Langileen mugikortasuna bultzatzea proposatu dute lanaren inguruko goi bileran
Enplegua ardatz hartuta, goi bilera egin zuten atzo, Pragan, Europar Batasuneko ordezkari gutxi batzuek. Bilera iragarri zutenean lana babestea lehentasunezko auzia dela esan bazuten ere, ez dute neurri zehatzik adostu eta proposaturikoak soilik langileei zuzendurikoak dira.
GARA |
Europar Batasunak enpleguaren inguruko goi bilera egin zuen atzo Pragan. Hasiera batean, EB osatzen duten 27 estatuek parte hartuko zutela iragarri zuten, baina azkenean ordezkari gutxi batzuk eta Europako patronatu eta sindikatuetako ordezkariak izan dira soilik.
Bileraren emaitza, hamar proposamen biltzen dituen zerrenda izan da. Ekainean estatu buruzagiek egingo duten bileran aztertzeko asmoa dute.
Bileraren ondorioen artean, lana babesteko hainbat neurri proposatu dituzte atzoko goi bilerako parte hartzaileek: besteak beste, jarrera enpresariala eta enplegua sustatzea, zeharkako lan kostuak gutxituz nahiz langileen mugikortasuna erraztuz; eta lanaldiaren aldi baterako murrizketa egitea.
Mirek Topolanek, Txekiako lehen ministro eta egungo EBko Presidentetzako buruak, krisia gainditzeko munduko komertzioaren liberalizaziorantz jo behar dela adierazi zuen. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak, berriz, EBk enplegu suntsiketa gutxitu eta milaka laguni lan hobea aurkitzen laguntzeko aukera izango duela esan zuen, baldin eta estatu nahiz Europa mailan neurri egokiak hartzen badira.
John Monks Europako Sindikatuen Konfederazioko idazkari nagusiaren iritziz ere, Europar Batasunean badaude krisi ekonomikoari aurre egiteko nahikoa tresna, baina beharrezkoa da «era egokian eta elkarlanean erabiltzea». Behar diren aldaketa estrukturalak egiteko anbizio handiagoa eskatu zuen, bestela «egoera okertu» egingo dela ohartarazi zuen.
Lanari buruzko goi bilera otsailean iragarri zuten. Maiatzean egin, eta ez dute neurri zehatzik adostu; ekainean proposamenak eztabaidatuko dituzte, antza. Bitartean, langabezia gora egiten ari da Europa osoan.
Lana babesteko jarrera enpresariala bultzatzea, langileen mugikortasuna erraztea, lan kostuak gutxitzea eta lanaldiak murriztea proposatu dute.