GARA > Idatzia > > Kultura

Juantxo Skalari sustraien sustraiaren bila dabil The Kluba egitasmo berriarekin

Anartz BILBAO | LEKUA

Peio anaiarekin batera Skalariak taldea gidatu ostean, egitasmo berri batean murgildua dator orain Juantxo Skalari, The Kluba talde sortu berriarekin. Egun Reusen, Katalunian, bizi den musikari nafarra Bilbon izan zen atzo, Oihuka zigiluarekin plazaraturiko debut homonimoa aurkezten.

Haren hitzetan, «Skalariak-en bilakaera ikusita, kontzeptu berriak landu nahian nenbilen, bai musikari bai zuzenekoari dagokionez». «60. urteetako skatik abiatuta, nahasketa bat egin nahi genuen doinu eta estiloei dagokionez, eta sustraien sustraiak bilatu, Fat Dominok bere garaian legez, rock & roll zein ska doinu uztarketa emanda».

Hasieretako rock & roll edo rockabillya eredu hartuta, eta kontrabaxuari garrantzia nabarmena emanez, hiru izen hartu ditu ahotan Juantxok: «Stray Cats, The Pogues eta The Clash, nahiz eta hauek hasierakoak baino, geroxeagokoak izan». Eta ez alferrik, izan ere, berak gustuko eta eredu izateaz gain, diskoari ere antzeman baitzaio talde adierazgarri horien sonoritatea. «Nire ahotsari jamaikar estiloaren eragin nabarmena duen nire lana, kontrabaxu eta bateria sendo eta rockabilly tankerako gitarra bat gehitu behar zaizkio, baita arrabita ikusgarri bat ere, metal sekzioaz aparte».

Juantxorekin batera -bera da hitz eta doinu guztien egilea-, Pardal Roquer (kontrabaxua), P. Marques (gitarra), J. Butxaca (bateria), Xavi Delasalud (tronpeta), Dr. Spook (tronboia) eta Xavi Macaya (arrabita) lagunek osatzen dute taldea. Gainera, diskoa grabatzerakoan beste hauen laguntza ere izan dute: Iñaki Panoramix (tronpeta), Moha Hama (ahotsak), Kaki Arkarazo (Hamond-a) eta El Oito Negro (txalaparta). Hamaika kantuz osatutako lana Kaki Arkarazoren gidaritzapean grabatu zuten Garate Studios ezagunean, iragan abendutik martxora bitartean, eta Oihukak argitaratu berri du.

Gaztelaniaz gain, asko dira hamaika kantuetan azaltzen diren hizkuntzak, arabiera, katalana, ingelesa eta euskara, kasu. Klubaren kontzeptua oso barneratua eta gustuko duen musikari iruindarra -Skalariak taldeak «Klub Ska» zuen disko bat-, hitzetan «poesia intimora edo anti-poesiara» hurbildu da.

Zuzenean

Zuzenekoan ere ezohiko itxura hartuko du bandak, eta kontrabaxuaren ezinbesteko presentziaz gain, bateria ere lehen lerroan eta zutik ageriko da, Stray Catsek egin ohi zuen gisara.

Taldea hasia da dagoeneko han-hemenka jotzen, eta Euskal Herrian Sakanan izango dute lehen hitzordua, datorren hilean, Hatortxu Rock jaialdi indartsuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo