GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Tamilen aurkako isiltasun gorgarria

Tamil herriaren egoera jasangaitza ez da atzo goizekoa. Hari buruzko informazioa jasotzeko arazoa ez da distantzia handia, edo ez luke izan behar, baina han ez dago nazioarteko informatzailerik. Ez dago Sri Lankako Gobernuak ukatzen dituen zibilen hilketa masiboak salatuko dituen informatzaile mendebaldarrik. Hala ere, jakin nahi duenak badaki egoera ezin larriagoa dela. Colomboko Gobernuak ez du zibilak eraso guneetatik ateratzeko su-etenik onartzen, oraindik gune horietan 60.000tik gora zibil dauden arren, Nazio Batuen datuen arabera. Baina iheslarien egoera ere ez da askoz hobea, Gobernuaren kontrolpeko lurraldeetara jotzen badute, «harrera guneak» zain baitituzte. Kontzentrazio esparruak, alegia, eta ez tamilek hala esaten dietelako, baizik eta NBEren Giza Gaietarako arduradunak ikusitakoak izen hori duelako egokien.

Tamilek berek dioten bezala, lekukorik gabeko gerra da hura, ez baitago kanpoko lekukorik, Sri Lankako Gobernuak hedabideak ez ezik, giza laguntza ematen duten erakundeak ere kanporatu zituen-eta. Lekukorik gabeko gerra da, baina bertako giza hondamendia ezaguna da. Ez dago hemengo lekukorik, baina Mendebaldeak badaki han benetako genozidioa gertatzen ari dela. Eta ez da genozidioaren aurkako ahotsik entzuten, tamil herriko diasporarena izan ezik. Giza eskubideen gordailu omen den Europak, Iran edo Ipar Korea hitzetik hortzera salatzen dituen berberak, tamil herriaren aurkako genozidioaren aurrean aldeei su-etenerako dei mehe bat baino ez die egiten. Eta isiltasun hori dagoeneko Mendebaldearen ezaugarri den hipokrisiaren erakusgarri ozena da.

Tamil herriaren genozidioa dagoeneko egitatea da, eta Colomboren garaipen militarra ere gerta liteke. Hala ere, ezin esan liteke gatazka bat, arazo bat, konpontzen ari direla, hondamendia eragin dutela baizik. Nazioarteko komunitatearen begien aurrean. Hala ere, Mendebalde honen balio sistemaren arabera, estaturik gabeko herriek beren estatusa aldatu nahi dutenean, desagertzea gauza normala da, nonbait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo