GARA > Idatzia > > Kultura

Markos Zapiainek makina bat hedabidetan plazaratu dituen 123 idazki jaurti ditu «Talatik tiroka»

«Politika, sexua, filosofia, irakaskuntza, literatura, bere familia, erlijioa, futbola, psikoanalisia...», makina bat gaitan jarri du arreta Zapiainen «begirada aztiak eta esku jolastiak», eta saiakera laburretan eman du.

p042_f01_148x72.jpg

A. BILBAO | BILBO

Elkar argitaletxeak Eztabaida 17 atalean argitaratu berri duen Markos Zapiain irakaslearen «Talatik tiroka» liburua aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Editorearen arabera, lana «XXI. mendearen hasierako kronika atipikotzat ere har liteke», eta «zuzentasun politikotik urruti, baina gizarteko bidegabekeriak salatzeko gertu» koka daiteke.

«Lana» 123 idazkik osatzen dute, 2002a eta aurtengo martxoa artean hainbat hedabidetan argitaratuak. Gaiei dagokienez, asko dira Zapiainen arreta bereganatu eta landu dituenak: autobiografikoak eta hurbilekoei edo lanari buruzkoak dira batzuk, eta egunkari gisa antola daitezkeenak beste batzuk. Izan ere, eta egilearen beraren arabera, «liburuaz pentsatzen hasi ginenean, Xabier Mendiguren editoreak eta biok, idazkiak antolatzeko orduan irizpide kronologikoa barik egunkari gisa antolatzea pentsatu genuen, atalka banatua». Mendiguren editorea behin aipatuta, «lan izugarria egin du», aitortu du Zapiainek: «Izenburua berak asmatua da eta testuen aukeraketan ere bizi ibili da. Badut susmoa, nire izaera eta hizkera zozo-motela agresibitate puntu batez konpentsatzeko ez ote duen ipini `tiroka'».

Bermeoko Talan bizi da egun Zapiain eta bertako institutuan ematen ditu eskolak. Bestalde, «Talan dago eroetxea ere, eta bertako Kristino bi bider ageri da liburuan, batean Aita Santuaren aldean eta bestean Ibarretxerenean». Liburuan, inguruko demokrazien gabeziak ere aipagai ditu. «Demokraziak esan nahi du edonork daukala gobernatzeko eskubidea, Kristino barne. Maila berberean leudeke Ibarretxe, Aita Santua eta Kristino, eta horrexek eskandalizatu zuen Platon aristokrata». Beraz, «demokraziaren funtsa zozketa da», esan du zirikatzaile.

Metodoari dagokionez, berriz, «filosofian tradizio luze-sakona duten zenbait jarrera konbinatzen saiatu naiz: batetik, dialektika, baina Sokratesena, ez Hegelena, eta, bestetik, «metodo fenomenologikoa: aztergaiaz dakizuna kako artean kokatu, ahaztu, eta aztergaiaren bihotzean guztiz arraroa balitz bezala murgiltzen ahalegindu».

Irakasle legez, «16 urteko ikasleek ere badakite saiakera ez dela gehiegi saltzen», aitortu zuen Zapiainek: «Batek eMuletik jaitsiko duela esan zidan. Ez dago zereginik».

Fitxa

Egilea: Markos Zapiain.

Liburua: «Talatik tiroka».

Argitaletxea: Elkar.

Salneurria:

19,50 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo