GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Nafarroaren jaun eta jabe

Bide onena denon artean bilatu beharko dugu, batzen gaituzten oinarriak sendotuz, aniztasuna bermatuz, baina norabidea argi izanik. Iruzur eta joko zikinean errotutako UPNren nagusitasunari aurre egin behar zaio, eta hori ez da egiten iruzurra ontzat emanez

Nafarroako Parlamentua osatzeko lehen hauteskundeak 1979ko apirilaren 3an izan ziren. Herriari deus ere galdetu gabe, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik bereizi gintuzten, lau herrialdeen batasuna Francoren diktaduraren kontra jardun zuten indar guztien eskakizuna izan arren.

Gutti batzuek erabaki zuten Nafarroa komunitate autonomoa bilakatzea, eta eskuinaren interesen araberako eredua inposatu ziguten, hots, Francoren garaian nagusitasun ekonomiko eta politikoa izan zutenen interesen araberakoa.

Inposizio hark ekarri du egoera hau. Izan ere, gaur egun Nafarroa inoiz baino kateatuago dago. Ederki dakite UPNkoek, berriki beren VIII. Kongresua egitean nabarmendu dutenez. Eroso sentitzen da nafar eskuin-espainolista, ongi dakielako markoa bere alde eginik dagoela, berak nagusitasuna izateko. Foruen ipuina, Estatuarekiko itunaren fikzioa, Nafarroaren defentsa aitzakiak besterik ez dira, Nafarroak beren menpe jarraitzeko iruzurrak.

Baina esan beharra dago UPN ez dagoela bakarrik. CDNren laguntza baliatzen du, baina PSOE du aliatu nagusia. Aldaketa iragarri zuen PSOE bera. Hots, UPN Gobernutik kanporatzea lehentasun gisa saldu zuen alderdia. NaBai-rekin negoziazio simulakro bat egin zuena. Ezker abertzalea nafar Parlamentutik kanpo utzi zuena. Konponbidea bilatzeko prozesuan lurralde zatiketa mugiezintzat jo zuen alderdia.

Guztiz ustelduta dago politikagintza Nafarroan. UPN, PSOE, PP, CDN, UAGN, Patronala, UGT, CCOO eta «Diario de Navarra» eragile ezberdinak izanik alderdi bakarraren adarrak direlakoan gaude asko. Alderdien Legeari esker ez dago benetako oposiziorik Foru Parlamentuan, eta alderdi gehienak norgehiagoka dabiltza Navarra foral eta españolaren azken ikur bihurtu den Abiadura Handiko Trenaren defentsan.

Eskuina jaun eta jabe da, berriro ere, Nafarroan. Ezkerra, berriz, kriminalizatua, erasoa, ilegalizatua. Zer egin behar da? Non dago aldaketaren bidea?

Gaur egungo joko politiko-instituzional ustelean ez dago gakoa. Erronka ez da PSOEren lagun bilakatzea, UPNrengandik bereizteko. PSOEk gaur egun ez du horrelakorik nahi.

UPNren nagusitasunaren aitzin eraiki behar den alternatibaren oinarria aldaketa sakona bilatzen duten eragileen arteko konplizitatean dagoela uste dut nik. Bestelako Nafarroa amesten dugunok ez dugu deus ere lortuko Navarra foral eta espainolaren klubean sartzeko merituak eginez. Alferrikakoa da batzuen mozorrotze saioa, gobernua osatzeko PSOErekin egindako elkarrizketetan izan zituzten etsipenak alferrikakoak izan ziren bezalaxe.

Hori ez da bidea. Bide onena denon artean bilatu beharko dugu, batzen gaituzten oinarriak sendotuz, aniztasuna bermatuz, baina norabidea argi izanik. Iruzur eta joko zikinean errotutako UPNren nagusitasunari aurre egin behar zaio, eta hori ez da egiten iruzurra ontzat emanez; hori ez da lortuko espainolisten aitzakiak barneratuz.

UPNk erakutsi du bere itxikeria kongresu honetan. Noizbait erakutsiko ote dugu besteok itxikeria horri aurre egiteko gaitasuna?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo