GARA > Idatzia > > Mundua

Bihar Islandian izango diren bozetan ezkerra nagusituko dela diote inkestek

GARA |

Ezkerrak osatu zuen behin-behineko Gobernuak garaipen garbia lortuko du bihar Islandian egingo diren hauteskundeetan, atzo bertako egunkariek argitaratu zituzten inkesten arabera. Bestalde, urtarrilean Gobernutik kanporatu zuten alderdi kontserbadorearen porrota ere berresten dute inkestok.

Alderdi sozialdemokratak botoen %31,8 lortuko luke bihar eta horien kide den Ezkerra-Berdeak taldeak, %24,1, «Frettabladid» egunkariak egindako inkestaren emaitzen arabera.

Independentziaren Alderdiak (kontserbadorea) bozen %21,9 lortuko luke, hau da, 1987ko emaitzak -%27, inoiz izan duen kaxkarrena- baino okerrago.

Capacent-Gallup institutuak «Morgunbladid» egunkarirako egindako beste inkesta batek antzeko emaitzak eman zituen.

2007ko maiatzean egin ziren azken hauteskundeak, eta eskuinak %36,6 lortu zuen bertan, sozialdemokratek %26,8, eta Ezkerra-Berdeak, %14,3.

Uhartea astindu duen krisi ekonomikoaren ondoren sorturiko Hiritarren Alderdiak %7 lor lezake. Beraz, 63 eserleku dituen Parlamentuan ordezkaritza lortzeko aukera izan lezake, horretarako ezarritako muga gaindituz gero -botoen %5-.

Nazioarteko krisi ekonomikoak ondorio larriak izan zituen Islandian, porrot ekonomikotik gertu egon zelarik. Bankuak ez ziren gai izan bazkideen aurrezkiak itzultzeko eta egoera horrek eskuineko Gobernuaren dimisioa ekarri zuen.

Egoera hori zela-eta Islandia Europar Batasuneko kide bilakatzeko eztabaida piztu zen, ordura arte sostengu eskasa zuena. Halere, aukera horren alde soilik sozialdemokratak daude egun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo