GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Miren Itxaso Viñe Minayo eta Lur Gallastegi Zendegi Auzipetutako 11 kideon izenean

Salbuespen egoerari stop, epaiketarik ez!

2008ko otsailaren 14an ezker abertzaleak greba orokorrera deitu zuen Euskal Herrian, herri hau eta ezker abertzalea bera jasaten ari ziren «eraso amaigabeei» erantzuna emateko. Greba egunean bertan, ekimen ezberdinak egin ziren Bilboko hainbat errepide sarreratan. Ekimen horien bidez, Euskal Herriak une hartan bizi zuen desnormalizazioa irudikatzea eta gatazkaren gordintasuna agerian uztea zen helburua. Hura egitearen ondorioak aurretik susmatu arren, geure burua prest agertu genuen egoera hura salatzeko. Uste bezala, 11 lagun atxilotu gintuzten. Hura egiteko erabakia hartzeak polizia etxean elkartu gintuen, eta ordutik jaso dugun errepresioari batera egin diogu aurre. Horregatik, atzo, apirilaren 29an, eta maiatzaren 4an gure aurka egingo diren epaiketei ere elkarrekin erantzungo diegu, ekimena Bilboko bi toki ezberdinetan egiteak bi auzi eta bi eskaera eta, ondorioz, bi epaiketa ezberdin egotea ekarri baitu. Auzi honen hasieratik, erantzun politiko bat planteatu genuen, hain zuzen ere, ekimena egiteko arrazoia ere politikoa izan zelako. Hori dela eta, erabaki batzuk hartu genituen:

-Epaileak 15 egunean behin epaitegian sinatzeko baldintzarekin utzi gintuen aske, eta guk sinatzeari uko egitea erabaki genuen. Sistema judiziala errepresio eta kontrol sozialerako beste tresna bat da, eta gainera, horrek Euskal Herriak egun bizi duen salbuespen egoera mantendu eta babesten du. Horregatik, errepresioari mugak jartzeko eta erantzuteko jarrera irmoa hartu genuen, sinatzeari uko eginez.

-Otsailaren 14an ezker abertzaleak greba egunera deitzeko eta salbuespen egoera salatzeko arrazoiak egun ere mantentzen dira. Hor ditugu ordutik hona etengabeak izan diren atxiloketak, ilegalizazioak, tortura kasu latzak... eta epaiketa bi hauek egoera hau salatzeko erabiliko ditugu. Ez goaz egin genuena ukatzera, baizik eta egin genuenaren defentsa egitera. Ekimen hau salbuespen egoera salatzeko egin genuen eta epaiketa hauek ere egoeraren isla dira. Azkenik, nabarmendu nahi genuke errepresioari eta sistema judizialari borrokaren bidez egingo diegula aurre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo