GARA > Idatzia > Kirolak > Bilbao Basket

ACB Liga

Bilbao Basket Vs Fuenlabrada: edo zortzigarren edo deus ez

Gipuzkoa Basketek gozatzeko astia izango du Illunben, Ricoh Manresaren aurka.

p035_f01_97x136.jpg

 

BILBAO BASKET-FUENLABRADA

GARA | BILBO

Neurketa askoren bezperan «balitz» eta «balego» erabili ohi dira egunkarietan, taldeen etorkizuna irabaziz gero, zein argia edo galduz gero, zein iluna izango den adierazteko. Sarritan, topikoak errepikatu baino ez dira egiten, baina askotan merezi du hala eginda ere, batik bat saria itxurazkoa bada.

Iurbentia Bilbao Basketen helburua zortzigarren postua eskuratzea izan da denboraldia hasi denez geroztik, baina gaur arratsaldean baino eskurago sekula ez du izan Txus Vidorretaren taldeak. Izan ere, behingoagatik, eta jardunaldi bakarraren faltan, garaipenaren ondorio zuzena izango litzateke bilatutako helburu hori betetzea. Hau da, Iurbentia Bilbao Basket zortzigarren izango da Fuenlabradari -bi puntu baino alde handiagoaz- irabazten badio.

Alabaina, Madrilgo taldea ez da badaezpadakoa. Joan den igandean Tau Baskoniari jipoia emanda dator eta, hori gutxi balitz, garaipena lortuz gero, bilbotarrak play offetatik at utziko lituzke behin betirako.

Hala ere, beltzezko gizonek aukera ezin hobea izango dute play offetako postuan kokatzeko. Hasteko, etxean jokatzen dute -denboraldi erregularreko azkenengo partida izango da gainera- eta 20.30ean La Casillara hurbilduko den jendeak ederki daki partidak zer-nolako garrantzia duen eta talde biek sailkapenean zein toki duten. Bestetik, aspaldiko partez, Txus Vidorretak taldea oso-osorik izango du, apendizitis ebakuntzatik erabat sendatu baita Drago Pasalic. Hegal-pibot kroaziarra ez da topera izango, baina bai jokatzeko moduan. Beraz, nahiz eta Hampl ere deialdian sartzekoa izan, barruko jokoa dezente indartuko zaio talde bilbotarrari.

Horrez gain, azken ordura arte ez da jakingo Oleson jokatzeko prest egongo den ala ez. Ondorioz, Luis Guilek entrenatzen duen taldearen oinarria Saul Blanco asturiarra izango da eta zaindu beharreko mehatxu «bakarra» izanik, Bilbao Basketek, berez, errazago geratu beharko luke madrildarren eraso jokoa.

Illunbeko jaia

Illunben, berriz, egundoko jaia ospatuko du Gipuzkoa Basketek. Beste urtebetez ACBen jokatzeko aukera bermatu ostean, Illunbe bete-bete egingo da partidak aurrera egin ahala -20.00etan hasiko da- eta Lasoren taldeak garaipenaz ospatu nahi du. Atsedenaldian, Gipuzkoa Basketeko presidente Gorka Ramonedak, Miguel Santos presidente ohiari urre eta harribitxizko oroigarri bat emango dio.

Donostiarrek Ricoh Manresa dute aurrean. Talde hau ere zortzigarren postua erdiesteko borrokan ari da, Bilbao Basketek adina garaipen baititu. Beraz, irabaziz gero, Lasoren taldeak mesede galanta egingo lioke Bilbao Basketi; igandean Salgadok egindakoa itzuliko luke, alegia.

«Taldeari liga irabazten laguntzera» dator Lucas

Atzo entrenatu zen John Lucas antolatzaile estatubatuarra Tau Baskoniako kide berriekin. Lansaioaren ostean, «taldeari txapelketa hau irabazten laguntzera» etorri dela aitortu zuen Ilievskyren baja betetzera etorri den jokalariak.

«Talde honetako kide berriak ahal bezain arinen ezagutu nahi ditut. Nire asmoa taldeak liga txapelketa hau irabaz dezan laguntzea da, eta horretarako taldeak eskatzen didan zernahi egiteko prest nago: saskiratu, jokoa banatu...», adierazi zuen. Sistemak ezagutzeko denbora apur bat izango du Lucasek, maiatzaren 9a arte ez du-eta neurketarik jokatuko talde arabarrak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo