GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Euskaraz bizi diren guneen aldeko apologia egin nahi dugu Ondarroan»

p016_f02_94x124.jpg

Unai Larreategi
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

Euskaraz bizi den herria irudikatuko du Euskal Herrian Euskaraz-ek igande honetan Ondarroan. Horrelako guneak izatearen garrantzia nabarmendu du Unai Larreategik eta hizkuntza eskubideen aldeko jaialdian parte hartzeko deia egin du.

Manex ALTUNA |

Azkenaldian puri-purian dabil euskararen gaia Euskal Herrian. PSEren eta PPren eskutik aldaketa izango da Lakuako Gobernuan, eta zalantza eta beldur ugari sortu dira Patxi Lopezek abian jar ditzakeen hizkuntz politiken gainean. Testuinguru horretan helduko da igande honetan, maiatzak 3, Ondarroan Euskal Herrian Euskaraz-ek antolatu duen VI. Hizkuntza Eskubideen Eguna.

Zein egoeratan daude hizkuntza eskubideak une honetan?

Orain dela aste batzuk Hizkuntza Eskubideen Behatokiak publiko egin zuen txostenean argi utzi zuen, azken zortzi urteetan errepikatu egiten direla hizkuntza eskubideen urraketak. Izan ere, eskubideen urraketak sistematikoak dira Euskal Herri osoan zehar eta ezin dugu normaltasun osoz euskaraz jardun.

«Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!» da aurtengo leloa, euskaraz bizi den herria delako aukeratu duzue Ondarroa hizkuntza eskubideen eguna ospatzeko?

Bai, Ondarroa bera zein Lea-Artibai eskualdeen moduko guneen beharrizana du euskarak eta, nolabait, euskaraz bizi diren guneen aldeko apologia egin nahi genuen. Azken urteetan administrazioetatik egin diren politikek ez dute horrelako guneak babesteko edo sortzeko ezer egin, eta batzuentzat euskara hutsez funtzionatzea desegokia den arren, guk mahai gainean ipini nahi genuen euskaraz bizi nahi dugula. Batez ere, erdal munduak ikus dezan euskaldunak badaudela eta horrela bizi nahi dugula.

Euskararen erabilera sustatzea da erronketako bat, ezta?

Gaur egun euskaraz bizitzea ez da erraza, asimilazio prozesu batean murgilduta gaude, eta ohituta gaude egunerokoan pertsona bati euskaraz zuzendutakoan «kristau eraz» hitz egiteko erantzutea edo beren eskubideak urratzen ari garela leporatzea. Miraria izan da euskara mantentzea aurre egin behar izan dion diglosia eta ezarpen egoera kontuan hartuta, eta ezin zaio euskaldunari ez erabiltzearen errua bota. Erabilera bultzatu behar da, baina ezagutza ere bai.

Hizkuntza politikak aipatu dituzu, nola ikusten duzu Legebiltzarreko hauteskundeen ondorengo egoera?

PPren eta PSEren arteko akordioa hizkuntza eta hezkuntzari begira jarri da, eta hizkuntza askatasunaz mintzo dira. Kontzeptu horren atzean euskaraz ez jakitearen apologia egiten da, eta horren atzean politika beldurgarriak egin daitezke. Nahi izanez gero, Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian bezala joka dezakete, baina ikusiko dugu.

Lakuako ordezkariak oso harro agertu dira azken 25 urteetan egindako ibilbideaz, zer iritzi duzue?

Euskara bigarren mailako hizkuntza da eta administrazioan oraindik euskaraz artatua izateko eskubidea urratu egiten da EAEn ere. Aurrerapausoak eman dira, baina ez da hitz egin nahi helburuez, ezta betetzeko jarritako epeez ere.

 

Askatasuna

«Hizkuntza askatasunaz mintzo dira PSE eta PP, baina kontzeptu horren atzean euskaraz ez jakitearen apologia egiten da, eta horrela politika beldurgarriak egin daitezke»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo