GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

ARAITZ BASAURI, IGOR ARKARAZO, MAITE FRADES eta RAMON ZARRABEITIA Abadiñoko zinegotziak

Udal zabal baten alde, Abadiñoko aurrekontu proposamenari ez

Bi urte beteko dira laster udal legegintzaldi hau hasi genuenetik, eta oraindik ere Talde Independentea ez da gai izan Abadiñoko Udalerako aurrekontu proiektu bat adostu eta onartzeko.

Arrazoia nabarmena da gure ikuspuntutik: agintzen ari dira, ez gobernatzen. Alkatea, alkateordea, gobernu batzordeko bost kideak eta arloz-arloko batzorde informatiboetako bederatzi presidentziak zinegotzi independenteek hartu dituzte eurentzat. Bost udal ordezkari dira, baina ez dute inongo lotsarik gainontzeko zortzi zinegotzion ordezkaritza baztertzeko.

Hainbeste urtetan kritikatu dutena egiten ari dira orain eurok, eta aurrekoei gertatu zitzaiena gertatzen ari zaie. Ezin dira herriko sektore, arlo eta sentsibilitate ezberdinetara heldu. Ezinean ari dira, herri proiektu zabala osatu barik.

Hasieratik ahalegindu ginen egoera oker hau bideratzen, eta oraintsu egin dugu ahalegin berri bat Abadiñoko Independenteei gobernu akordiorako eta udal arduren banaketarako aukera zintzoa eskainiz. Ezetz esan digute. Udal ardura guztiak eurontzat gura dituzte, eta ez daude prest udal gobernu akordiorik negoziatu eta adosteko. Ez dute nahi eta kito.

Guretzat lehentasunezko gaia da hau. Abadiñok ez du horrelako udal gobernurik merezi. Abadiñarrek bozkatu zutenari jaramon eginda, akordioa eta ardura banaketa beharko lirateke Udalean. Horixe izan da gure asmoa, eta ezetza jaso dugu autoritarismoan gotortu diren Abadiñoko Independenteak taldeko ordezkarien aldetik.

Guk ezin diogu horrelako jarrerari zilegitasunik eskaini. 2009ko udal aurrekontuen proiektua onartzea bazterketa, autoritarismoa eta norberekeria babestea litzateke. Hau sinatzen dugun zinegotziok bestelako udal bat gura dugu. Udal gobernu honek ez die biderik ematen guk ordezkatzen ditugun 1.122 boz abertzale eta ezkertiarrei.

Beste udal eredu baten alde gaudelako, aurrekontu autoritario hauei ezetz esango diegu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo