GARA > Idatzia > > Kultura

Frankismo garaiko azken bertso finalaren testigantza, dokumental batean

1967an Donostian jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia historiara pasa zen ondoren etorri zen hamahiru urtetako isiluneagatik eta Xalbador bertsolariak jasan behar izan zuen txistu hotsagatik. Euskadiko Filmategiak egun hartan bertan TVE-1 kateak emititu zuen «Bersolaris, poetas populares vascos» dokumentala berreskuratu du orain.
p039_f02_97x60.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

1967ko ekainaren 11, Donostiako Anoetako frontoian. Goizeko saioaren ostean, lau bertsolarik egin zuten aurrera: Xalbador, Lopategi, Gorrotxategi eta Lazkao Txiki. Horietatik bakar batek izango zuen aurretik bi txapel irabazita zituen Uztapiderekin lehiatzeko aukera. Epaimahaiak aukeratuaren izena esan zuenean, belarrietan min egiterainoko txistu hotsa nagusitu zen frontoian. Entzule nagusiki gipuzkoarrek ez zuten Xalbadorren hizkera baxenabartarra ulertzen eta ez zeuden ados. Bost minutu eta erdi iraun zuen zalapartak eta giroa zertxobait baretu zenean, honako bertsoa bota zuen Urepeleko artzainak: «Anai-arrebak ez otoi pentsa, neure gustora nagonik / poz gehiago izango nuen, albotik beha egonik / zuek kontentu ez bazerate, errua ez daukat ez nik...». Hirugarren puntu horretan entzuleek berriro eten zuten Xalbador, txalo zaparradarekin, ordea. Honek azken puntua errepikatuz bertsoa bukatu zuen: «zuek ezpazerate kontentu, errua ez daukat ez nik / txistuak jo dituzue bainan, maite zaituztet oraindik». Urte hartan ere Uztapidek jantzi zuen txapela eta 1980. urtera arte itxaron behar izan zen berriz ere txapelketa nagusi bat jokatzeko.

Sinesteak lanak ematen baditu ere, gau hartan bertan, TVE-1eko «Fiesta» saioan ordu erdiko dokumentala emititu zen, Pio Caro Barojak zuzenduta. «Bersolaris, poetas populares vascos» deitu zion eta Uztapide Gogoan bertsozale elkarteko Xabier Unanuek atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, «momentuko bertsolaritzaren irudiaz gain, momentuko iritzia jasotzen du». Zestoako elkarte hau izan da, hain zuzen, urtetako bilaketaren ondoren, dokumentala lortu duena. Topatutako kopia nahiko egoera kaxkarrean dagoela adierazi zuten, ordea, eta Euskadiko Filmategiarekin batera Televisión Española-rekin harremanetan jarri dira lanaren negatiboa lortzeko. «Argi dago merezi duela, bertsolaritzaren eta herri honen historian duen garrantziagatik. Gure helburua orain negatiboa lortu eta hortik kopiak egitea litzateke. Aurkitzen den egoeraren arabera, ikusiko genuke zaharberritu edo ez», azaldu zuen Mikel Arregi, Euskadiko Filmategiko zuzendariak.

Pio Caro Barojari lan honen enkargua egin ziotenean, Aita Antonio Zavalarengana jo zuen laguntza bila. Harenaz gain, garaiko bertso munduan murgildutako hainbat pertsonen iritziak agertzen dira dokumentalean, hala nola: Antonio Arrue, Fernando Artola Bordari, Juan Mari Lekuona edo Iñaki Eizmendi Basarri. Fernando Amezketarraren aipamenetik hasi eta Xenpelar, Bilintx, Iparragirre, Pello Errota eta Txirrita ere hartzen ditu ahotan Caro Barojak. Kasualitatez, Donostiako alkateak aipatu omen zion finala jokatzekoa zela eta horregatik grabatu zuen.

Unanuek atzo azpimarratu zuenez, «nabarmena da muntaia egin zutenek ez zutela ez bertso, ez euskararen ezagutza handirik. Mattin bere baserrian lanean ari den bitartean, Lopategiren bertso bat entzuten da atzetik». Bestalde, iruditan bertsolariak kantuan agertzen direnean narratzaileak zapaldu egiten ditu sarritan, esaten dutena azalduz. Xalbadorren bertso famatu hura, esaterako, ez da osorik agertzen. Bai, ordea, txistuka aritu zitzaizkion unea, bertsolariari gelditu zitzaion aurpegia eta ondorenean jaso zuen txalo zaparrada.

TXISTUAK

Bost minutu eta erdi iraun zuen Anoetako frontoian txistu hotsak. Entzule nagusiki gipuzkoarrek ez zuten Xalbadorren hizkera ulertzen eta ez zeuden epaimahaiaren erabakiarekin ados.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo