GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bologna izan ala kontrol soziala izan, ikasleak kalera ateratzeko arrazoi faltan ez dira

Hamaika dira, Ikasle Abertzaleak taldearen iritziz, ikasleek bizi dituzten problematikak; hala ere, denek jatorri bera duten uste osoa dute: «hezkuntza sistema arrotzak». Horien aurrean ikasleria eraikitzeko deia egin eta batera-jotze eguna antolatu dute gaurko.

p018_f01_023x132.jpg

Oihana LLORENTE

Ikasleek kolektibo zabala bezain anitza osatzen dute gure herrian. Makina bat errealitate biltzen dira kolektibo honen barruan, ikastetxe, ikastola edota institutuetako gorabeheretatik hasi, eta unibertsitate ikasketetan bizi daitezkeen egoeretara. Desberdintasunak nabarmenak dira; baina antzekotasunak ere begi bistakoak dira.

Hala ikastolan nola unibertsitatean, ikasle eskubideen aldeko dinamika ugari aurki daitezke. Irakasle autoritarioen kontra han, ala euskarazko irakaskuntzaren alde hemen ikasle eserialdiak, manifestazio edota geldialdiak ehunka dira. Gaurko eguna horren lekuko izango da, Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduak «batera-jotze eguna» deitu baitu, euskal ikasleak norbera bere borrokarekin kalera atera dadin, denak, betiere, «hezkuntza sistema arrotzen gainetik, ikasleria eraikitzera!».

Arantxa Arrieta eta Haizea Solagurenbeaskoa protestan aterako dira gaur. Biak ikasleak eta Ikasle Abertzaleak mugimenduko kideak dira. Hortik aurrera, oso bestelako egoerak bizi dituzte hezkuntza guneetan.

Arrieta gazte nafarra da eta Zizurreko institutuan gauzatzen ditu ikasketak. Klasera doanean ordea, makina bat polizien artetik igaro, eta miaketak jasan behar ditu sarri. Goizean goiz zein jolas-ordua izan, Guardia Zibila eta Foru Polizia eskola ingurura bertaratu eta drogen aitzakian ikasleak gelditu, itaundu eta miatzen dituztela salatu du. Motxilak, agendak, testuliburuak aztertzeaz gainera, eskuko telefonoko mezuak ere arakatzen dituztela eman du jakitera.

Miaketez gainera, ikastetxe inguruan egon daitezkeen pankartak kendu, eta inoiz ikastetxe barruan ere kargatu izan dutela ekarri du gogora Arrietak, eta adibide gisa, Iturramako ikastetxean gertatutako ekarri du gogora: bertako ikasle anitzek Auzitegi Nazional espainolean deklaratu behar izan dute ikastetxe barruan egindako protesta batengatik.

«Kontrol sozial izugarriaz», kexu da Arrieta eta gainera, polizien kontrolaz gainera, irakasle eta zuzendarien jarrera ere salatu du. Iruñerriako eskola barruetan kamerak eta irekiera automatikoa duten ateak ezartzen ari direla azaldu du. Horiek horrela, inor berandu ibiliz gero, ezinezkoa zaio klasera sartzea, erabat kontrolatuta baitago sarrera, «espetxeetan bezala».

Iruñerriako ikasleek bizi dutena «salbuespen egoera» dela uste du ikasle nafarrak, eta honen aurrean ikasleek «zutitu eta borrokatu» egin behar dutela adierazi du Arrietak. «Infantilizatuak eta akritikoak nahi gaituzte baina ez dute lortuko», horixe da gaur Iruñerriako ikasleek kaleratuko duten salaketa.

Solagurenbeaskoa, aldiz, donostiarra da baina Leioako campusean dabil ikasten. Han ez ditu Arrietak azaltzen dituen arazoak, ez behintzat larritasun horrekin, baina Bologna prozesuarekin egin du topo eta borroka ugari piztu dituzte campusean prozesu honen aurka egiteko. Fakultate bakoitza bere errealitatearen arabera dabil gainera, Bolognari aurre egiten.

Medikuntzan adibidez, euskal adarreko ikasleek daukaten egoera salatzen dihardute, zailtasun handiak baitituzte ikasketak euskaraz egiteko eta sinadurak biltzeko ekimen batean murgilduta dabiltza. Zientzietako fakultatean, aldiz, «graduen inposaketa gauzatzear» direla adierazi du ikasle donostiarrak; ikasleen artean, euren jarrera ezagutzeko, inkestak egin dituztela adierazi eta gehienek graduen aurka daudela frogatu dutela nabarmendu du harro. Arte Ederretako fakultatean, berezkoa duten irudimena lagun, euren artelanak Bolognaren aurkako sormena bilakatu dituzte.

Egun hauetan gainera, Lovainan egin den Europako Hezkuntza ministroen gailurra dela-eta, kontragailurrak egin dituzte Leioa eta Ibaetako campusetan. Kanpaldi hauetan eta NUPeko errektoretzan atzo ekin zioten itxialdian ikasle andana batu da; hau guztia ordea, gaur egingo duten batera-jotzearen mokadua besterik ez da izan.

Solagurenbeaskoaren eta Arrietaren testigantzak, ikasleriak bizi duen errealitatearen bi adibide besterik ez dira. Kontrol soziala, Bologna, euskaraz ikasteko ezintasuna, patriarkatua... hori guztia dakarte, bi ikasle hauen iritziko, «gurean dauden hezkuntza sistema arrotzek», eta horren aurrean ikasleriari, bere burua «eraikitzeko» eta gaur kalera ateratzeko deia egiten diote.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo