Lander Garro idazlea
Txalo egitea
Latineko applaudere hitzetik dator, eta esku zarten bidez onespen publikoa emateko ekintza da, akaso umekeria kutsu halako bat duena, baina gure gizartean mundu guztiak aintzat hartzen duena. Esaten dutenez, normalean ordenarik gabe hasten gara txalo egiten, baina txaloaldia luzatu ahala, sinkronizatuz joateko joera dugu, gure ingurukoekin berdinduz. Batzuek eskuak bigunduta txalotzen dute, apenas gogorik gabe, ingurukoek entzuteak lotsatuko balitu bezala. Pixka bat barregarria da, txaloak berezko duen zaratatsu izatearen kontrakoa baita. Entzuten ez den txaloa, ez da txaloa. Beste batzuek, aldiz, eskuak mindu arte jotzen dituzte txaloak, masaren gainetik ‘bere txaloa’ entzutea nahiko balute bezala. Esku bateko lau hatzak (hatz lodiek ez dute txalorik egiten) eta bestearen esku ahurra ondo elkartuz, gainera, zarata handitzea lortzen da, eta emaitza ikusgarriak lor litezke, iskanbila ederrekoak. Txaloak hala jotzea ere ez da komeni, ez da, nola esan, noblea. Gregarioek eta fanatikoak egiten dute hori bereziki, unean uneko ‘liderraren’ lausengatzaileek edo losintxariek.
Txalo egiteko arrazoiak, jakina, oso ezberdinak izan litezke. Horretan definizio unibertsal bat adostea ezinezkoa da. Beharbada EAJko Erkoreka señoriari galdetuko bagenio, berak argibide batzuk emango lizkiguke, horren eklektikoa eta heterodoxoa denez. Ongi pentsatuta, beste egunean PPko señoriek eta PSOEko señoriek Sarko presidenteari jotako txaloak, neurri batean, PNVrentzat ere izan zitezkeen. PNV da Europa osoan bere herriaren etsaiei txalo egiten dien alderdi nazionalista bakarra. Eta inork ez dezala pentsa erraza denik.
Opera baten erdian oinekin txalo egitea bezala da: benetan zaila da, gogotik entrenatuta eta irudimena erabilita bakarrik lor liteke.