Harri-jasotzea Errekor saiakera
Perurena gazteak marken zerrenda handitu nahi du
Leitzarrak 234 kilotako harri zilindroa berdindu nahi du bizkarrean esku bakarrarekin, eta bost minutuko txanda bat izango du horretarako.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Inaxio Perurenak marka ahalegina egingo du gaur arratsaldean Leitzako pilotalekuan 17.00etatik aurrera hasiko den jaialdian. Bertara joaten direnek, harri-jasotzeaz gain, Urrezko Aizkorako saioak ere izango dituzte ikusgai.
Perurena gazteak 234 kilotako harri zilindroa jaso nahi du esku bakar batekin, eta horretarako bost minutuko txanda izango du. Nafarra bere herritarren aurrean arituko da, eta indar horrekin, marka eginda eskertuko nahiko die zaleei.
Inaxiok esku batekin azkeneko marka 2008ko otsailean egin zuen, eta orduan 230 kilokoa bizkarreratu zuen. 17 segundo besterik ez zuen behar izan marka egiteko.
Leitzarra azkeneko aldiz marka egiten, orain dela bi hilabete izan zen, eta orduan Azpeitian 295 kiloko errektangularra jaso zuen bi eskuekin. Berak esan zuen, harri hori jasotakoan esku bakarreko ahalegina prestatu nahi zuela, eta prest du dagoeneko, eta gaur izango du jasotzeko parada. Zaleek lortuko duen uste osoa dute.
Esku bakarrarekin markarik handiena bere aitak dauka, Iñakik, alegia, eta ez nolanahikoa gainera, 267 kilotakoa baitauka jasota. Harri-jasotzaileen zalegoa Perurena gaztea 300 kilokoa jasotzen ikusteko irrikatzen dago, eta gaur errekorra egiten baldin badu, pentsatzekoa da hori prestatzeari ekingo diola. Dena dela, Inaxiok beti esan izan du urratsez urrats joan nahi duela, inongo presarik gabe, eta orain arte hortik jo du, eta gauzak ongi eginez, gainera.
Aizkora
Jaialdi berean abiatuko da Urrezko Aizkorako ligaxka, Mindegiak eta Azurmendik jokatuko duten neurketarekin. Dudarik gabe saio erakargarria izango da. Ezkurrako aizkolari beteranoa lanean dabil, eta duen adinarekin onenen parean aritzeak meritu ikaragarria dauka. Jendeak ez dauka inongo zalantzarik haren gainean, parte hartzea erabaki baldin badu, ongi dagoen seinalea delako.
Hala ere, gaur ez du neurketa erraza izango, Iñaki Azurmendi izango baitu aurrez aurre. Arriarangoak finalerdietan sartzeko parada handia du, izan ere, normalean gaur saioa bereganatzen duenak izango baitu aukera. Inork gutxik uste du Jauregi gazteak bi hauekin aukera asko izango duenik. Mindegiak jarraitzaile asko ditu, eta beraiek garbi dute gaurkoan ere bera izango dela faborito, baina Azurmendik duen sasoia ikusita, berak irabaztea ere ez litzateke inongo ezustea izango. Saio honetaz gain, Olano eta Erasun ere neurtuko dira elkarren aurka, baita Saralegi eta Larretxea ere, gazte mailako lehiaketako lehen jardunaldian.
Urrezko Aizkoran, bihar ekinaldiak izango dira berriz. Zumaian izango da saioa, 12.00etatik aurrera. Bertan bi neurketa jokatuko dira, alde batetik Arrospide eta Rekondo lehiatuko dira, eta bestetik, Nazabal eta Zubiaga. Bi saio hauetan Arrospide eta Nazabal aterako dira faborito garbiak.
Sokatira
Sokatiran gaur abiatuko da Nafarroako launako Txapelketa, Zugarramurdin, 18.00etatik aurrera. 300 kilotan, Berriozar A eta B eta Amaiur A eta B neurtuko dira. Nesketan, bi pisu izango dira. 265 kilotan, Beti Gazte, Berriozar, Amaiur eta Sakana lehiatuko dira, eta 260 kilotan, berriz, Beti Gazte, Berriozar eta Amaiur. Kadete mailako saioa ere izango da ikusgai.
Leitzako jaialdian ez da soilik Perurenaren ahalegina ikusteko aukera izango, Mindegia eta Azurmendi elkarren aurka neurtuko baitira, Urrezko Aizkorako ligaxkako lehen jardunaldian. Gazteen arteko dema ere gaur abiatuko da.