GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Iruñeko euskaldunen iritzia jakin nahi dugu etorkizunari begira»

p024_f01_35125.jpg

Reyes Iraola
Karrikiri elkarteko kidea

Reyes Iraolak urte anitz darama Karrikiri Iruñerriko euskaldunen elkartean lanean. Aspaldion, berriz, laguntza falta handia sumatu dute elkartean egunez egun aritzen diren kideek. Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan bertako euskaldunak proiektuan parte hartzera anima daitezen.

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Karrikiri elkarteak dagoeneko 15 urte eman ditu Iruñeko euskal komunitatearen alde lan egiten. Urte horietan guztietan pertsona eta talde anitzen laguntza jaso badute ere, azkenaldi honetan jende falta sumatu dute eta, hori dela-eta hausnarketa sakon bat egiteko eta jendearen parte hartzea sustatzeko kanpaina bat jarri dute martxan.

Lehenik eta behin, zein helburu ditu Karrikiri elkarteak? Zein motako zerbitzuak eskaintzen dituzue?

Beno, Karrikiri Iruñeko euskal komunitatearen zerbitzura dagoen elkartea da. Euskaldunon parte hartze zabala, irekia eta eraikitzailea bultzatzen dugu, banatzen gaituzten gauza guztien gainetik, euskara gure arteko giltzarria izatea nahi dugulako. Talde heterogeneoa izan nahi dugu, bakoitzaren ideologia alde batera utzita. Horretaz gain, hiriko euskaldunen topagune ere bada Karrikiri, eta Xabier kalean dagoen lokalean zerbitzu anitz eskaintzen ditugu: euskal denda, informazio bulegoa, establezimendu euskaldunen errolda, euskarazko lan poltsa, pisukide euskaldunen arteko elkargunea, denda mugikorra, itzulpen zerbitzua, barnera begirako saioak eta euskaldun berrientzako mintza praktikak.

Azkenaldian, jende eta diru falta duzue. Zergatik?

Zaila da azaltzea. Arazo ekonomikoari dagokionez, denbora tarte txar bat igaro genuen, baina, zorionez, azken hilabeteotan bideratzea lortu dugu. Horrez gain, arrazoi ezberdinak direla medio, lehen asko etortzen ziren pertsona batzuek ezin izan dute gurekin jarraitu, eta haien ordez, ez da jende berririk sartu. Horregatik, hausnarketa sakon bat egin beharra zegoela ikusi genuen, eta Iruñeko euskaldun guztion parte hartzea sustatu behar zela erabaki genuen.

Hiri honetan 15.000 euskaldun gaude, baina batzuetan ez dugu elkar ezagutzen eta ez dakigu nola lan egin gure hizkuntzaren alde. Hori bera gertatzen zaie askori; lagundu nahi dutela baina ez dakitela nola. Guk 140 bazkide ditugu, baina gehienak ez dira gure egoitzara askotan etortzen. Kanpaina honekin helarazi nahi duguna da euskaldunon arteko zubiak eraikitzea oso garrantzitsua dela, baina horretarako guztiok gara giltzarri. Astero egiten ditugun bileretan zortzi bat lagun inguru bakarrik batzen gara, eta hain jende gutxiren artean zaila da lan guztia aurrera ateratzea. Haize berriak behar ditugu. Horretarako jardunaldi batzuk antolatu ditugu datorren maiatzaren 23rako.

Nora jo behar dute Karrikiriren proiektuan parte hartu nahi dutenek?

Karrikiri elkartean parte hartzeko hainbat modu daude. Lehen pauso gisa, www.karrikiri.org webgunean sartu eta bertan iritzia plazaratzeko aukera dago. Jardunaldien prestaketan laguntzeko, berriz, Xabier kaleko egoitzara hurbildu behar dute, edo, bestela, telefonoz deitu, eta bakoitzak zer eta nola lagundu dezakeen zehaztuko dugu.

Kanpaina hau iragartzeko modua oso originala izan da.

Bai. Otsaileko «Karrika» hilabetekarian gure bazkideei kanpaina honen inguruan zer edo zer aurreratu genien, datu batzuk jakinaraziz, eta martxoko alearekin jada benetako abisua eman nahi izan genuen; aldizkariko orri guztiak zurian utzi genituen, eta barnean irudi esanguratsu bat eta «zubi honetan zu ere giltzarri» leloa sartu genuen. Horrek jendearengan harridura eta jakin-mina piztu du eta jadanik lagun asko hurbildu dira egoitzara kanpaina berri horren inguruan galdezka. Orain gure helburu nagusia ekimen hau Iruñeko jendearen artean zabaltzea da.

Zein gai landuko dira jardunaldi horietan?

Datorren maiatzaren 23an eginen diren jardunaldietara etortzen diren pertsonei emango zaie hitza, eta Karrikiri elkartearen etorkizuna nola ikusten duten galdetuko diegu. Guztion iritziak eta proposamenak entzun nahi ditugu. Denon artean erabaki behar ditugu Karrikiriren nondik norakoak. Dena dela, jardunaldiei ukitu ludikoa eman nahi diegu, jendearentzat hain astunak izan ez daitezen. Esaterako, hamaiketakoa eskainiko dugu. Bilerak goizeko hamarretatik eguerdiko ordu biak arte iraungo du Joakin Beunza kalean dagoen Euskal Kultur mintegian.

 

jende falta

«Azkenaldian, arrazoi ezberdinak direla medio, batzuek ezin izan dute jarraitu, baina haien ordez, ez da jende berririk sartu»

jardunaldiak

«Iruñeko euskaldunen iritziak eta asmoak jakiteko jardunaldiak egingo ditugu maiatzaren 23an»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo