Munduko gatazketako preso politikoen egoera aztertu du PATek
GARA |
Gatazka politikoren bat bizi duten herrialdeetan preso politikoek jasaten duten errepresioak antzekotasun nabarmenak dituela frogatu zuten atzo, «Preso politikoak XXI. mendean'' goiburupean PATek antolatutako mahai-inguruan. Presoen sakabanaketa, bakartzea, bai eta senide eta herritarrek presoei eskaintzen dieten elkartasuna deuseztatzea ere, munduko hainbat gatazkatan indarrean daudela ondorioztatu zuten.
Saharako, Kurdistango eta Palestinako gatazkan adituak diren pertsonak eta euskal preso politiko ohi Mitxel Sarasketa izan ziren hizlari. Palestinan 11.000 preso politiko daudela ekarri zuten gogora eta gehienak Israelgo Estatuan daudela nabarmendu. Saharako hainbat preso euren herrietatik 2.000 kilometrora daudela ere aipatu zuten.
Elkartasuna «ezabatzeko» saiakerari, «jendea informatuz eta presioa indartuz erantzun» behar zaiola ondorioztatu zuten.