Berezkoak Binakakoa
Txapelketaren etorkizuna erabakita geratuko da Mauleko trinketean
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Berezkoen Binakako Txapelketaren etorkizuna gaur erabakiko da Maulen, izan ere, han jokatuko diren bi partiden ostean jakingo baita zein biko igaroko den finalera, eta zeintzuk jokatuko duten finalerdia (16.00).
Jokatuko diren bi neurketetatik batek izango du aparteko garrantzia, lehen neurketak hain zuzen. Bertan, Etxeberri eta Harizmendi Sorhueten eta Etxetoren aurka lehiatuko dira. Azken hauek jokatutako partida guztiak irabazita daude, eta finalera zuzenean sailkatzeko faboritoak dira, eta baita gaurko partida bereganatzeko ere.
Hori lortzen badute, jokatutako neurketa guztiak irabazita geratuko dira, eta finalera sailkatuko dira. Garaipena Harizmendik eta Etxeberrik lortzen badute, tanto-kopuruari begiratu beharko zaio azkeneko partida horretara zein sailkatuko den jakiteko. Izan ere, tartean baitago gaur arituko ez den bikoetako bat ere, Ibarrola eta Ozafrain, alegia. Haiek ere gaurko partidari begira egongo dira. Gaur gertatzen dena gertatzen dela, aipaturiko hiru bikoek finalerdietan izatea ziurtatuta dute, baina multzoko lehenengoa hori jokatu gabe izango da finalean, eta horixe da denek nahi dutena.
Bigarren partidan, Larretxea eta Waltari Bielleren eta Ducassouren aurka lehiatuko dira. Bi bikoek orain arteko partida guztiak galdu egin dituzte, eta aurrera egiteko ez dute inongo aukerarik. Ohorea izango dute jokoan, eta azken postuan ez geratzea.