Presidentea herriak aukeratu zuen eta herria ordezkatzen du», gaineratu du.

Hauteskunde aurreratuak

Turkiak soilik aitortutako diputatuek agintean den alderdi errepublikar turkiarrak (CTP, zentro-eskuina) hauteskundeak aurreratzeko egindako proposamena berretsi zuten otsailean. Normalean bost urtean behin ematen dute herritarrek boza eta hauteskundeak aurreratuta CTPk greziar-zipretarrekin egiten ari diren bake negoziazioetan duen indarra handitu nahi izan du.

Proposamena Gobernuan izandako gatazken ondoren egin dute. Mundu mailako krisi honetan gastu publikoak murrizteko plana aurkeztu zutelako sortu ziren arazo horiek.

CTP alderdi liberal erreformazalearekin, ORP nazionalistarekin, koalizioan gobernatzen ari da orain. Parlamentuko 50 eserlekuetatik 25 ditu eta bere bazkideak, bost.

Mehmet Ali Talat eta Zipreko Errepublikako presidentea, Demetris Christofias, «aurrerakoiak» direla esan ohi dute, baita beren lana komunitateak berriz elkartzera zuzenduta dagoela ere. Joan den irailean bake negoziazioak egin zituzten NBEren babesean; aurrerapen gutxi egin zuten, ordea.

CTP eta UBP, pare-parean

Zipre bitan banatuta dago 1974tik. Orduan, armada turkiarrak uhartearen iparraldeari eraso zion, nazionalista greziar-zipretarrek herrialdea Greziaren lurralde izateko jotako estatu kolpeari erantzuteko.

Uhartearen iparraldean egindako inkesten arabera, CTP, Talaten alderdia izandakoa, eta batasun nazionalaren aldeko mugimenduaren alderdia, UBP, Dervis Eroglu lehen ministro ohiarena, pare-parean egongo dira. Azken honen iritziz, CTPk garaipena lortuko balu, Talatek irlaren etorkizunari buruzko negoziazioak zuzentzen segituko luke. Eroglu eztabaida eragin eta Turkia astindu duen auzibide batean sartuta egon da berriki, Ankaran boterea duen Gobernu kontserbadore-islamiarra aldatzera zuzendutako ustezko konspirazio bat izan eta hilabete batzuetara.

Beste koalizio bat?

Inkesten arabera, baliteke CTPk gehiengo osorik ez lortzea eta beste koalizio bat osatzera behartuta egotea. Christofiasek, aldiz, oposizioak irabaziko balu, bake negoziazioak anitz okertuko liratekeela uste du. «Gizon honekin (Talatekin), aurrerakoitzat dugun gizon honekin, gauzak zuzendu ezin baditugu, ez dakit noizbait egiterik izango dugun», baieztatu du. Haren iritziz, konponbiderako aukera «hagitz zaila» izango da orduan.

Zazpi alderdi politiko lehiatuko dira gaur. Hautestontziak 05.00etan ireki eta 15.00etan itxiko dituzte eta lehen emaitzak gauerdian jakinaraziko dituzte.

Turkiak 30.000 soldadu ditu Iparraldeko Zipreko Errepublika Turkiarrean, eta uko egiten dio hegoaldeko Zipreko Errepublikarekin harreman diplomatikoak izateari gatazka bere osotasunean konponduko duen irtenbide bat aurkitu bitartean.

2004an, NBEak bateratze plan bat proposatu zuen Ziprerentzat: turkiarrek baietz esan zioten erreferendumean, baina greziarrek gaitzetsi egin zuten. Ezezkoa eman arren, eremu greziarra Europar Batasunean onartu zuten.

Talat, zuzendari

Dervis Eroglu UBPko lehen ministro ohiaren aburuz, CTPk irabaziko balu, Mehmet Ali Talatek jarraituko luke uhartearen etorkizunaren inguruko negoziazioak zuzentzen.

negoziazioa okertu

Zipreko Errepublikako presidentea, Demetris Christofias, oposizioak garaipena eskuratu eta bake negoziazioak okertuko diren beldur da. Konponbidea zail ikusiko luke orduan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo