NATOren eta Errusiaren arteko ika-mikek ez dute bakearekin zerikusirik
Errusiako presidente Dimitri Medvedevek «probokazioa lotsagabea» iritzi die NATOk hil honen 6tik aurrera Georgian egiteko asmoz antolatu dituen maniobrei. Hala adierazi zuen atzo errusiar presidenteak, Abkhaziaren eta Hego Osetiaren mugen kontrola eman dioten akordioak sinatu zituenean. Akordio horiek NATOren berehalako erantzuna eragin zuten, Errusiak joan den urtean Georgiako gerra bukatzeko Europar Batasunarekin sinatu zituen akordioen kontrakoak direla, eta bi lurralde horiek anexionatu nahi dituela esanez. Errusiak Abkhaziaren eta Hego Osetiaren mugen kontrola hartzeko pausoa, aldi berean, NATOk Georgian maniobrak antolatu izanari Errusiak emandako erantzun gisa interpreta liteke. Bestalde, NATOk bi diplomazialari errusiar egotzi izana -espioitza leporatuta-, Errusiako Kanpo Ministerioak, halaber, probokaziotzat jo, eta erantzuna iragarri du. Ez da oso ondo ulertzen, NATOren existentzia bakea eta segurtasuna bada, behin «Sobietar Batasunaren arriskua» desagertuta, zer dela-eta jarraitzen duen etengabe zabaltzen, Ekialderantz, hain zuzen. Edonola azalduta ere, ika-mika horiek ez dute bakearekin zerikusirik, norgehiagoka geopolitikoaren parte dira-eta.