GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

«Ibarrolari ahalik eta aukerarik gutxien ematea izango da gure lehen helburua»

p038_f01_148x172.jpg

Sebastien Sorhuet

Pilotaria

Sebastien Sorhuet eta Thierry Etxeto neurtuko dira larunbatean Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka, Binakako Txapelketako finalean. Bikote lapurtarra jotzen dute zaleek faborito, elkarren aurka ligaxkan aritu zirenean irabazi egin baitzuten. Pausukoak, ordea, garbi utzi du hori ez dela horrela, eta partida hark zerikusi gutxi izango duela larunbatean Modernen jokatuko denarekin.

Jon LEUNDA |

Sebastien Sorhuet prest dago Etxetorekin batera binakako finala jokatzeko. Lapurtarraren ustez, ez dago faborito garbirik, eta norgehiagoka zaila izango dela iragarri du.

Finalaren atarian, nola zaudete?

Ongi, bai Thierry, bai eta ni ere ongi gaude, eta dagoeneko finala jokatzeko ordua heltzeko irrikaz gaude. Norgehiagoka zaila eta estua izango delakoan nago.

Besteek finalerdia jokatu behar izan dute. Zuek, aldiz, zuzenean sailkatu zarete finalera. Hori zer izan da onerako edo kalterako?

Egia esan, ez dakit. Guk ere larunbatean entrenamendu gogor bat egin genuen, eta beraiek partida izan baldin bazuten ere, erraz irabazi zuten Etxeberriren eta Harizmendiren aurka, eta ez dut uste aparteko nekerik hartuko zutenik.

Jendeak zuek jotzen zaituztete faborito. Nola ikusten duzu?

Aste honetan izan dut horren berri, baina ez dut uste gu garenik faborito, txapeldunak besteak baitira. Pentsatzen dut jendeak ligaxkako partida izango duela erreferentziatzat, eta hura guk irabazi genuenez, gu hartu gaituzte faborito, baina gauzak estuak izango dira.

Faborito izate horrek kezkarik sortzen al dizu?

Batere ez. Aurrez aipatu bezala, aste honetan izan dut horren berri, eta ez dit buruko minik sortzen. Faborito izan edo ez, partida jokatu egin behar da, eta txapela nahi baldin badugu, irabazi egin beharko dugu.

Ligaxkan irabazi egin zenieten Ibarrolari eta Ozafraini. Partida honek zerikusi gutxi izango du harekin, ezta?

Bai, ez izan zalantzarik. Ligaxkakoa irabazi genuen, baina doi-doi izan zen. Orain dena aldatzen da. Final bat gauza berezia da. Ligaxkan partida bat galduagatik, aukera duzu aurrera egiteko. Hemen, galtzen baduzu, akabo, presioa askoz ere handiagoa da. Trinketa bera ere ezberdina izango da. Beraz, dena aldatzen da, eta ez dut uste partida hark erreferentzia gisa balioko duenik.

Zuek beraiek baino material biziagoa aukeratu duzue. Horrek zer esan nahi du, kintzea fite amaitu nahiko duzuela?

Ez, badakigu lana egin beharko dugula. Gure jokorako ziren pilotarik egokienak hartu genituen, besterik ez. Norgehiagoka ezin dugu fite amaitzera joan, aurrean Ibarrola izango dugulako. Beretzat Moderne trinket ona da, oso ongi moldatzen da, eta berari ezin diogu jokorik egiten utzi. Gure asmoa pilota atzean jarri, eta Ozafraini ahalik eta lanik handiena ematea izango da. Asmo horrekin joango gara, behintzat, nahiz eta hori partidaren arabera aldatu egin daitekeen.

Zuentzat zein momentutan heltzen da finala?

Nik uste dut onean heltzen dela. Ez finala bakarrik, uste dut lehiaketa osoan zehar maila onean aritu garela, eta partida onak egin ditugula. Ligaxkako azkeneko neurketa galdu genuen, baina horrek ez du ezer esan nahi. Orain final baten aurrean gaude, eta bai Etxeto eta baita ni ere sasoiko gaude.

Sakeak ere garrantzi handia izango du, ezta?

Bai, bai dudarik gabe. Ibarrolak min handia egiten du jokaldi horrekin, eta Modernen are eta gehiago. Tentuz ibili beharko dugu botearekin, bestela, oso kaltetuak atera gaitezke. Gu ere ahaleginduko gara hasierako jokaldi horrekin ahalik eta minik handiena egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo