GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baionako epailearen esku utzi du Poliziak Mujikaren bahiketaren ikerketa

Donapaleun polizia espainolek bi orduz bahituta izan zutenetik bost hilabete igaro direnean, Poliziaren aurretiko ikerketa Baionako epailearen mahai gainean dago. Berak erabakiko du orain aferari zer segida eman.

p015_f02_148x112.jpg

Arantxa MANTEROLA |

Joan den abenduan Donapaleun polizia espainolek bahitu zuten Juan Mari Mujikaren afera argitzeko ardura Baionako instrukzio epailearen gain jarri du Polizia frantsesak bere aurretiko ikerketa amaitu ostean. Orain, beraz, epaileak erabaki beharko du prozedurari eman beharreko jarraipena.

Maritxu Paulus-Basurkok, Mujikaren abokatuak, adierazi duenez, «litekeena da kasua artxibatua izatea baina, bederen, seinale ona da Poliziak berak deliberatu izana epailearen mahai gainean jartzeko aski oinarri badela».

Hori noiz gerta daitekeen aitzinatzera ausartu ez bada ere, «garrantzi handiko» pausoa dela irizten dio: «Orain arte ikerketa poliziala zena formalki ikerketa judiziala bilaka daiteke. Hori gertatzea, juridikoki zein sinbolikoki biziki garrantzitsua da».

Donapaleun atzemana

Gertaerak iazko abenduaren 11n jazo ziren. Mujika Donapaleura joana zen goizean goiz eta bere egitekoak amaiturik autoa hartzera zihoala, kalekoz jantzitako bi gizon hurbildu zitzaizkion poliziak zirela esanez eta beraiekin komisariara joateko eskatu zioten. Ibilgailuaren barruan beste bi gizon zeudela ikusi zuen ataundarrak.

Lehen unean ohartu ez bazen ere, haien autoan sartu eta berehala jabetu zen, egiaz, ez zirela polizia frantsesak. Gaztelaniaz hitz eginez, hori sinetsi izana aurpegiratu zioten: «Jendarmeak ginela uste zenuen, ezta? Ba oker zaude, poliziak gara».

Ondoren, kilometro batzuetara dagoen toki bakarti batera eraman zuten, landa lurretan dagoen laku baten ondora. Han, itxura guztien arabera polizia espainolak ziren horiek Mujika galdekatzen hasi ziren, iseka eta mehatxuak aldizkatuz. Batzuetan, lagun plantan ere aritu zitzaizkion poliziak.

Garai hartan Estatu espainoleko espetxe batean zeukan alabari, eta semeari eta emazteari ere bai, bizitza jasangaitza egingo zietela errepikatuz presionatu zuten. Lakuaren gertutasunarekin beldurrarazten zuten, eta buruan tiro bat eman eta ezer gertatuko ez zela aditzera eman zioten une batean. Igor Portu eta Mattin Sarasola nafarrei hilabete batzuk lehenago gertatukoa behin baino gehiagotan burura etorri zitzaiola aitortu zuen gerora Mujikak berak.

Kolaboratzeko proposamena

Amesgaizto hori amaitzeko beraiekin kolaboratzea proposatu zioten, baita ordu batzuk gerorako hitzordu bat finkatu ere beste leku batean. Alta, Mujikak gertaerak salatzea erabaki zuen.

Horrela, abenduaren 19an Baionako Fiskaltzan salaketa ipini bezain pronto, agerraldi publikoa egin zuen bere abokatuarekin eta Askatasuneko eta beste hainbat erakundetako kideez babesturik, tartean, Oroit eta Sala, Anai-Artea, Giza-Eskubideen Defentsarako Euskal Herriko Batzordea (CDDHPB), Errepresioaren kontrako Batzordea, AB, Batasuna eta LAB. GALen garaiak aipatuta, «aspaldiko mamuak berpiztu ote ziren» beldur azaldu ziren guztiak.

«Bahiketa, mehatxuak eta bortxa moralagatik» salaketa jarri eta egun batzuetara, Polizia judizialak ikerketa abiarazi zuen eta Mujikari deklarazioa hartu zioten. Orain afera instrukzio epailearen eskuetan dago.

INPLIKAZIOA

Mujika babestu zuten erakundeetako ordezkariak kezkatuta agertu ziren Polizia frantsesak izan lezakeen inplikazioaren aurrean, legez kanpoko jokaera horretan Polizia frantsesen esku-hartzea ia ziurtzat baitzuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo