GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Arrangoitzen erabakiko da finalerdietako auzia

p036_f02_70864.jpg

J.L. | DONOSTIA

Berezkoen Buruz Buruko finala datorren asteburuan jokatuko da Baionan Moderne trinketean, baina aurretik finalerdia jokatu beharko da. Horixe izango baita aurtengo berrikuntzetako bat. Aurretik ligaxka jokatu da, eta Sorhuet eta Etxeto onenak izan zirenez, horiek jada finalean dira. Beste bikotea gaur erabakiko da Arrangoitzeko trinketean, bertan neurtuko baitira Ibarrola eta Ozafrain, egungo txapeldunak, Etxeberriren eta Harizmendiren aurka (18.00).

Zaleen iritziz txapeldunak aterako dira faborito. Horrek berak ematen die hori izateko arrazoia, baina ez da bakarra. Bi biko hauek elkarren aurka neurtu ziren ligaxkan ere, eta orduan aise irabazi zuten. Guzti hau kontuan hartuta, dirua nabarmen aterako da beraien alde.

Ibarrola eta Ozafrain denek ezagutzen dituzte, eta denek dakite nolakoak diren. Finalerdi hauetara partida bakar bat galduta heldu dira, eta jokoan ohikotasuna izaten dute. Aurrean Ibarrolak min handia egiten du. Sakearekin asmatzen baldin badu, sekulako triskantza egin dezake, eta hasierako jokaldi horrek gaur inoiz baino garrantzi handiagoa izango du.

Atzean Ozafrain egoteak segurtasun handia ematen du, huts gutxi egiten baitu, eta horrek, gainera sekulako konfiantza ematen dio Ibarrolari. Hala ere, lan asko egin beharko dute garaipena erdietsi nahi badute.

Etxeberrik eta Harizmendik nabarmen egin dute gora, txapelketak aurrera egin ahala. Lehen fasea jokatu behar izan zuten, eta hura irabazita sartu dira finalerdietara. Hasiera ez zen apartekoa izan, baina gero gorantz egin zuten, eta bigarren fasean joko maila handiarekin amaitu dute. Azkeneko partidan esaterako, finalean sartu den bikoa mendean hartu zuten, eta ezustea ematetik oso gertu izan ziren.

Etxeberri aurrelari bikaina da, baina profesionaletara pasatu zenetik, ez du eman zaleek uste zutena. Ahalmena ikusten zaio, baina zerbait falta zaiola ere bai. Gogoz nahiko ahula da, eta galtzen hasten baldin bada, azkar etsitzen du. Lehiaketa honetan, ordea, oso ongi dabil.

Atzean, aurtengo beste ezusteetako bat izango du, Thierri Harizmendi, hain zuzen. Ezker paretan urte batzuk pasa ostean, eta Aspe enpresak kontratua berritu ez zionez, trinketera pasatzeko hautua egin zuen. EPB enpresarekin proba batzuk egin, eta aurrera egin zuen. Superprestigioan finala jokatu zuen, Bakarkakoan ongi ibili ez bazen ere, eta Binakakoan berriro ere lan handia egiten ari da. Gaur irabazten badute, ez da horrenbesteko ezustea izango .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo