GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Gernika Ohorezko Mailarako bidean

Larrauri: «Herrian piztu den ilusioa ezin dugu zapuztu»

Bizkaitarren taldeko zuzendaritzako ordezkariaren esanetan, adituek faborito direla esan arren, horrelako partidetan edozer gerta liteke, baina onartzen du beraiek igoko diren itxaropen osoarekin daudela.

p034_f01_70656.jpg

Jon LEUNDA | GERNIKA

Egun handia izan liteke bihar Gernikan, izan ere, taldeak berriz Ohorezko Mailan jokatzeko modua izan baitezake hamasei urte eta gero. Horretarako, bihar eguerdian, 12.30etik aurrera, Madrilen, Portuense taldearen aurka jokatuko duen finala irabazi behar du. Hori lortuz gero, igo egingo da, eta galtzen badu, Ohorezko Mailan azken-aurreko izan den Les Abellesekin kanporaketa jokatu beharko du.

«Dena partida batean jokatzen dugu, denboraldi osoa hor erabakiko da», esan du Marcos Larraurik, taldeko zuzendaritzako kideak. Galduta ere beste aukera bat izango lukete, baina horretarako, Les Abelles kanporatu beharko lukete, iazkoan, Ohorezko Mailarako bidean, Gernika aukerarik gabe utzi zuen taldea. «Partida hori ez dugu jokatu nahi. Ez bakarrik iaz beraiek igo zirelako gu kanporatuta, baita uste dugulako ere, guk iaz baino talde hobea izan arren, eurek ere hobea dutela, eta kanporaketa oso zaila izango litzatekeela», azaldu du Larraurik.

Adituen ustez bizkaitarrak dira faboritoak, baina zuzendariaren ustez, horrek ez du ezer ziurtatzen. «Dena partida batera jokatzen denean, ez dut uste faborito garbirik dagoenik. Gero, bi taldeok ez dugu elkarren aurka jokatu, beraz hor ere gauzak aldatzen dira. Irabazteko dena eman behar da, eta horretara goaz», esaten du.

Getxok Ohorezko Maila galduta, bizkaitarrak ordezkaririk gabe geratu dira maila nagusian, eta Gernikak leku hori berreskuratzeko ardura izango du orain: «Askotan eskatu gabeko eta nahi ez diren ardurak egokitzen dira, eta hau horietako bat da. Pena handia hartu genuen Getxo jaitsi zenean, baina pasatu da, eta orain guk leku hori hartu beharra daukagu, eta horretan ahaleginduko gara», gaineratu du Larraurik.

Gernikan sekulako giroa dago, eta ez dute zaleen babesik faltako: «Uste dut lau autobus doazela Madrilera. Alcobendasen aurkako kanporaketan etxean aritu ginenean ere 1.600 ikusle joan ziren ikustera. Sekulako ilusioa dago herrian, eta ezin dugu hutsik egin», onartzen du Marcosek.

Bizkaitarren arduradunak, Hego Euskal Herriko errugbiaren gorakada ere aipatu nahi izan du. «Hamar taldetatik hiru euskaldunak izan dira Ohorezko Mailan, eta seguru datorren urtean ere baietz. Uste dut, Getxo berriro ere laster izango dela onenen artean, baina ez haiek bakarrik, nik uste dut beste euskal talderen bat ere azkar igoko dela. Hernanik hiru urtetan bigarren aldiz jokatu du igoera fasea, gauzak ongi ari dira egiten eta laster izango dira goian», iragarri du.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo