Aipagarriak
Munduko kulturen leihoa bosgarrenez Eskoriatzan irekiko da
Bosgarren urtez, Mundumira jaialdiak Debagoienera eramango ditu nazioarteko makina bat herrialdetako kultura, musika eta gastronomia, eta Euskal Herrikoen erakuslehio ere izango da. Aurten, Eskoriatzak hartuko du iaz Bergarak utzitako lekukoa eta, urtero legez, kulturen arteko festa bultzatzea izango du helburu. Musika eskaintzaren kalitateak ere ez du behera egin; kartel nagusia Macaco, 17 Hippies, Romina Goshtasbi, Korrontzi eta Zura taldeek osatzen dute.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Kalea. Kalea izango da bosgarren urtez Mundumira jaialdiaren abiapuntu nagusia. Arrasate, Oñati, Aretxabaleta eta Bergaratik igaro ondoren, maiatzaren 22tik 24ra Eskoriatzako karrikak hartuko ditu munduko kulturen festak. «Euskal Herria» aldizkariak eta Debagoieneko Mankomunitateak bultzatuta, Mundumirak hasieratik izan duen filosofia berari eutsiko dio aurten ere. Kike Zinkunegi aldizkariaren zuzendariak azaldu zuenez, «paperean erakutsi ohi duguna asteburu bat irauten duen festan erakusten jarraitzen dugu». Premisa horretatik abiatuta, topaketaren eskaintzak aurreko urteetan izandakoaren maila bera, edo hobea, izaten jarraitzen du. «Festa handi bat da -esan zuen-, bere osotasunean gauza asko uztartzen dituena, eta jende guztiarentzat aproposa dena».
Mendia, natura, bidaiak eta kultura dira, era xumean, hiru egunez bisitariak ezagutu ahal izango dituenak. Sakonago begiratuta, ordea, hamaika proposamen eta berritasun biltzen ditu. Besteen artean, mendi azoka, artisau azoka, munduko jaki desberdinak dastatzeko aukera eskainiko duten 15 gastronomia postu, eta Eskoriatzako kaleetan zehar barreiatuko diren ehun salmahai baino gehiago izango dira. Gizarte ekimenek aurten ere garrantzi berezia izango dute jaialdian; horrela, promozioko elastiko bakoitzeko hiru euro gobernuz kanpoko erakundeen hiru egitasmotara bideratuko dira, besteak beste.
Macaco, kontzertu nagusi
Munduko musiken eskaintza izan ohi da Mundumirari erakargarritasun berezia ematen dion ezaugarria, eta aurten gonbidatutako taldeek ez dute kalitatea jaitsiko. Gin Tonic-en laguntzarekin, Eskoriatza Euskal Herriko zein nazioarteko musika talde garrantzitsuenen topagune bilakatuko da. Hala, jaialdiko kontzertu nagusia Macaco talde kataluniarrak eskainiko du eta, gainera, agertoki berri batean egingo du zuzenekoa. Sergio Cruzado Gin Tonic-eko kideak zehaztu zuenez, kontzertu guztiak Eskoriatzako plazan ezarriko den Mundumira agertokian egingo dira eta, Macacorena, Unibertsitateko aparkalekuan jarriko den Elkar agertokian, jende eta toki arazoei irtenbidea emate aldera.
Nolanahi ere, kataluniarrena ez da lehendabiziko emanaldia izango. Jaialdia kultura desberdinen arteko bidaia batekin hasiko da eta Korrontzirekin egingo dira lehenengo kilometroak. Bere esanetan, «musika tradizionala ikuspegi garaikide batetik egiten duen talde garrantzitsuenetako bat da» eta mundu osoan zehar dabiltza hainbat jaialditan parte hartzen. Beste euskal taldeetako bat Zura izango da, Xabi Strubellen gidaritzapean, eta bossa nova eta erritmo brasildar eta portugaldarrak baliatzen dituen disko berria aurkeztuko dute. Nazioartetik 17 Hippies talde alemaniarra izango da beste gonbidatuetako bat, eta Balkanetako musikaren eta Europako doinuen bateratzea dakarte. Horiez guztiez gain, Senegal, Aragoi, Brasil, Venezuela, Uruguai, Estatu frantsesa, Aljeria, Argentina eta Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako taldeak gonbidatu dituzte.
Kontzertuez gain, hitzaldiak, irteerak, kale antzerkia eta beste hainbat ekimen antolatu dituzte, baita autokarabanen topaketa bat ere. Horretarako, aparkaleku berezi bat atonduko dute herrian, baina lekua mugatua izango dela ohartarazi dute. Eskoriatza herri txikia dela jakinda eta aurreko urteetako arrakasta errepikatuko den itxaropenez, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko gomendatu dute, trafiko arazoak murrizteko. Horretarako, autobus zerbitzu bereziak jarriko dira, bai egunez, bai eta gauez ere.