GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Rimbaud punkaren muinean

Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea

Maiz sartzen gara eztabaida antzuetan. Eztabaidatzeagatik eztabaidatzea, bizitzako alor bat bera ere ez da salbu. Elkarrizketa beroak, sutsuak, eta sarri ukabilkada edo zaplastako batek zeharkatzen du airea. Bihotzarekin, dena den, gero eta gauza gutxiago bizi ditugu. Erroetara gutxitan jaisten gara, eta gehienetan, azalkerian baino ez gara geratzen.

Rockaren historia horrelako gertakizunez lepo beteta dago. Musika talde bakoitzak bere mundua defendatu behar du eta, sarri, mundu txiki askoren talka dator. Taldeak eta euren jarraitzaileak eta beste talde eta lagunen arteko borrokak sortzen dira. Eztabaida beroen beste adibide bat punkaren sorreran aurki dezakegu. Europa, Amerikaren aurka. Batetik, Sex Pistols-en aldekoak; bestetik, New York Dolls edo Stooges taldeen aldekoak. Nork asmatu zuen punka? Non asmatu zen punk musika estiloa? Zein izan zen lehen punk taldea? Musikaren historiari buelta bat ematea beti datorkigu ongi. Berriro eroriko al gara eztabaida antzuetan? Amerikatik zetorren rockaren haize berri, zikin, zaratatsu eta drogaren mendera eroriena. Azkar esan beharra zegoen guztia, gehienez hiru minutuan. Zerbait egin aurretik, ordea, drogak hartzea zen estreinako gauza. Drogarik gabe ezin da ulertu 70eko hamarkadan gertatu zena. Beste horrenbeste gertatzen zen talde ingelesekin, baina hauek, New Yorken, ustez, gertatzen ari zena kontuan hartuta funtzionatzen zuten, eta gainera, interpretazio hori puztu egiten zuten.

Heartbreakers, Television versus Clash, Damned. Ameriketan minaren muinetik, Inglaterran amorrutik. Punk hitzaren lehenetariko agerraldia (1975) izen bereko New York-eko aldizkari batetik dator. 1996an aldizkariaren sortzaileetako batek (Legs McNeil) «Please kill me» punkaren ahozko historiaren liburu bikaina idatzi zuen. William Burroughs idazleak «Yonki» liburuan punk gazteak aipatzen ditu eta hortik omen dator. Lou Reed punkaren aita pontekotzat jotzen dute. Patti Smith abeslariak Rimbaud lehen punk idazletzat hartu zuen orain dela urte pare bat. Lehen punk honetan (Rimbaud) hippy, xaman, beatniks eta abar (Bob Dylan, Jim Morrison, Herry Miller, Burroughs) oinarritu ziren.

Rimbaud lehen punk idazlea izanik, punkarekin zerikusi handia izan duten beste hainbat artistarengan eragin zuzuena izan du. Mikel Laboak «Lizardi» abestian aipamena egiten dio. Letra Atxagak idatzi zuen. Berea da ere Etiopia liburua eta Rimbauden poema batean dago oinarritua. Mikel Lasak Rimbauden «Une saison en enfer» itzuli zuen «Denboraldi bat infernuan» izenburupean, 1991n. Euskal Herriko rock edo punk mugimenduan Rimbaudek ez du izan mireslerik. Hau dena abangoardia al da? Rimbaudek abangoardia gorroto zuen: ezin ditugu gure jantzi zahar eta zikin hauek abangoardian lohitu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo